Bizkaian dauden hontz zurien populazioa indartzeko asmoz, Gabontza proiektua abiatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 2009. urtean. Izan ere, azken urteotan behera egin du nabarmen espeziearen populazioak lurraldean. Urterik urtera, hainbat hontz askatuz joan dira pixkanaka, eta joan den asteko ostegunean beste hiru ale askatu zituzten. Guztira, 101 hontz libratu dituzte dagoeneko.
Gorlizko Bizkaiko Animalia Basatiak Berreskuratzeko Zentroan hazitakoak izan dira hiru hontz horiek, eta, aurreko aldietan bezala, hacking teknika erabili dute zentroko adituek. Horren arabera, hontzak lehen hilabetea bete orduko, gurasoengandik aldendu, eta beste eremu batera lekualdatzen dituzte kume horiek, habia artifizial batera. Besteak beste, euren kabuz hegan egiten edo elikatzen ikasteko. Hilabete bi betetzean, berriz, naturan askatzen dituzte.
Itxian hazitako aleekin batera, beste hainbat hontz zuri ere artatzen dituzte zentro horretan, askotariko arrazoiengatik. Behar bezalako tratamendua jaso ondoren, aske uzten dituzte berriro.