1937an, tropa faxistek hainbat herri bonbardatu zituzten, tartean, Durango. Urte hartako martxoaren 31n, hirurehundik gora herritar hil zituzten. Aurten, sarraski haien 75. urteurrena beteko da, eta Durangon, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, hilaren 14tik 31ra bitartean, haiek oroitzeko.
Datorren asteazkenean emango diete hasiera ekitaldiei. Zinekluba izango da, 19:00etan, udal liburutegian. Durango, el bombardeo silenciado (Durango, isildutako bonbardaketa) ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izango da. Martxoaren 31ko bonbardaketatik bizirik atera ziren zortzi lagunen sentimenduak eta orduko irudiak biltzen ditu. Jonan Hernandez hizlari lanetan ariko da. Martxoaren 16an, Gerra, emakumeak eta literatura hitzaldia egingo du Josune Muñoz Skolastika kultur elkarteko kideak, 19:00etan, udal liburutegian.
Martxoaren 19tik 31ra bitartean, bestalde, argazki irudien proiekzioa, argiak eta soinuak baliatuta, Txelu Angoitia Gerediaga elkarteko kideak egindako instalazio artistikoa bisitatzeko aukera izango da. Santa Susanako komentuan egongo da ikusgai.
Zineklubaren beste saio bat izango da martxoaren 20an. Zerutik sua dator filma emango dute 19:00etan, udal liburutegian. Egoitz Rodriguez Olea filmaren zuzendaria ariko da hizlari gisa.
Gerrako testigantzak
Gerediaga elkarteko Jon Irazabal ikerlariak Gerra Zibila Durangaldean 1936-1937 liburua aurkeztuko du martxoaren 27an; bonbardaketaren datu eta argazki berriak biltzen ditu liburuak. Egun horretan bertan, Gerediaga elkarteak Martxoak 31. Durangoko bonbardaketa dokumentala aurkeztuko du. Bonbardaketako eguneko irudiak jaso zituen elkarteak 1988an. Orduz geroztik eskuratutako irudi, testigantza eta ikerketa berriak ere jaso dituzte dokumental osatu horretan.
Bestalde, Ahaztutako munduaren geografia erakusketa egongo da ikusgai, martxoaren 24tik 31ra bitartean, udal liburutegian. Gerra gatazken zergatiak ezagutarazteko helburua dauka erakusketa horrek. Horrez gain, Sua eskurik esku, lekurik leku izeneko emanaldia eskainiko du Baleukok martxoaren 30ean. 20:00etan egingo dute ikuskizuna, Andra Mari elizaren elizpean. 22:00etan, bestalde, Lurra astinduz antzezlana taularatuko du Karrika antzerki taldeak, San Agustin kultur gunean. 1936ko altxamenduaren osteko egunak kontatzen ditu antzezlanak, amodiozko istorio baten bitartez.
Omenaldiak, hilaren 31n
Martxoaren 31 omenaldiak egiteko eguna izango da. 12:00etan, gerraren biktimak gogoan izango dituzte kanposantuan. 20:00etan, oroimen ekitaldia egingo dute Andra Mari elizan. Umeentzako tartea ere izango da egun horretan, ipuin kontaketen bitartez. 12:00etan, 3 eta 5 urte arteko umeentzako saioa izango da; 12:30ean, 6 urtetik gorakoentzat.
Ekitaldi horiez gain, hiru aste horietan jarduera gehiago ere izango dira. Besteak beste, Bakearen aldeko kontzertuak eskainiko dituzte Bartolome Ertzilla musika eskolako ikasleek. Helduentzako ipuin kontaketak entzuteko eta bonbardaketarekin lotutako esaldi bat panel batean idazteko aukera izango dute herritarrek.