“XXI. menderako funikularra”

“XXI. menderako funikularra”

Ibai Maruri Bilbao

Duela zazpi urte ospatu zuen Bilboko Artxandako funikularrak mendeurrena. Martxan hasi zenetik hainbat egokitze lan egin dizkiote, baina orain birmoldaketa sakonena egingo diote, “XXI. menderako funikular bihurtzeko”. Bilboko Udalak Artxanda suspertzeko plana du esku artean. Hari esker, gora igoko den jendea “nabarmen” ugarituko dela espero dute: urte gutxiren buruan, kopurua bikoiztu egingo dela aurreikusi dute. 2019koa da egungo marka: milioi bat bidaiarik erabili zuten orduko hartan. Horregatik, gorakada horri aurre egiteko egokitzea da lanon asmoetako bat. Besteak beste, bagoiak berrituko dituzte, eta, gaur egun, orduero 70 bidaiari garraiatzeko gaitasuna badu, aurrerantzean 120 garraiatu ahalko ditu.

Europako Mugikortasun Astearen testuinguruan, Nora Abete Bilboko Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotziak proiektuen xehetasunak eman ditu. Europako Batasuneko Next Generation funtsetik 1,7 milioi euro erabiliko dituzte birmoldaketa finantzatzeko. Lau proiektu diseinatu ditu udalak, eta horietako bat da bagoiak berritzekoa. Hala ere, bidaiari kopurua handitzea ez da lortuko soilik azpiegituraren edukiera aldatuta. Bidaien maiztasuna ere handituko da, aldi berean. Bide batez, azpiegituraren segurtasuna indartzen ere lagunduko dute bagoi berriek, kontrol eta aginte sistema berriekin. 3,4 milioi euro erabiliko dira bagoiak erosteko; horietatik 470.000 euro Europako funtsetakoak izango dira.

Era berean, goiko geltokia goitik behera berrituko dute. “Itxura erakargarriagoa izango du, eta bat egingo duArtxanda mendiaren inguruan egiten diren jarduerekin”, azaldu du zinegotziak. Eraikineko eremu publikoa eraldatu egingo dute, “garraio beharrizan berriak beteko dituen geltoki moderno eta funtzionala lortzeko”. Horrez gainera, geltokia operatiboki ere hobetu nahi dute, txartelak balioztatzeko ateak eta makinak, itxarongelak eta abar jarrita. Eta komenentziako dendentzako eta merchandising-eko gauzen saltokietarako guneak ere ipiniko dituzte. Goiko geltokiko lan horiek datorren urtean hastea da Bilboko Udalaren asmoa.

Iraunkortasuna ere helburu

Beheko geltokian, nagusian, lorategi bertikal bat sortuko dute kanpoko aldeko horman. Zinegotziaren arabera, horri esker, Castaños eta Matiko lotuko dira landaredia naturalaren bitartez, Castañosko eremu berdea handituko dute, eta, ondorioz, Funikularraren plazaren itxura hobetuko da eta biodibertsitatea ugarituko. “Proiektua ez da bakarrik estetikoa: airearen kalitatea hobetuko du, giroko tenperatura jaitsiko du, eta barruko eta kanpoko ingurune zarata gutxituko du;. Horri guztiari esker, areagotu egingo da ongizate sentsazioa eta herritarren arteko elkarrekintza”, adierazi du Abetek.

Laugarren proiektua energiari lotuta dago, eta hark ere izango du eragina ongizatean. Plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte funikularraren ondoko patinaje pistaren teilatuan, eta frenatze energia aprobetxatzeko sistema martxan ipini dute dagoeneko. Neurri horiekin azpiegiturak bere energia beharrak beteko ditu, eta soberakinak argindar sarera igorriko ditu. Funikularrak energia kontsumoaren %20 eta %25 artean gutxitu du aurten, frenatze sistemarekin. Urte bukaeran, behin eguzki planak ipintzen direnean, energia kontsumoaren %50 baino gehiago aurreztuko dute.