Natalia Salazar Orbe
Irailaren 1az geroztik, Bilboko Zazpikaleetara sartzen diren ibilgailuak kontrolatzeko baliabideak martxan daude. Hain zuzen, Oinezkoen Lehentasuneko Eremuen Ordenantza berria indarrean sartu da. Horren bidez, eremu horretan sartzen diren ibilgailuak monitorizatu eta kontrolatzen hasi dira, matrikulak irakurtzen dituzten gailu digital batzuen bidez. Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak azaldu duenez, “oinezkoari erabateko lehentasuna eman gura” izan diote, “dauden interes guztiak kontuan izanik: bertan bizi direnak edo bertan lan egiten dutenak zein bisitan datozenak”.
Sartu eta irteteko baldintzak apenas aldatu direnez, aldaketa handirik ez dutela nabarituko uste du Bihotzean auzo elkarteko presidente Alberto Gomez Gonzalezek. Eurek neurri zorrotzagoak nahi zituzten eremu batzuetan. Alde Zaharreko Merkatarien elkarteko zuzendari Janire Torviscoren esanetan, berriz, hasieran ibilgailuen kontrolerako araudia oso zorrotza zen arren lortu dute malgutzea, eta orain “ondo” deritzote.
Hala ere, lehen egunak “apur bat arraroak” izan direla aitortu du Torviscok: “Egokitzapen prozesu bat egin behar dugu, zalantza asko sortzen baitira. Eta prozesu horretan gaude”. Zalantza guztiak argitu eta beharrezko izapideak egiteko bulegoa jarri du Bilboko Udalak auzoan bertan, Unamuno plazan.
Baimenak eskatu beharra
Neurri berriak ekarriko duen aldaketetako bat “baimena eskatu beharra” dela azaldu du Torviscok. “Orain arte autoaren kontsumo arduratsua egiten zen. Dena den, jakin badakigu bateren batzuk gura beste aldiz sartzen zirela eta orain hori kontrolatu nahi dute”. Gomezek uste du orain artean ere araudia betetzen zutela gehienek: “Arauak errespetatu izan dira. Auzokideen aldetik, bai, eta uste dut merkatari eta ostalarien banatzaileek ere errespetatu dituztela. Azken batean, udaltzainak zebiltzan bertatik”.?
Auzo elkarteko presidentea hiriko esparruetan oinezkoei lehentasuna emateko neurrien alde azaldu da. Are gehiago, adierazi du Zazpikaleetan bertan ibilgailuei kale gehiagotan sartzea debekatzea nahiko luketela: “Auzo osoa oinezkoentzat uztearen alde gaude”. Haren ustetan, “Alde Zaharra eratuta dagoen moduagatik, auto asko pasatzen badira auzoko bizitza ere kaltetzen dute”.
Dena den, zenbait neurrirekin ez daude ados. Besteak beste, auzokideei auzoan ibilgailua sartzeko urtean jarri dieten 48 aldien mugarekin. “Guk udalari planteatu genion hasieran ez jartzeko mugarik, eta gero datuak aztertzeko. Datuetatik ondorioztatuko balute sartu-irtenak mugatu behar dituztela, egin dezatela”, esan du Gomezek. “Karga handiena hornitzaile eta banatzaileena da; goizeko trafikoa. Gehienak ostalaritza eta merkataritzako hornitzaileak dira”.
Turismoaren kontrola
Bilboko Udala araudia osatzen ari zenean, Bihotzean auzo elkarteak zenbait emendakin aurkeztu zituen. “Eskatu genuen gure ustez turistekiko dagoen diskriminazio positiboa desagertzeko”, azaldu du Gomezek. “Izan ere, turistak hoteleraino sar daitezke [autoz] denbora mugarik barik”. Haren esanetan, ez dute uste “turismoa horrenbeste babestu behar denik, kontuan hartuta ez dagoela plan bat auzoan duen eragina aztertzeko edota, gutxienez, eragiten dituen kalteak hobetzeko”.
Bestalde, Gomezek uste du araudiak eskola bideetarako kale gehiago jaso beharko lituzkeela. “Eskolara sartzeko orduak hornitzaileak ibiltzen diren ordutegi berak dira. Horrek arriskuak sor ditzake, kamioiak ibiltzen baitira auzotik umeak eskolara sartu behar diren orduetan”. Gogora ekarri du orain badaudela bide batzuk ibilgailuak ezin daitezkeenak pasatu goizeko ordu jakin batzuetan: “Era horretako bide gehiago ezarri beharko lituzkete”.
Torviscoren hitzetan, berriz, “alegazio asko” egin zituztenez, lortu zuten merkatariek euren negozioetara euren autoak sartu ahal izatea. Izan ere, gogora ekarri duenez, “lehen proposatzen zuten merkatariek urtean 24 aldiz bakarrik sartu ahal izatea euren autoa euren lokaletara. Zamalanak egiteko ibilgailua zutenek ez zuten arazorik, baina euren autoa erabili behar zutenek, bai. Orain, zamalanetarako ordutegiaren barruan sar dezakete euren autoa baimena eskatuta”.
Merkataritza, goraka
Torviscok ez du uste neurri horiek guztiek eraginik izango dutenik merkataritzaren eta ostalaritzaren arrakastan, ezta kalterik eragingo dutenik ere. Horien bien joerari buruz galdetuta, erantzun du ostalaritza “goraka” doala: “Oso uda ona izan dugu”. Merkataritza ere “pixkanaka goraka” doala ikusten du. “Prozesua luzea eta gogorra izan da, baina ikusten ari gara goraka doala, eta pozik gaude”.
Pandemiak merkataritzan min handia egin duela aitortu du. Hala ere, haren esanetan, denda asko zarratu dituztela entzuten den arren, errealitatea bestelakoa da: “Zenbakiei begiratuta, ez dira horrenbeste”. Aurreko urteekin alderatuta —2018a erreferentziatzat hartuta—, “ez da horrenbesteko alderik nabaritu”.