Bizkaiak eman zion ohorezko titulua galdu du Francok

2012. urtea hasi eta Francisco Franco Espainiako diktadorea oraindik lehenengo ohorezko bizkaitar legez izendatuta zegoen. Joan den martitzenean, baina, ohore hori bertan behera utzi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak.

Duela 62 urte semetzat hartutako lehenengo ohorezko bizkaitar izendatu zuen orduko Bizkaiko Probintzia Diputazioak. Erakundearen ohoreen zerrendan garrantzitsuena da Francori 1950. urtean eman ziotena.

Bizkaiko Batzar Nagusiek 2000. urtean eskatu zuten titulu horiek bertan behera uztea. Urte hartan, baina, ez zuten erabaki hori hartu. Atzeratuta zeuden espedienteak berrikusten ari zirela Batzar Nagusien eskaera gauzatu gabe zegoela ikusi ostean eman du aldundiak pauso hori.

Juan Mari Aburto aldundiko bozeramaileak azaldu du: “Erabaki hori hartu behar genuela pentsatu dugu, orduko izendapen hura zaharkitua eta demokraziaren kontrakoa zela iritzita”. Memoria Historikoaren Legearen eskakizunei begiratuta bideratu dute ebazpena.

Besteak beste, altxamendu militarra, 1936ko gerra eta Francok gerra haren ostean ezarritako diktadura goraipatzen dituzten ikur oro kendu beharrekoak direla dio legeak. Hala ere, gaur egun, oraindik, Bizkaiko kaleetan garai haiek goraipatzen dituzten ikur ugari daude. Besteak beste, Abadiñoko Udalari oraintsu eskatu diote herrian dauden 35 plaka frankista ken ditzan. Hain zuzen, 1950. eta 1970. urteen artean egindako eraikinetan Etxebizitzaren Institutu Nazionalak jarritako plakak dira aipatutakoak. Abadiñoko Bildu koalizioak egin du plakok kentzeko eskaera.