Agurtza arrantza tekniken interpretazio zentroaren bisitek aurten pizgarri berezi bat izango dute. Izan ere, herriko arrantzale erretiratuek itsasoan izandako bizipenak kontatuko dizkiete interpretazio zentroa bisita gidatuen bitartez ikustera doazenei.
Eskarmentu handiko arrantzaleek bizitakoak entzuteko, ekainera arte itxaron beharko dute interesa dutenek, baina. Dena den, Agurtzan hasi berriak dira jada aurtengo bisita gidatuak.
Aurten, gainera, iaz baino erakustaldi gehiago antolatu dituzte bertan; 540tik gora, hain zuzen. Iaz, 2.218 bisitari izan zituzten interpretazio zentroan, Santurtziko Udalak emandako datuen arabera. “Urte honetarako, eskainitako bisita gidatuen zerbitzua hobetu eta bisitari gehiagok etorri ahal izatea errazteko asmoz, martxotik aurrera bisiten egutegi berria jarriko dugu martxan. Hori horrela, iaz 176 bisita gidatu izan genituen. Bada, aurten, 542 antolatuko ditugu”, iragarri du asteon Idoia Vizcaino Turismo zinegotziak.
“Iaz elementu hau —Agurtza interpretazio zentroari aipamen eginez— berreskuratu genuen, beti izan garena erakusteko: itsasoko herri bat, hain zuzen ere”, zehaztu zuen Vizcainok. Halaber, egitasmoa “beste jarduera batzuk osatzeko eskaintza turistikoa” dela ekarri zuen gogora. Azaldu zuenez, helburua da bisitariei “arrantza zer den eta Santurtzin betidanik zelan egin dugun lan erakustea”.
Martxotik maiatzera bitartean eta urritik abenduaren 9ra bitartean ondoko bisita egutegia aurreikusi du udalak: ostiraletan, 17:30ean; larunbatetan, 11:00etan, 12:30ean eta 17:30ean; igandetan eta jaiegunetan, 11:00etan eta 12:30ean. Aste Santurako eta ekaina eta iraila bitarteko hilabeteetarako, berriz, ondoko ordutegiak ezarri dituzte: astelehenetan, 11:00etan, 12:30ean eta 17:00etan. Asteartetik igandera, ostera, 11:00etan, 12:30ean eta 17:30ean. Bisitak taldean eta e0uskaraz, ingelesez edo frantsesez egiteko aurretik eskaera egin behar da.