Olatz Enzunza Mallona
Arte garaikidearen aitzindari izan da betidanik Bilboko Rekalde aretoa. 1991. urtean zabaldu zituen lehenengoz ateak, eta, ordutik, gaur egungo arte jarduerak herritarrei erakustea izan du helburu, Asier Madarieta Bizkaiko Foru Aldundiko museoen arduradunak esan duenez: “Arte garaikidearen ezagutza, harrera eta zabalkundea izan dira gure xedeak urte hauetan guztietan. Hau da, herritarrei arte garaikidea zer zen erakustea eta hura hedatzea”. Iaz bete zituen 30 urte espazioak, baina aurrerantzean ere arte komunitatearen topaleku izateko asmoa dute.
Hiru hamarkada hauetan, haziz joan da Rekalde aretoa. Aldi baterako berrehun erakusketatik gora antolatu dituzte, eta, horrekin batera, hainbat izan dira bertatik igarotako artistak. “Ez bakarrik artista ezagunak eta esperientziadunak, baita artista gazteak eta hasiberriak ere”, argitu du Madarietak. Barriek izeneko programa da horren erakusgarri. Bizkaiko Foru Aldundiaren programa bat da Barriek, eta aldundiaren arte plastikoen eta ikusizko arteen bekak jaso dituzten artisten lanak plazaratzen dira haren bitartez. Artista horiek banan-banan aurkezten dituzte beren obrak Rekalde aretoko erakusleihoan, bi hilabetez.
800 metro koadroko espazioa hiru eremutan banatuta dago: kalera ematen duen erakusleihoa dago, batetik; sarrerako espazioa edo hall-a, bestetik; eta areto nagusia ere badago. Erakusketa gehienak areto nagusian egiten direla kontatu du Madarietak, baina halla ere erabiltzen dute bestelako jarduerak egiteko: besteak beste, erakusketak, eztabaida saioak, bideo emanaldiak, hitzaldiak eta performanceak egiteko. Erakusleihoa, berriz, Barriek programako artisten lanak erakusteko erabiltzen da nagusiki: “Sala txiki bat da; kaletik begiratu daiteke”.
Hala ere, guneek erabilera “funtzionala” dutela nabarmendu du Madarietak, eta, erakusketaren arabera, tokia moldatuz joaten dira.
Gogoeta egiteko garaia
Normalean, erakusketa bat egon ohi da ikusgai eremu horietako bakoitzean. Gaur egun, baina, bakarra dago erakusgai: Pikete tuning. M. Benito Piriz artistaren lana da, eta estetika urbanoko elementuak erabili ditu erakusketa osatzeko. Besteak beste, oversize jantziak, sneakers zapatak, lumazko anorakak eta tatuajeak. “Pikete hitzak outfit-ari egiten dio erreferentzia, eta tuning hitza, berriz, estetikarekin lotuta dago; esan nahi du zerbaiten itxura aldatzea, nire gustukoa izan dadin”, azaldu du artistak. Barriek programako sarituetako bat izan da, eta urtarrilaren 15era arte bisitatu ahal izango da.
Areto nagusiko erakusketa, berriz, abendu hasierarako prest izatea espero dute: “Muntatzeko lanetan dabiltza”. Ertibil 40 erakusketa izango da. Bizkaiko Foru Aldundiak 1983tik antolatzen duen lehiaketa da Ertibil, eta, areto nagusian, parte hartzaileen lanak egongo dira ikusgai. Arte bisualen erakusketa ibiltari bat da.
Orain, baina, atzera begiratu eta balorazioa egiteko garaia dela kontatu du Madarietak: “Hausnarketa prozesu bete-betean gaude”. Arte garaikideetan aitzindariak dira, baina hobetu beharreko kontuak ere badituzte: “Indarguneak eta ahuleziak zerrendatu eta proiektuari buelta bat emateko garaia da”. Dena den, argi dute hezkuntza programa bere horretan mantendu nahi dutela aurrerantzean ere: “Indar handiko proiektua da, eta gero ere hala izatea nahi dugu”.