Udalen eta patronalen “utzikeria” salatzeko asmoz, grebara jo dute Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuetako beharginek. Urriaren 13an eta 21ean egin zituzten lehenengo lanuzteak —Ortuellan eta Basaurin, hurrenez hurren—, eta datorren eguenean izango da hirugarren eta azken greba eguna: Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzaren aurrean bilduko dira, 09:30ean, Bilbon.
Etxez etxeko laguntza zerbitzuetako langileek sei urte baino gehiago daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta ELAk salatu du patronala lan hitzarmenaren negoziazioa “blokeatzen” ari dela oraindik. Sektoreko patronal nagusiak 1,2 milioi euroren irabaziak izan zituen 2018tik 2020ra bitartean, baina, sektoreko negoziazio mahaian, soldatak % 3,5 igotzea baino ez zuten proposatu.
ELAk adierazi du langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko “ezinbestekoa” dela arlo jakin batzuetan hobekuntzak egitea: besteak beste, erosahalmena berreskuratzea, enpleguaren egonkortasuna lortzea, bateragarritasuna hobetzea eta zerbitzu orduak areagotzea.