Ibai Maruri Bilbao
“Bukatu gabe zegoen babeslekuan sartuta egon nintzen hiru orduz, hurrengo bonbak noiz lurperatuko gintuen esperoan”, kontatzen zuen Luis Iriondok (Gernika-Lumo, 1932-2022) 1937ko apirilaren 26an bizi izandakoa. Alemaniako hegazkin naziek egindako bonbardaketaren lekuko izan zen. Eta eztanda artean suntsitutako Gernika haren memoria izan da, joan den astelehenean hil zen arte. 100 urte bete eta aste gutxira zendu da. Martitzenean egin zioten hileta sorterrian.
Batxilergoko hirugarren mailako ikasketak egiten ari zen Iriondo gerra hasi zenean. Aita sozialista zuen, eta ama, monarkikoa. Lau neba-arrebetan bigarrena zen Iriondo. Dagoeneko 85 urte igaro diren arren, bonbardaketaren eguna ondo baino hobeto gogoratzen zuen: “Babeslekuan airea falta zitzaidala sentitzen nuen, eta beldur nintzen han lurperatuta hilko ote nintzen”. Memoria argiari eutsi zion hil arte, eta erasoaren lekuko izan zirenen ahotsa ere izan da hamarkada luzez.
Margolaritza zen haren zaletasun handienetako bat. Jose Antonio Uriguenekin batera sortu zuen Gernika-Lumoko Arteskola, orain dela 59 urte. Irakasle aritu zen han, eta herriko artista askoren sustatzailea izan zen. Artea eta memoria uztartuta, Pablo Picassoren Gernika koadroak Gernika-Lumon egon behar duen aldarrikapena ere sarritan zabaldu zuen Iriondok.
Kultur sortzaile garrantzitsua izan da. Hainbat ipuin eta antzezlan sortzeaz gain, Amatxu zarzuela eta Francisco Escuderoren Gernika euskal operaren gidoiak ere idatzi zituen. Bere bizipenetan oinarritutako El chico de Guernica (2011) eta Gernika y otros escritos (2015) liburuak argitaratu zituen.