Gerokoek ez ahaztea helburu

Gerokoek ez ahaztea helburu

Amaia Igartua Aristondo

Badu ondareak balio artistikoa, askotan; badu zeresan historikoa, gehienetan; eta bada memoria, beti. Zehatzago, badu jagon beharreko memoria bat, baina badago, era berean, hura mehatxatzen duen testuinguru bat ere. Horiek horrela, ondare jasangarrian oinarritu dituzte aurten Ondarearen Europako 22. Jardunaldiak, eta, gai zabala den arren, Aintzane Egilior jardunaldien Bizkaiko koordinatzailearen irudiko, zutabe jakin batzuetan bermatzen da egitaraua: ezagutzan, kontserbazioan eta tokiko baliabideen aldarrikapenean. Guztira, 140 jarduera inguru egingo dituzte urriaren 31ra bitartean, 61 udalerritan.

“Koiuntura globalizatu honetan, non kultura uniforme bilakatzen eta homogeneizatzen ari den, inoiz baino beharrezkoagoa da lurraldean arrastoa utzi duten balioak eta baliabideak berreskuratzea”, koordinatzailearen hitzetan. Baliabide materialei eta immaterialei erreparatuko diete, hark azpimarratu duenez, memoriak, tradizioek eta bestelakoek ere zeresana izango baitute egitarauan. Izan ere, dena dago arriskuan, Egiliorren arabera, hala ondare ukigarria, nola ukiezina. “Aniztasun naturalaren eta kulturalaren mehatxua bizitzen ari gara, ingurunearen degradazioa, bizimodu tradizionalen galera… Kapitalismo bortitz honetan, lurraldeen singularitatea galtzen ari gara”.

Horren aurrean, ezagutza aldarrikatu du koordinatzaileak, eta gertuko baliabideak jo ditu gakotzat. “Tokikora itzuli behar da, konponbidea izan daiteke-eta mehatxatzen gaituzten arazoetarako”. Eta, oroz gain, transmisioa dute jopuntuan antolatzaileek, Egiliorren berbei erreparatuta. “Oraingo beharrak aseko dituen garapen batean jarri nahi dugu fokua, baina garapen horrek ez du baldintzatu behar hurrengo belaunaldien ahalmena: haiei ere baliabideak bermatu behar dizkie. Atzokoa etorkizunekoentzat mantendu nahi dugu”.

Ukiezina denari ere arreta

Europako Kontseiluak jarri zuen aurtengo jardunaldien gaia, eta, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatuta, ehun eragile inguruk antolatu dituzte ekintzak jasangarritasuna oinarri hartuta; bai erakundeek, bai udalek eta baita tokiko elkarteek ere. “Instituzioek hartu behar dute ekimena, baina lan honetan denok hartu behar dugu parte”, esan du Egiliorrek. Areago, kasu batzuetan, auzokideek eurek gorde dute ondarea, nabarmendu duenez. Elkarlan horretatik, garapen jasangarriaren irizpideak biltzen dituen egitarau bat taxutu dute, koordinatzailearen esanetan. Eta askotarikoa ere bada, besteak beste bisita gidatuak, erakusketak, hitzaldiak, dastaketak eta antzezpenak egingo baitira, “bisitariek uler dezaten paisaiaren eraldaketa naturala eta kulturala, paisaia oro baita kulturala”.

OLINPIA_BURU_ETA_BIHOTZ

Alde materialari dagokionez, ekintzak eta bisitak antolatu dituzte, esaterako, elizetan, industria ondarean eta meategiek utzitako paisaietan, baina elementu bat azpimarratu du koordinatzaileak: baserriak. Dioenez, garrantzitsua da horiek ezagutaraztea, hainbat arrazoirengatik. “Hemengo kulturaren gauza oso singularra dira. Inportanteak dira ikuspuntu historikotik eta artistikotik, baina ekoizpen autarkikoaren eredu ere izan dira; baserrietako familiak tokiko autogestio ereduak ziren”.

Balio materiala eta immateriala biltzen ditu, halaber, Berriatuko errota hidraulikoak, eta biak ala biak izango dituzte hizpide Goikolau kultur elkartekoek urriaren 22an, 18:30ean. “Errota ezagutarazi eta haren berezitasunak azalduko dituzte”, esan du Egiliorrek. “Ikuspuntu teknologikotik, errotan ezaugarri protoindustrialak zituzten. Baina errota horien inguruan istorioak kontatzen ziren, jaiak ospatzen ziren… Gune sozialak ziren”.

Ekintza horiez gain, pentsamendu kritikoa ere hauspotuko dute beste hainbatek, koordinatzailearen hitzetan: esaterako, arkeologia kolonialistaren analisi kritikoa egingo dute Bilboko Arkeologia museoan urriaren 20an, eta Diversitours kulturarteko ibilbideak antolatu dituzte Bilboko San Frantzisko kalean hiribilduko udalak eta Koop SF 34 elkarteak, urriaren 15erako eta 16rako.

La Encartada

Gai baten inguruan, ertz asko. Irizpide bera izan dute jardunaldien 22 aldietan, Egiliorren arabera. Hasieran, ondare materiala izaten zuten jomuga, eta elizek eta arrasto industrialek betetzen zuten egitaraua; baina immateriala gehitu zuten laster: baserrietako bizimoduak, ofizioak, betiko ezagutzak… “Orainalditik iraganari begiratzea” da jardunaldien bide orria, koordinatzailearen esanetan. Parte hartzaileen “irudimena” goraipatu du. “Baliabideak beti dira berdinak, baina, urtero-urtero, eragileek moldatu egiten dituzte, beste ikuspegi batzuk emateko”.

Egitaraua kontsultatu nahi izanez gero,

jo webgune honetara:

Ondareabizkaia.eus