Lagun eta hasiberrien artekoa

Lagun eta hasiberrien artekoa

Olatz Silva Rodrigo

Harriak prest. Aizkorak enborren ondoan etzanda. Txingak ere badaude plazan. Mungiarrek eta mallabitarrek topaketa izango dute Arrietan, bihar. Herri kiroletako bost proba egingo dituzte Gatikako Aitor Fuldainek eta Mungiako Xabier Sabalzak, Mallabiako Aitor Garitagoitia eta Gartxot Mugarzaren aurka. Kolore gorriaren alde egingo dute mungiarrek. Mallabitarrek, ordea, kolore urdinaren alde. Parte hartzaile guztiak dira “hasiberriak”. Ez dute inoiz herri kirolik egin. Pentatloi desafioa 12:30ean hasiko dute.

“Ni baserri munduan bizi naiz, eta ariketa fisikoa egunero egiten dut”, azaldu du Sabalzak. “Aitor [Fuldain] ere errugbian ibili da pixka bat, eta gimnasioan ere beste pixka bat, baina ez hura eta ez ni, ez gara kirolariak”. Gauza bera esan du Mallabiko Mugarzak: “Ez dugu sekula herri kirolik egin”. Mugarzak Txindoki mendia (Gipuzkoa) nork azkarrago igo eta jaitsi apustua egin zuen 2018an, baina beste hirurek ez dute inoiz horrelako desafiorik egin.

Lagunak dira laurak. Eta Ioritz eta Jon Gisasola herri kirolarien lagunak ere badira. “Aitor haien baserrira joan zen behin, probatzera, eta gero afaria egin genuen”, azaldu du Sabalzak. Afari horretan, “apustua gora eta apustua behera” ibili ziren, eta Sabalzak esan zuen bera ere probatzera joango zela: “Ikusten banuen zerbait egin zitekeela, botako nuen apustua”. Eta horrela izan zen.

Desafioak bost proba izango ditu: 30 jasoaldi 63 kiloko bolari, giza proban lau plaza 250 kiloko harriarekin, 45 ontzako bi enbor moztu, lau plaza 50 kiloko txingak eskuetan hartuta, eta, amaitzeko, korrika egin behar izango dute, bi kilometro. “Ordu erdi inguru iraungo du desafioak”, esan du Mugarzak. Eta Sabalzak adierazi du “asko jota ordubete” izango dela, ez dutelakoan gehiago aguantatuko. Alde bakoitzetik lagun bat epaile izateko asmoa dute.

Duela bi hilabete adostu zuten desafioa. Ordutik, entrenatzen ibili dira. Mallabian entrenatu dira, Jon eta Ioritz Gisasolarekin, Zelai baserrian. “Gisasolatarrek saga familiarra daukate, eta asko ibiltzen dira pentatloietan eta herri kiroletan”, adierazi du Sabalzak.

Hasieran, laurak batera entrenatzen hasi ziren, entrenatzaile modura ibiliko ziren bi lagunak ez zituztelako asko lanpetu nahi. “Astean behin joan gara entrenatzera”, aitortu du Sabalzak. “Saiatu gara hori errespetatzen, behintzat”. Azken hiru asteetan, ordea, aldatu egin dute dinamika. Bikote bakoitza bere kabuz ibili da. Zozketa egin, eta bikote bakoitzak entrenatzaile bat izan du. Mallabitarrak Ioritzekin ibili dira, eta mungiarrak, Jonekin. Lehiakortasuna areagotu nahi izan dute horrela. “Pixka bat ezkutuan ibili gara, besteen denborak ez jakiteko”, azaldu du Mugarzak. Azken aste honetan, “suabe-suabe” entrenatu direla esan du mallabitarrak, “energia gordetzeko”. Eta gehitu du bi hilabete hauetan nabaritu dutela hobekuntza. “Behintzat, barregarri ez gara geratuko”, dio Sabalzak. Gisasolatarrak Arrietan izango dira bihar, bikoteak laguntzen, Sabalzak adierazi duenez, “batez ere, egurra mozteko orduan eta harria botatzeko orduan”.

500 euro daude jokoan. Galtzen duen bikoteak 50 lagunen bazkaria ordaindu beharko du. “Bikote bakoitzak 25 laguneko zerrenda bat prestatu du, egun horretan bazkarira joango direnak”, jakinarazi du Sabalzak. “Hala ere, hori gutxienekoa da”, gehitu du Mugarzak. Kirol desafio bat baino gehiago, jai giroan ospatuko duten lehiaketa izango baita.

Pentatloi desafioa

Oihartzun handia

Desafioak espero zutena baino oihartzun handiagoa lortu du. “Kuadrilla bakoitzeko lagun batzuk besterik ez genituen espero, baina badirudi jende gehiago agertuko dela. Komunikabide bat ere entrenamenduetara etorri da”, nabarmendu du Sabalzak. “Beste dimentsio bat hartzen ari da”. Inguruko jendea espero dute Arrietan bihar. “Lagunartekoa izango da; beraz, datorrena disfrutatzera etor dadila”. Lagunek ere apustuak egin dituzte euren artean. Egun osoa batera pasatzeko asmoa dute. “Bazkaldu ostean, Durangora joango gara, azoka dagoela aprobetxatuz”, esan du Sabalzak.

Sabalzak berak argi aipatu du beraiek irabaziko dutela. Zalantzekin ezin direla joan azpimarratu du, nahiz eta onartu beste bikotea “oso indartsu” dagoela. Mugarzak, ordea, uste du antzera ibiliko direla. Desafioaren ostean, ez dute uste entrenatzen jarraituko dutenik. “Agian, beste noizbait beste zerbait aterako da, baina, oraingoz, ez dut uste”, adierazi du Mugarzak. Sabalzak ere ez du pentsatzen gehiago entrenatuko direnik: “Galtzen badugu, errebantxa bota beharko dugu, baina irabazten badugu, ezer ez”.