Ibai Maruri Bilbao
Bizkaiko Batzar Nagusiek politika orokorreko bilkura egin zuten eguaztenean, Gernika-Lumoko batzar etxean. Berezia izan da Unai Rementeria ahaldun nagusiarentzat, azkena izan duelako —esana du ez dela 2023an aurkeztuko—. Giroak “kezkatuta” agertu da: “Batzuek nahiago dute kritikari, suminari eta kexari lehentasuna eman, autokritika eta jarrera positiboa landu baino”. Horregatik, “proiektuen aldundia” aldarrikatu du, “erresuminaren” aurrean. Urteotan egindakoaren fruituak goraipatu ditu agur kutsuko berbaldian, eta, “atsekabez”, egin gabe utziko dituenak aipatu ditu: Lekeitioko kobazulo artearen zentroa eta Bilbo efektua metropoliko herri guztietara zabalduko lukeen proiektua.
Mugikortasuna
Bilboko itsasadarraren ertz biak lotuko dituen tunelarekin hasi zuen errepasoa. Atzo eman zituzten xehetasunak, baina Rementeriak herenegun aurreratu zuen: “Ibilgailuentzako tunela izango zena multimodala izango da”. Metroaren lehen eta bigarren lineak lotuko ditu, Sestaoko eta Areetako geltokien artean.
Hilaren 17an sinatuko dute diputazioak eta Jaurlaritzak metroaren bosgarren linea finantzatzeko akordioa: 360 milioi, 2023 eta 2029 artean. Iazko berbaldian, zalantzan ipini zuen obra horri ekin ahal izango ziotela, eta, herenegun, orduan jasotako kritikak gogoratu zituen: “Zintzotasunez egin nuen berba, izugarriak ziren zailtasunak ezkutatu barik, baina besoak jaitsi barik. Entzutekoak entzun behar izan genituen”.
Aste Santuan irekiko dute Bilbo hegoaldeko saihesbidearen eta AP-68 autobidearen arteko lotunea. Garai horretan hasiko dira Leioan BI-637 errepidea estaltzeko lanak. 2023ko urrian Markina-Xemeingo saihesbidekoak. Busturialderako sarbideak hobetzeaz ere egin du berba. Aspaldi egin zen Autzaganeko tunela. Orain, Sollubekoaren txanda da: “Mendate berri batez ari gara”. Mungiako Bidebietako biribilgunetik hasita, trazadura berria edukiko du. Tunel bi egingo dira —315 metrokoa eta 130ekoa—, hainbat bihurgune arteztu, eta ibilgailu geldoentzako hirugarren bide bat egingo da, malda handieneko zatietan. Lanotarako 65 milioi euro baino gehiago ditu prest Interbiak foru sozietateak, baina ez du zehaztu noiz hasiko diren.
Guggenheim
Sollubeko sarbidea garrantzitsua izango da, Guggenheim Busturialdera hedatzean bisitari kopurua haztea espero dutelako. Urrian 25 urte beteko dituen Bilboko museoak “arrakasta” izan duela esan du Rementeriak. “Baina ezin gara bizi errentetatik; hobetzen jarraitu behar dugu. Horregatik egin nahi dugu Gernikako Guggenheim”. Kritiken aurrean, “jasangarria” izango dela azpimarratu du. Batetik, “industria astuna biosfera erreserbatik aterako” dute —egoitza bietako bat Muruetako ontziolan egongo da—, eta eraikina “CO2 isuririk gabeko” bihurtuko dute. Bestetik, bisitari kopurua mugatuko dute, urteko hil batzuetan baino ez da egongo zabalik, eta ezingo da autoz joan —soilik oinez, bizikletaz edo trenez—. “Museoak ospe handiko nazioarteko taldea kontratatu du arkitektura, ingurumen eta paisaia planaren gutxieneko oinarriak lantzeko”, iragarri du. Bost hilabete barru prest izango dute. Bitartean, Espainiako Gobernuarekin berbatutako 40 milioiko ekarpena ziurtatu behar dutela esan du.
Adinekoen zaintza
Asteon jakinarazi du diputazioak Elorrioko adinekoen egoitza bizikidetza unitate bihurtzeko lanak hasi dituela. Beste zortzi egoitzatan prozesu bera egingo dela iragarri du Rementeriak. Guztira, 868 plaza gehiago egongo dira elkarbizitza unitateotan. Eraldaketaren ondorioz, 243 plaza gutxiago egongo dira egoitza horietan, baina 120ko zentro berri bi zabalduko dira plaza gehien beharko diren tokietan: Sestaon eta Durangaldean.
Eraldaketa horren bigarren oina ekipo espezializatuak dituzten zentro soziosanitarioak dira. Bilbon, Birjinetxekoa martxan dago, eta ahaldun nagusiak esan du Gernikako ospitalean 25 plazako beste bat atonduko dutela: urtarrilean hasiko dira lanak eta urtebetean prest egongo da. Beste bi ere egingo dira ondoren: Leioan, Uriberako; Sestaon, Ezkerraldea-Enkarterrirako. EtxeTic zentro berriak ere iragarri ditu: Zallakoa, Mungiakoa, Basaurikoa eta Markina-Xemeingoa.
Ekonomia
Aurreikuspen “ilunak” gorabehera, egungo datu ekonomikoak “onak” direla esan du: BPGa %5,1 handitu da azken hiruhilekoan, langabezia tasa 2009tik izandako onena da, eta Gizarte Segurantzan 2005ean baino %8 afiliatu gehiago daude. “Ez dakit zer gertatuko den, baina foru aldundia enplegua eta jarduera ekonomika bultzatzen ibiliko da, enpresei ondo badoakie, bizkaitarrei ondo doakielako”. Joan den astean Bizkaia dorrea ireki zutela gogoratu du. “Bizkaiak industria izaten jarraitu behar du, eta dorrea gakoa da”.
Bizkaitarrei esan die diputazioak ezin duela KPIaren %10eko gorakada saihestu, baina gutxiago nabaritzeko erabakiak hartu dituztela eta gehiago hartuko dituztela ziurtatu die. “Prezio igoera laurden bat neutralizatu dugu”.