Olatz Silva Rodrigo
Arte historialaria da Nerea Gaston (Durango, 1995), eta arte garaikidearen kontserbazioan eta erakusketan espezializatua. Durango Sor(tzaileen) Leku bekaren irabazleetako bat da, eta haren erakusketa Durangoko Arte eta Historia museoan dago ikusgai. Latsarriak: emakumeen ahotsa izena du. Latsarri publikoak, lanerako espazio izateaz gain, emakumeak biltzeko eta sozializatzeko gune nagusiak izan dira. Hori erakutsi nahi izan du Gastonek. Erakusketa urriaren 30era arte egongo da ikusgai.
Nolatan sortu zen proiektua?
Master amaierako lana latsarrien inguruan egin nuen. Tribunalaren aurrean aurkeztu nuenean, proiektua oso ondo zegoela esan zidaten, eta Durangoko Udalean aurkeztu behar nuela. Pentsatu nuen udalak ez zuela finantzatuko horrelako proiektu bat, eta ez nuen ezer egin. Handik urtebetera, Durango Sor(tzaileen) Leku bekak aurkeztu zituzten, eta proiektu kulturalen atala ezarri zuten. Atal horretan, Durangoko ondarearen inguruko proiektu bat aurkezten zuenak jaso zezaken saria. Nire lana aurkezteko ordua zela pentsatu nuen. Hasieran, proiektuaren izena Barrenkaleko latsarriak zen, baina, gero, Durangoko beste latsarriei buruz ere egitea pentsatu nuen. Horren inguruko erakusketa aurkeztu, eta beka irabazi nuen.
Zergatik aukeratu zenituen latsarriak lan bat egiteko?
Masterreko ikasgai batean, esan ziguten lan bat egiteko espazio publikoan zegoen zerbaiti balioa emateko. Ni askotan igarotzen nintzen latsarrien aurretik, eta beti galdetzen nion neure buruari zer izango ote ziren. Konturatu nintzen latsarri horiek historia asko gordetzen zutela. Ikertzen hasi nintzen; hasieran, lana egiteko, eta, ondoren, master amaierako lanerako gai modura proposatu nuelako. Pena ematen zidan hain politak eta garrantzitsuak izateak eta inork kasurik ez egiteak. Gainera, latsarrien protagonistak emakumeak ziren. Beren funtzioa ez betetzeaz gain, desagertzen hasiak ziren. Herrien erdian daudenak suntsitu egiten dituzte. Espazio horiek berreskuratzeko ez ezik, emakumeei protagonismoa emateko ere modu polita iruditu zitzaidan.
Noizkoak dira latsarriak?
Durangon daudenak, nik ikertu ditudanak, XIX. mendearen amaierakoak eta XX.aren hasierakoak dira.
Gaur egun mantentzen al dira?
Batzuk, bai. Esaterako, Barrenkaleko latsarriak, Mañaria ibaiaren ertzean daudenak, bertan daude oraindik.
Zergatik dira garrantzitsuak latsarriak Durangon?
Latsarriak ez dira garrantzitsuak bakarrik Durangon; esango nuke mundu osoan direla inportanteak. Emakumeen lekuak dira. Haietara joan, eta beste emakume batzuekin egiten zuten berba. Garai hartan, emakumeek espazio publikoan ez zuten eurentzako lekurik; agian, mezara joatean edo merkatura joatean, bai. Horretaz aparte, ezer ez; etxean egoten ziren. Latsarriak emakumeak elkartzeko espazioa ziren.
Garrantzi handia zuten, beraz, emakumeentzat.
Bai, hori da. Proiektua sortzeko, latsarriak erabili zituzten emakumeekin hitz egiteko aukera izan nuen. Eta elkarrizketatu nituen emakumeekin berba egitean, horretaz konturatu nintzen. Haiek kontatzen zidaten latsarriak ez zirela bakarrik lan egiteko toki bat, eurek elkartzeko eta libre sentitzeko toki bat ere baziren.
Latsarriak erabiltzeari utzi zietenean, emakumeak batzeko espazioa desagertu egin zen?
Aldaketa hori pixkanaka-pixkanaka gertatu zen. Lehenengo garbigailuak eskuzko garbigailuak ziren. Segur aski, hasieran arropa etxean garbitu eta gero, emakumeek latsarrietara jaitsi behar izaten zuten, arropa uretan eragitera. Beraz, aldaketa ez zen bat-batekoa izan; progresiboki utzi zioten latsarriak erabiltzeari.
Proiektua egin bitartean, zer da gehien gustatu zaizuna?
Zalantzarik gabe, emakumeekin hitz egitea da, eta haiek kontatzen zidatena entzutea.
Nola topatu zenituen latsarria erabili izan duten emakumeak?
Masterreko lana egiteko, emakume batzuekin jarri nintzen harremanetan. Beraz, proiektua egiteko orduan, kontaktu batzuk banituen. Emakume horiek beste emakume batzuen kontaktua eman zidaten. Horrela lortu nituen zortzi emakumeren testigantzak.
Zer esan nahi du zuretzat proiektua Durangoko Arte eta Historia museoan egoteak?
Niretzat, amets bat da. Horrela, jendeak latsarriak ezagutu ditzake. Gizarteak ezer gutxi daki gai honen inguruan. Gazteek, esaterako, ez dituzte latsarriak ezagutzen. Eta latsarriak memorian mantentzea garrantzitsua da.
Zer ikus daiteke museoan?
Erakusketan, antzinako irudiak ikusi daitezke, latsarrien argazkiak. Horrez gain, emakumeen testigantzak daude, noski, eta Durangoko plano bat ere bai. Plano horretan, nik egiaztatu ditudan hamalau latsarriak daude seinalatuta. Artxiboko beste plano batzuk ere badaude, eta, amaieran, bideo bat ikusteko aukera dago. Hitzaldiak ere antolatu ditugu.
Zeri buruzko hitzaldiak?
Latsarriekin eta emakumeekin lotutako hainbat mahai inguru antolatu ditugu. Esate baterako, astelehenean Mariefi Perezek Emakumea eta lan ikusezina hitzaldia eman zuen, emakumeen oroimena berreskuratzeko eta historia emakumezkoetan berrirakurtzeko. Eta atzo Estibaliz Gutierrezek emakume latsarien garrantziari buruz hitz egin zuen, ahaztutako lanbideari buruzko hausnarketa eginez.
Etorkizuneko proiektuetarako ideiarik?
Ikerketa gehiago zabaldu nahiko nuke, baina hori urrutiko etorkizun baterako ikusten dudan proiektua da. Esaterako, Durangoko latsarriak ez ezik, Durangaldeko latsarriak ere aztertzea gustatuko litzaidake.