Olatz Enzunza Mallona
Bizkaibuseko hainbat lineatako langileek lanuzteak egingo dituzte urriaren 24tik aurrera Ezkerraldeko, Meatzaldeko, Busturialdeko, Lea-Artibaiko eta Enkarterriko lineetan. EMB, BLB eta Vectalia Enkarterri enpresek kudeatzen dute Bizkaibus bost eremuotan, eta horietako langile batzordeek iragarri dituzte lanuzteak. Lan hitzarmen berria adostu ezinik dabiltza. Guztira, hamahiru greba egun egingo dituzte Ezkerraldean eta Meatzaldean; 11 Busturialdean eta Lea-Artibain; eta Enkarterrin ez dute egunik zehaztu edizio hau zarratzerako.
Beste kontu batzuen artean, hitzarmenaren negoziazio prozesua blokeatuta dagoelako deitu dute lanuzteetara. Eta, gutxienez, KPI kontsumorako prezioaren indizearen araberako soldata igoera eskatuko dute Bizkaibuseko langileek hitzarmen berrian. Baina, horrez gainera, bestelako hobekuntza batzuk ere lortu nahi dituzte; besteak beste, lan baldintza hobeak izatea.
Urriaren 25ean izango da lehenengo greba eguna Ezkerraldean eta Meatzaldean, eta, txanda bakoitzeko, bi orduko lanuzteak iragarri dituzte. Zerbitzua eten egingo dute egunean zehar: 07:30etik 09:30era, eta 17:30etik 19:30era.
Guztira, hamahiru egunez egongo dira greban urrian eta azaroan, eta, ikusten badute denbora horretan ez dutela lortzen akordiorik, mobilizazio gehiago egingo dituzte, Juan Carlos Gonzalez CCOO sindikatuak EMB enpresako langile batzordean duen ordezkariak aurreratu duenez: “Negoziaziorako gogorik edo saiakerarik ez dagoela ikusten badugu, greba mugagabera deituko dugu”. Izan ere, CCOO sindikatuak salatu du “immobilismoa” erakusten ari direla EMB enpresa eta Bizkaiko Foru Aldundia. Gonzalezen hitzetan, EMB enpresak eta aldundiak langileen aldarrikapenei “danbatekoak ematen” jarraitzen dute, eta, gaur-gaurkoz, “erabat hautsita” dago negoziazio oro. “Gaur egungo egoerarekin bat datorren proposamen serio bat egon arte, ez gara eseriko negoziazio mahaian”, jakinarazi du CCOO sindikatuko kideak. Gaur egun, bostehun langile inguru ditu EMB enpresak, eta Bizkaibusen langile gehien dituen erakundea da.
Ordutegi ezberdinak
Busturialdeko zerbitzuetan, berriz, urriaren 24an izango da lehen greba eguna, eta azaroan egingo dituzte gainerako deialdiak. 05:50etik 09:20ra bitarte izango dira beharginen eguneko lehen lanuzteak, eta 18:00etatik 21:30era bigarren txandakoenak. Urriko azken astelehena “egun berezia” izango dela aurreratu du Gonzalezek: egun osoko greba egingo dute. “Gernika-Lumon urteko azokarik handiena izaten da urriko azken astelehenean, eta egun horretan, 24 orduko greba egingo dugu”.
2020ko abenduaren 31n iraungi ziren lan hitzarmenak EMB eta BLB enpresetan. Pandemia garaia zen, eta, CCOOren arabera, langileen eta erabiltzaileen “baldintza soziosanitarioak” zaintzeari eman zioten lehentasuna. Era berean, bidaiarien okupazio indizeak berreskuratu arte itxaroteko ere eskatu zieten enpresakoek. Geroztik, eta osasun egoerak hobera egin badu ere, ez da egin lan hitzarmenak berritzeko saiakerarik.
Enkarterriko lineak beste enpresa batek kudeatzen ditu, eta eskualde hartako greba egunak zehaztu gabe daude oraindik. Baina ELA sindikatuak aurreratu du lanuzteak 24 ordukoak izango direla Enkarterrin. Izan ere, sindikatuak jakinarazi du enpresak ez duela bermatu KPIaren araberako soldata igoerarik. Gutxi gorabehera, eskualdeko 6.000 erabiltzaileri eragingo die erabaki horrek. Besteak beste, Leioako EHUko campusera doazen lineei.