Ines Osinaga: “Elkarrekin istorioak kontatu nahi ditugu berriz”

Ines Osinaga: “Elkarrekin istorioak kontatu nahi ditugu berriz”

Amaia Igartua Aristondo

Duela hamar urte, Joseba Sarrionandia idazlea artean erbestean zela, hainbat kantu sortu zituzten hark eta Ines Osinaga musikariak (Arrasate, Gipuzkoa, 1982). Orain, Sarrionandia Euskal Herrira itzulita, doinu eta berba horiek azaldu, eta, oro har, gaiak eta hausnarketak helarazi dituzte biek Euskal Herriko hainbat oholtzatan, Katuen kontuak emanaldian. Eta, hain zuzen, partekatzean datza proiektuaren magia, Osinagaren irudiko. Zaratamoko Elexalde kultur etxean egongo dira gaur, 19:30ean, eta Itziar Garaluze arduratuko da arlo bisualaz. Loraldia Plazarik Plaza egitasmoaren barruan antolatu dute saioa.

Zer da Katuen kontuak?

Sarriren eta bion proiektu bat, eskuz esku, duela hamar urte egin genituen kanta batzuen inguruan. Bidaia bat proposatzen dugu, kantuen eta testuaren bitartez. Poesia da esaten denaren eta esaten ez denaren arteko oreka, eta horrekin jolasten gara. Ez da errezital bat, eta ez da kontzertu bat; berbak eta kantuak dira.

Aurretik ere batera taularatu izan duzue proiektua. Nolakoa da beste baten hitzekin lan egitea?

Badaramagu denboratxo bat Euskal Herriaren luze-zabalean aurkezten kantu eta hitz horiek. Nola egiten den? Ez dakit. Gure lana da. Sortzaileak gara. Kakorratza egitea bezala, egin, egin eta egin, eta halako batean ikasten duzu nola egin. Ez da Sarriren hitzak musikatu ditudala. Duela hamar urte, elkarrekin egin genituen kantu batzuk: batzuetan, hitzak musikatu genituen eta, beste kasu batzuetan, musikei hitzak jarri zizkien Sarrik. Baina nik uste dut kasu honetan inportantea dela idazlea plazara datorrela, eta idazleak kantu bakoitzaren atzean dagoen testuingurua, bere barne hausnarketak konpartitzen dituela publikoarekin; kantuak aitzakiak dira mahai gainean jartzeko gai batzuk, pentsaera batzuk… Batzuk oso arinak dira, eta beste batzuk, larriagoak eta gordinagoak.

Adibidez, zein?

Etorri behar duzue ikustera. Denetik dago. Ez dut kontatu nahi. Nahiko nuke hau irakurtzen duenari gogoa sartzea emanaldia ikustera etortzeko, eta ez ematea informazioa emanaldia ikusi izan balu bezala. Iruditzen zait hor dagoela magia. Eta benetan emanaldi honek duen magia da bertan gertatzen dena. Iruditzen zait momentu honetan, bai musika eta bai literatura, kultura oro har, oso modu indibidualizatu eta bakartian eta, zergatik ez, pantaila baten bitartez kontsumitzen dugun momentu honetan, esperientzia kultural askoz ere biziagoa eta esanguratsuagoa dela momentuan bertan sortutakoa konpartitzea, modu kolektibo batean. Emanaldi xume baina indartsu bat daukagu prestatuta.

Nola sortu zen proiektua?

Urte askotan bananduta egon diren bi lagun zahar elkartzen direnean gertatzen den sortzeko nahi horretatik abiatu zen. Bada hemen idazle bat urte askoren ostean bueltatu dena herrira, eta bada plazatik kanpo egon den musikari bat —ez hainbeste urtez, noski—. Berriz elkarri eskutik heldu eta elkarrekin istorioak kontatzeko nahia, desira, gogoa eta bulkada daukagu. Hortik sortu da Katuen kontuak. Sarri etxera bueltatzetik sortu da, plazan elkarri lekua egitetik, plaza konpartitua beti da-eta ederragoa.