Bilboko Orkestra Sinfonikoa “etorkizunerako indartsu” dagoen uste sendoarekin egin du Ibon Aranbarri zuzendari nagusiak oraingo egoeraren argazkia.
Zer testuingurutan jaio zen BOS?
Oso testuinguru bilbotarra izan zen. Kontuan hartu Bilbok garai hartan 110.000 biztanle zituela, eta horrela, bat-batean, orkestra sinfonikoa sortu zen. Inguruko hiri eta, nik esango nuke, herrialdeekin konparatuz gero, ohartuko ginateke Bilbok zenbateko indarra eta ekimena zuen. Gaur egun ere hala da, gainera.
Zer bilakaera izan du orkestrak?
Denetarik bizi izan du. Oso urte onak izan ditu, baina estutasunak ere gainditu behar izan ditu; batez ere, demokraziaren lehen urteetan. Gaur egun oso orkes-tra sendoa daukagu, eta berritzen ari da. Oso une aberasgarrian gaude. Erretiroa hartuko duten hamar edo hamabi musikariren lanpostuak hutsik geratuko zaizkigu laster, eta horiek ordezkatzen ari gara. Nik uste dut orkestra indarberrituta aterako dela.
Bilbotarrak eta bizkaitarrak zenbat dira taldeko musikarien artean?
Kanpotar asko dago, orkestra gehienetan gertatzen den modura. Nik esango nuke, buruz, gutxi gorabehera musikarien %5 izango direla bertokoak.
Zaletasunik piztu du orkestrak bilbotarren artean?
Baietz esango nuke. Arte eta kultura munduan beti esaten da krisian murgilduta gaudela. Baina mendez mende irauten duen krisi bat da. Hau da, nik badakit orain dela 30 urtetik hona orkestraren emanaldietara etortzen den jendea nagusia dela, helduak direla. Duela bi mendetik krisian dago kultura, baina hor jarraitzen dugu.
Eta, gazteak erakartzeko, zer egin?
Gazteak etortzen dira, gutxiago bada ere. Baina, musika klasikoaz gozatzeko, urteak behar dira, eta norbere bizitza proiektua nolabait finkatuta eta egonkortuta eduki. Badaude urte batzuk familia sortzeko eta seme-alabak aurrera ateratzeko, eta hortik aparte denbora gutxi daukazu. Gaur egun norbere egoera ekonomikoa konponduta eduki ostean, gehien estimatzen duguna denbora edo astialdia da. Musika klasikoaz gozatzeko, astialdia behar duzu. 30 urterekin ez daukazun asti hori, agian, 50 urterekin izango duzu. Belaunaldiz belaunaldi, orkestraren historian ikusi duguna hori izan da.
Gaur egun zein dira orkestrak dituen zailtasunak. Egin nahi lukeen zertara ezin da iritsi?
Egia esan, orkestra oso ona da. Beste edozein orkestra handik egiten duena egin dezakegu eta egiten dugu. Duela hamar urtetik hona orkestraren jarduna asko hazi da. Lehen oso bilbotartua zegoen, baina azken hamarkadan Bizkaiko lurraldera zabaltzen hasi gara. Ganbera kontzertuen zikloa herriz herri ibiltzen da, eta kontzertu sinfonikoak ere bai. Eta Bizkaiko herriek ere euren orkestra modura hartzen dute Bilbokoa.