“Zerbitzuak eta bizi kalitatea babesteko” aurrekontua

“Zerbitzuak eta bizi kalitatea babesteko” aurrekontua

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko Foru Ogasunak 9.808,1 milioi euro izango ditu datorren urtean; hau da, aurten baino %10,4 gehiago. Haren inoizko kopururik handiena da. Beste erakundeei eman beharrekoa, zorra ordaintzeko erabiliko dutena eta diputazioko langileen soldatak kenduta, Bizkaiko Foru Aldundia osatzen duten bederatzi sailei 1.540,5 miloi euro geratuko zaizkie, bakoitzak bere barne aurrekontua osatzeko; aurten baino %5,5 gehiago da. Beraz, diputazioak inbertituko duen diru kopurua eta beste erakundeek jasoko dutena ez dira neurri berean handituko.

Unai Rementeria ahaldun nagusiak azaldu duenez, Bizkaiak autonomia erkidegoan duen pisu sozioekonomikoak Eusko Jaurlaritzari egin beharreko ekarpena eta Espainiako Gobernuari kupo bidez ordaindu beharrekoa handitzea dakarrelako gertatu da hori: 6.027 milioi eta 705 milioi izango dira, hurrenez hurren. Espainiako Gobernuak jasoko duena, gainera, %60 hazi da iazkoarekin alderatuz gero. Izan ere, Espainiako Ogasunak egindako zerga bidezko diru bilketen igoerara parekatu behar izan dute. Edozelan ere, Rementeria pozik agertu da ondu duten proiektuarekin. Esan du “zerbitzu publikoak babesteko” eta “bizkaitarren bizi kalitatea blindatzeko” aurrekontua dela.

Astelehenean eroan zuen Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak proiektua Bizkaiko Batzar Nagusietara; Ana Otadui presidenteari eman zion. Datozen egunetan diputatuak dagokien batzordetik igaroko dira, egokitu zaien diru kopurua sail barruan zelan antolatuko duten azaltzera. Rementeriak joan den barikuan aurkeztu zituen ildo nagusiak, prentsaren aurrean.

Ahaldun nagusiaren esanetan, proiektua ontzean diputazioak “kontuan hartu” du “ekonomiak dituen mehatxu globalek Bizkaian izan dezaketen eragina”. Azaldu du Bizkaian eragina duela Alemanian eta Frantzian gertatzen denak, haiekin dutelako harremanik handiena herrialdeko enpresek; batez ere, altzairugintza eta autogintza arlokoek. Dena den, nabarmendu du Bizkaiko enpresen kontuak “saneatuta” daudela, “diputazioarenak dauden bezala”: “Bizkaia, aldundia eta enpresak sendo daude etor daitekeen krisialdiari aurre egiteko”. Baikor agertu da, beraz, baina “baikortasun zuhurra” duela esan du. “Gaur ondo gaude. Jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen ari gara; azken batean, baliabideak sortzen, Bizkaiak kalitatezko zerbitzu publiko sendoak izateko”.

Nabarmendu du diputazioak izango dituen hamar eurotik lau gizarte zerbitzuetara bideratuko dituela. Izan ere, Gizarte Ekintza Sailak 625,6 milioi euro izango ditu datorren urtean. Rementeriaren esanetan, “garrantzitsua” da diputazioak azpiegituretan egin ohi duen inbertsioa, baina inportanteagoa iruditzen zaio “zaintzan” egiten dutena: “Bizikidetza unitateak, Etxetic zentroak, erreferentziazko guneak… Adinekoen zaintzan egiten ari garen trantsizioa ezinbestekoa da”.

foru

(udal finantzaketa)

Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Sailak izango du kopururik handienetan bigarrena: 245,8 milioi. Besteak beste, Bilbo hegoaldeko saihesbidea amaituko dute, Bi-637 errepidea estaltzen hasiko dira Leioan, eta Markina-Xemeingo saihesbidea eta Sollubeko tunela eraikitzeko pausoak ematen jarraituko dute. Oro har, inbertsioetara 384 milioi bideratuko dira: 34 miloi gehiago.

Zorra eta inflazioa

Amortizaziora eta interesak ordaintzera bideratuko diren 237 milioiak ere azpimarratu ditu; %25 gehiago da. Pandemiako lehen urteetan gehiago zorpetzeko aukera izan dute erakunde publikoek, eta orain lehentasuna emango diote zor hori ordaintzeari. Ildo horretatik, uste du diputazioak “ezusteko egoerei aurre egiteko gaitasuna” erakutsi duela, eta ez izurrian bakarrik, baita inflazioari aurre egitean ere.

Datorren urteko aurrekontuan isla izango du horrek ere: PFEZak %2ko deflatazioa izango du; 200 euroko aparteko kenkaria egongo da PFEZean, 30.000 eurora arteko errentak dituzten pertsonentzat; autonomoek eta mikroenpresek PFEZean eta sozietate zergan zerga oinarria murrizteko erabiltzen duten gastu forfaita handituko da; eta, azkenik, tasak, prezio publikoak eta katastroko balioak dauden moduan utziko dituzte.

Udalek diru gehiago jasoko dute: lehen aldiz mila milioi baino gehiago izango dira. Aurten, gainera, programa berezia sortu dute udalentzat. “Bizkaitarren berdintasuna bermatzeko ezinbesteko neurria da”.

BHforu

(2023ko foru aurrekontua)