Bilbotik kanpo loratuko da

Bilbotik kanpo loratuko da

Amaia Igartua Aristondo

Jaialdia, askotariko kultur diziplinen nahastea, baita euskal eszena garaikidearen adierazle ere. Baina, oinarrian, Loraldia “esperientzia bat da”, batez ere, Amaia Ozerin komunikazio arduradunak definitu duenez. “Ez da programazio bat proposatzea ea aretoak betetzen diren. Saiatzen gara euskaldunon eta kulturzaleon komunitatea integratzen, ekintzen eta Lorazainen programaren bidez, eta senti daitezen apur bat lotuago proiektuarekin”. Bilbon egiten da urtero Loraldia festibala, baina esperientzia hori hedatzeko asmoa dute antolatzaileek, eta badute lehen jopuntua: gaur eta urriaren 6tik 9ra, Loraldia Plazarik Plaza ekinbidea egingo da Arrigorriagan eta Zaratamon.

Ozerinek azaldu duenez, hainbat arrazoirengatik erabaki dute hiriburutik ere ateratzea. “Ikusi dugu beharra dagoela sortzaileei beste plaza batzuk eskaintzeko, profesionalizatzeko eta sektorea sendotzeko”. Baina kulturgileek ez ezik, ikus-entzuleek ere horren premia dute, komunikazio arduradunaren irudiko. “Euskal kulturak eta hura kontsumitzen dugunok behar dugu ahalik eta agendarik oparoena egotea eta denontzako aukerak sortzea”.

Loraldia Bilboko festibala izango da aurrerantzean ere, ekoizpen propio ugari antolatzen baitituzte, horietako asko han baino ez direnak ematen, ez dutelako aparteko zirkuitu bat. Ordea, ildo berri honek balio dezake beste herri batzuetara eroateko piezok, baina baita egitarau egokitu bat ontzeko ere. “Ez dira bakarrik Loraldirako prestatutakoak ikusiko. Herri bakoitzean bere beharrei, gogoei eta ohiturei zuzendutako programazioa onduko dugu”.

Horren adibide bat: Kukai dantza taldearen Gelajauziak ikuskizuna, Abusuko kultur zentroan izango dena urriaren 7an, 19:00etan. Ozerinen arabera, Arrigorriagako Udalak bazuen interesa Abusun ere ekintzaren bat antolatzeko, baina hango biztanle gehienak ez dira euskaldunak. “Bada, pentsatu genuen dantza eramatea, hizkuntza unibertsalago bat delako; euskaraz ez dakienak ere uler dezake zeri buruz doan ikuskizuna”.

Joseba Sarrionandia

Betiko oinarriekin

Egokitzeko asmoa gorabehera, Loraldiaren “balioak” izan dituzte irizpide, Ozerinen hitzetan. Kultur erreferenteak uztartu dituzte sortzaile gazteago edota berriagoekin; emakume sortzaileak ere oso aintzat izan dituzte; proposamen “originalak” eta euskal kultura era “moderno” batean jorratzen dutenak izan dituzte jomuga; eta askotariko formatu eta estiloetara jo dute.

Era berean, festibalaren ohiko nahasketa ere agertuko da ikuskizunetan, hasieratik bertatik. Izan ere, gaurko ekitaldian musika eta literatura uztartuko dituzte Ines Osinaga musikariak eta Joseba Sarrionandia idazleak, Katuen kontuak emanaldian. Duela hamar urte, Sarrionandiak eta Osinagak hainbat kantu sortu zituzten elkarrekin, eta doinu eta berba horien sortze prozesuaz ariko da idazlea, musikariaren doinuak lagun, Zaratamoko Elexalde kultur etxean, 19:30ean.

Urriaren 6an, Iratxe Fresneda zinemagileak bere hirugarren film dokumentalaren sortze prozesua xehatuko du, eta irudi batzuk erakutsi, Arrigorriagako Lonbo aretoan, 19:30ean. Migratzaileez dihardu Tetuan lanak, eta Bilboko Loraldian estreinatuko da, martxoan. 7an, besteak beste Olatz Salvador eta Alaine Agirre bilduko dira Gerorik balego emanaldian, Arrigorriagako erakusgelan, 20:30ean, bertoko pare bat bertsolarirekin; 8an, Mikel Laboaren kantuak interpretatuko dituzte hainbat sortzailek, Lonbo aretoan, 19:30ean; eta lorazainek beste ekintza batez gozatu ahal izango dute: 9an, Arrigorriagako udaletxeko arkupeetan, Pauline & Juliette kantari ariko dira, eta entzuleak, bermuta dastatzen.

Olatz_Salvador