N. Salazar Orbe
Bermeoko Alde Zaharrean aspalditik darabilte Bilboko Zazpikaleetan martxan jarri berri duten sistemaren antzekoa. Hamar urtetik gora dira jada eremuan oinezkoei lehentasuna emateko helburuarekin ibilgailuen sarrera mugatzeari ekin ziotenetik. Sistema desberdinak erabili dituzte urteotan, eta azkena, Bilbon egin duten bezala, bideozaintza bidezkoa da. Urte batzuk daramatza martxan jada sistema horrek.
Maribi Larrañaga Peña Haitz Nagusije Bermeoko auzo elkarteko kidea da, eta oinezkoei lehentasuna ematea ezinbestekoa zela uste du. Hasiera-hasieratik jo zuten beharrezkotzat alde zaharreko bizilagunek: “Bermeoko Alde Zaharra handia da. Kaleak estuak dira. Auto batzuk egun osoan egoten ziren kalean aparkatuta. Alde Zaharreko bizilagunentzat oso positiboa izan zen aldaketa”.
Hala ere, merkatari eta ostalariak kexu azaldu ziren hasieran. “Negozioak dituztenek ez zuten ondo hartu”, esan du Larrañagak. “Lehen ama ile apaindegira autoz eraman zezaketela esaten zuenik ere izan zen. Orain ere egin daiteke, ordea. Baimena eskatuta sar zaitezke Alde Zaharrean. Ez dizute arazorik jarriko”, adierazi du. Gainera, goizetan edonor sar daiteke zamalanak egiteko.
Zorroztasunik eza
Araudia ez da batere zorrotza, Larrañagaren esanetan. “Noski, lehenago sar zintezkeen Alde Zaharrera goialdetik eta buelta osoa egin Bermeo behealdean agertzeko. Arauak zorroztea batzuei ez zaie gustatu”. Gainera, merkataritzan egon den “beherakada” batzuek oinezkoei lehentasuna eman izanari egosten diotela esan du. “Ez daukatenez errua nori bota, esaten dute Alde Zaharra itxi izanaren ondorio izan dela”. Hark argi du beherakada horren arrazoia ez dela hori. “Soziologikoki asko aldatu gara”, azaldu du: “Orain online erosten dugu asko. Amazon da nagusi erosketetan. Gainera, bi urtetan geldi egon gara [pandemiaren erruz]”.
Orain Alde Zaharrean lokalak irekitzen hasi direla iragarri du. “Udalak kanpaina bat egin du. Laguntza batzuk ematen ditu alokairua ordaintzeko, eta bateren batzuek zabaldu dituzte lokalak: poke janari hawaiarrarena; altzariak berritzeko bat; meditazioa egiteko lekua… Animatu dira batzuk, badoa gauza aurrerantz”.
Lehenago denda pila egoten zirela ekarri du gogora. “Eta denentzako negozioa egoten zen”. Orain, Bilbon dauden kate handiek merkatu hori hartu dutela uste du. “Eskatu eta bidali egiten dizkizute arropak. Probatu eta ez badaukazu ondo, bueltan bidal ditzakezu. Gazteek asko jotzen dute horretara”.
Beraz, Larrañagak ez du uste ibilgailuen sarreraren kontrolak eraginik izan duenik merkataritzaren alde zaharreko gainbeheran. “Gu, elkarte moduan, pozik gaude. Kontrako kritikak izan ditugu, baina beti ezin denen gustua egin”, adierazi du.