Natalia Salazar Orbe
Gogoan dut 1992ko urriaren 15 hartan, Batzar Nagusietara sartzen ari ginela Usansolokoak bertan zeudela, pankartak eskuan, euren segregazioa aldarrikatzen”. Iñigo Ortuzar (Zierbena, 1960) Zierbenako alkatearen berbak dira. Joan den zapatuan ospatu zuten euren herria Abantotik bereizi zeneko 30. urteurrena. Prozesu guztia bizi zuen Ortuzarrek; hasiera batean, Abanto Zierbenako Udaleko oposizioko zinegotzi gisa; gero, segregazioa gauzatuta osatu zuten batzordeko kide eta presidente ere izan zen, eta udalerria independente zela egindako lehen udal hauteskundeetan alkate aukeratu zuten. Lan horretan aritu zen hainbat urtez, eta gaur egun ere horretan dihardu.
Urriaren 15a ospakizunetarako eguna da Zierbenako bizilagunentzat: “Duela 30 urte ia herri osoa joan ginen Gernikara: Batzar Nagusiek Zierbenaren segregazioa onartu zuten unea bertatik bertara bizi nahi genuen”, ekarri du gogora Ortuzarrek.
Prozesu “traumatikoa”
Prozesua ez zen izan erraza. “Traumatikoa izan zen”, alkatearen esanetan. “Jatorriko udalerriak [Abantok] ez zuen nahi bereizterik”. 1992ko urriaren 15ean Bizkaiko Batzar Nagusiek Zierbenaren segregazioa onartu zuten. 1993arekin batera udalerri independente gisa hasi zuen bere ibilbidea. “1993ko urtarrilean udal batzordeko presidente izendatu ninduten —alkatea banintz legez— eta urte oso horretan udal independente izan ginen”.
Abantoko Udalak helegitea jarri zion Batzar Nagusien erabakiari, ordea, “Estatu Kontseiluaren txostena falta zela argudiatuta”. Auzitegiek arrazoia eman zioten Abantori. Beraz, 1994ko urtarrilean Zierbena berriro elkartu zen Abantorekin. “Egoera bitxia izan zen. 1993an oinarrizko zerbitzuak kontratatuta geneuzkan: kale argiteria, zabor bilketa…, eta geure langileak genituen. 1994an, Abanto eta Zierbena udalerria ginen arren, geuk egiten genituen udalaren lanak”. Ondorioz, Zierbenako bizilagunak haserre zeuden: “Ezusteak ere izan zituzten Abantoko udaltzainek. Gurera etorri, autoa aparkatu kafe bat hartzeko eta auto gainean zabor poltsak utziak zizkieten bizilagunek”.
1994an zehar eskatu zuten segregazio espedienteak falta zuen Estatu Kontseiluaren txostena. 1994ko ekainean Bizkaiko Batzar Nagusiek gehitu zioten espedienteari txosten hori. Hurrengo azaroan berriz ere bozkatu zuten Zierbenaren segregazioa. Abantoko Udalak berriro helegitea jarri zion. Auzitegiek ebatzi zuten segregazioa legezkoa zela eta orduan bai, “1995eko otsail edo martxorako”, independente bihurtu ziren, behin betiko. Urte hartako maiatzeko hauteskundeetan izendatu zuten Zierbenako alkate Iñigo Ortuzar.
Usansoloko bizilagunei —Galdakaotik bereiztear da Usansolo— zuhur jokatzeko gomendatu die. “Helegiteren bat egonez gero, epaitegira doa, eta epaileak esango du: ‘Nik hemen legeak esaten duena ebatziko dut’. Horregatik esaten dut, helegiteak jartzeko epea bukatu artean, adi. Begiratu guri ere; pozik joan ginen, eta helegitea jarri ziguten”.
Eskaera historikoa
Zierbenako bizilagunek aspalditik zuten Abantotik bereizteko nahia. “Eskaera historikoa zen”, Ortuzarren esanetan. Batetik, geografikoki urrunduta dagoelako. Bitxikeri gisa, alkateak azaldu du “inoiz” ez dutela izan “migraziorik, kontuan izanda Ezkerraldean eta Meatzaldean migrazio asko egon dela”. Herrigunetik “urrunduta egonik, udalerriko gainerako eremuekin eta udaletxea zegoen Gallartarekin ez zegoen inongo harremanik”.
Soziologikoki eta politikoki aldea nabari dela azpimarratu du: udal gobernu eta zinegotzi abertzaleak bakarrik egon direla azaldu du. “Hori, Euskadin mendebalderen dagoen eremuan”. Horrez gain, “Zierbenan kirol nagusia arrauna” izan da. “Abantora zoaz eta niri beisbolari buruz hitz egitea bezala da”.
Dena den, “jatorriko udalaren aldetik utzikeria” salatu du egungo alkateak. “Orain gutxi gara, mila biztanletik gora, baina duela hogei urte zortziehun inguru ginen. Ez ziren gutaz arduratzen. Utzikeria hori aspaldikoa zen. Lehen segregazio saiakera XIX. mendearen bukaerakoa da”. Bigarren saiakera bat egin zuten, 1936ko gerra bukatu ostean. Hirugarrena izan da Ortuzarren garaikoa.
Udalerri bihurtzeak onurak ekarri dizkiela dio: “Auzo izaten jarraituz gero, ez genituzke izango gaur egun ditugun azpiegiturak, gasa, bizi kalitatea, zuntz optikoa, kirol eta kultur elkarteentzako laguntzak, eskola umeentzako laguntzak, Zierbenako auzo guztietatik dabilen doako autobusa… Hori guztia izango genuke? Ez”.
Gaur egun Abantorekin harreman “ona” dutela esan du. “Min eman zien hondartza eta kostaldea kentzeak. Are min handiagoa eman zien superportua gurean geratzeak, horrek ekarpen handia egiten baitu”.