Aitziber Laskibar Lizarribar
Iazko uztailaren 1ean sartu zen indarrean mozal legea deritzon Herritarren Segurtasunerako Legea; gaur urtebete. Eta Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformaren esanetan, eskubideek gainbehera egin dute ordutik. “Batetik eskubide sozialak lapurtzen dizkigute, eta bestetik, eskubide horien alde borrokatzeko eskubidea kentzen digute”, laburbildu du Maialen Iturregi plataformako kideak. Protesta egitea ere debekatuta dagoela ohartarazi du.
Esanguratsuak dira datuak: urtebetean Ertzaintzak 1.907 lagun zigortu ditu Bizkaian araudi berria ezarrita. Horietako 345 aginteari errespetu falta izan diotela argudiatuta zigortu dituzte, datu ofizialen arabera; 66 lagun, higiezinak okupatu dituztelakoan; 61 aginteari erresistentzia egitea egotzita; 43, nahasmen publikoa eragitea leporatuta. Besteak beste. Horiei, gainontzeko poliziek eta udaltzainek jarritako zigorrak gehitu behar zaizkie. Ehunka dira, eta zenbatu gabe ditu plataformak.
Egoeraren azalpen kritikoa egin du eskubide sozial eta politikoen alde jarduten duten 17 elkarte biltzen dituen taldeak. Azken urteetan, “sistemak berak sortutako krisiaren aitzakian”, lehendik ere urriak ziren eskubideen “galera sistematikoa” eragin dela ohartarazi du plataformak. Langile eskubideak, osasunerakoa, hezkuntzarakoa, etxebizitzarakoa eta abar gainbehera daudela. Ondorioz, jendea protesta egitera kalera atera dela azaldu du Iturregik, eta, horri aurre egiteko, “legeak birformulatu eta zigor kodea estutzeko bidea” hartu dela. Ondorioz, mobilizazioak “are gehiago kriminalizatu” dituztela dio plataformak. Eskubideen alde borrokatzeko eskubidea desagerrarazi dutela.
Lege eta interpretazio berriekin, herritarren protestak zigortzen ari direla salatu du. Eta horrek bide arriskutsua zabaldu duela: “Nahikoa da polizia batek delitu bat egiteko arriskua ikustea delitua bera gertatzeko beharrik gabe. Hartara, ez dira gertakariak soilik kriminalizatuko, baita zenbait giza talde ere: migranteak, aktibistak, baliabiderik gabekoak, edo horiei elkartasuna adierazten dien edozein”.
Plataformak uste du neurri horien helburua dela “beldurra, zigorra eta errepresioa” erabilita mobilizazioak desagerraraztea. Dio, hala ere, hori ez dela berria Euskal Herrian. “Urte luzeetan izan gara herritarren erantzuna isilaraztea helburu zuten halako neurrien laborategia”. Horri era kolektiboan aurre egin izan zaiola dio, eta horixe egin behar dela orain ere. Erantzuna areagotu eta indartu behar dela: “Dei egiten dugu neurri bidegabe horien aurrean beldurra galtzera eta desobeditzera”. Bide horretan, mobilizazioa antolatu dute gaurko, Mozal legeak. Lege injustuak desobeditu lelopean. 10:15ean abiatuko da protesta Plaza Eliptikoan.
Espainiako Gobernuari ere mintzatu zaizkio: salatutako lege eta zigorrek herritarren askatasuna ukatzen dutela ohartarazi, eta berehala indargabetu ditzala eskatu diote. Indargabetzea heldu bitartean, “lege bidegabe” horiek ez ezartzeko eskatu diete zigorrak jartzen ari diren Eusko Jaurlaritzari zein udalei. Bere burua lege horiekiko intsumisotzat jo dezatela, eta ez dezatela inor zigortu protesta egite soilagatik.
Eusko Legebiltzarrak horixe erabaki berri du. Baina plataforma ez da erabat fio: “Ea egia den”, dio David Gonzalez plataformako kideak. Jakinarazi du adi egongo direla egiaztatzeko Ertzaintzak ez duela inor zigortzen mozal legea oinarri hartuta.
Arrazakeriak bultzatuta
Lege hori ezarrita, zigorrak jaso dituzten hainbat herritarrekin agertu da plataforma. Munia Ahachami 28 urteko emakume marokoarrak, esaterako, 700 euroko isuna jaso du, sei urteko semea eta beste ume bat borrokan hasi direla eta. Beste haurraren aitak Ahachami eta haren semea jo zituzten, eta irain arrazistekin laidotu. Jarrera salatu zuenean jaso zuen marokoarrak isuna.
Boli Kostako jatorria duen Deza Eloge Wopok San Frantziskoko Fleming plazan jaso zuen zigorra. Bertan du lanpostua, jaki tropikalen denda batean. “Haize pixka bat hartzera atera nintzen, atseden hartzera. Bi pertsona etorri zitzaizkidan, modu zakarrean dokumentazioa eskatu zidaten, eta miatu egin ninduten. Ea nortzuk ziren galdetu nien, eta ea zergatik zetozen horrela. Galderak eurek egiten zituztela esan zidaten, eta isuna jarriko zidatela. ‘Horregatik? Galdetzeagatik?’, esan nien. ‘Bai'”. 419 euroko isuna jaso zuen; berehala ez ordaintzekotan 600 euro baino gehiagokoa bihurtuko zena. Helegitea jarria du Wopok, baina esperantza gutxirekin: “Beltz bat ikusten dute, eta kito. Ahotsik gabekoak gara. Ezin dugu ezer esan. Eurek diotena izango da eta kito”.