A. Igartua Aristondo
XVI. eta XVII. mendeak urrezko garaia izan ziren Enkarterriko eskualdearentzat, Arantzazu Luzarraga arkitektoaren hitzei erreparatuta. Izan ere, Gaztelako artilea eta bestelako produktuak esportatzen ziren handik, eta jarduera horrek diru mordoa ekarri zuen eremura. Baina urrun daude dagoeneko mende eta aberastasun horiek; geroztik, Enkarterri “apur bat hilik” geratu da, baina berreskuratu daitekeen lurralde bat dela iruditzen zaio arkitektoari. Afera aztergai dute Bia forumean.
Lurralde “berezia” da, Luzarragaren hitzetan. Batetik, Bilbotik oso hurbil dagoelako, distantzia fisikoa oso txikia baita, eta ezaugarri horretatik etekina atera daitekeela uste du arkitektoak; baina, bestetik, hurbiltasun horrek badu ifrentzua ere, eskualdeak oso bizilagun gutxi baititu. “Hango herriek euren biztanleria galdu dute, hirira joan direlako edo beste leku batzuetara, ikasteko, lan bila….”. Gainera, populazio “zaharkitua” dauka: nahiz eta nekazaritza eta abeltzaintza ustiategi asko egon, ez da ematen ari belaunaldien arteko errelebo bat. “Haientzat nahiko traumatikoa da, husten ari delako”.
Kontrasteak daude, orobat, tamainari dagokionez, eskualdeak biltzen baititu bai Bizkaiko herririk handiena —Karrantzako harana, 138 kilometro koadroko eremua duena—, baita txikiena ere —Lanestosa, 1,25 kilometrokoa—.
Aspaldian igaro zen Enkarterriko urrezko aroa, eta, gaur-gaurkoz, eremuak erronka asko dituela uste du Luzarragak; baina “aukerak” ere ez dira gutxi, arkitektoaren irudiko. Eta, pandemiarekin, berpizte txiki bat izan du. “Telelanarekin, jende askok zera ikusi zuen: etxean denbora asko pasatu behar izatekotan, agian behar direla beste ezaugarri batzuk dituzten etxeak; espazio handiagokoak, adibidez. Enkarterrin badaude etxe handiak, are jauregiak ere, oso prezio merkean saltzen ari direnak”. Azpiegituretan legoke buruhaustea, ordea. “Interneteko konexioa, adibidez; eta haurrak eskolara joateko, ume asko ez badago, bildu behar dira, autobus bat hartu eta herri handiago batera joan”.
Enkarterrirekin zer egin
Ezaugarriok aintzat hartuta, Bia forumak eskualdeari erreparatuko dio aurten, ikuspegi praktiko batetik. Nafarroako Arkitektura eskolan Hiri Berroneratze ikasgaiko hainbat ikasleren ekarpenak bildu, eta ostiraleko mahai inguruan aurkeztu eta eztabaidatuko dituzte. Atzo eta herenegun, ikasleek euren proiektuak aurkeztu zituzten, Elkar-terri izeneko tailerrean —Luzarraga da arduraduna—. Neurrien artean, badaude turismoarekin lotuagoak, bide berdeak eta antzekoak garatzea proposatu baitute, adibidez; etxebizitzen birgaitzea ere jasotzen dute ekinbideetako bestetzuk. Eta, aukeren ildotik, Ortuellako Elikadura Campusa: Merkabilbao Basauritik Ortuellara lekualdatzearekin batera, elikaduraren inguruko parke bat eraiki nahi du han Eusko Jaurlaritzak. Horri heldu diote zenbaitek.