A. Igartua Aristondo
Disko berria asteon kaleratu du Neomak taldeak —Ilargi berriak (Airaka)— eta hala nola hango kantuak joko dituzte etzi Getxo Folken, Muxikebarrin, 20:00etan. Tradizioan bermatuta, estilo nahasketara jotzen dute, Amets Ormaetxea Ezpeleta kidearen arabera (Arrasate, Gipuzkoa, 1997).
Musika tradizionalean oinarritzen da Neomak. Zuentzat zer da tradizioa?
Betidanik jaso izan dugun zeozer. Hamar urte daramatzagu batera jotzen, txikitatik egon izan gara trikiti eskolatan, txapelketetan… Barru-barruan daukagu, eta beti hor mantenduko dugu.
Nolakoa da zuen estiloa?
Definitzeko zaila da. Disko berriak zazpi kantu ditu, eta apur bat denetatik dauka: folk musika, garaikidea, modernoa… Nahasketa antzeko bat egin dugu.
Nahaste horren helburuetako bat da publiko berriengana heltzea?
Nahasteak ez du helburu bat; barrutik atera behar genuen zeozer da. Gure zuztarrak tradizionalak dira, baina neska gazteak gara, 24 eta 27 urte bitartekoak, eta guk gaur egun entzuten dugun musika ez da bakarrik tradizionala. Gure kutsua ematen diogu, guk entzungo dugun musika sortuta.
Esaterako, Tanxugueirasek ere tradizioa musika elektronikoarekin nahasten du, eta musikari gazte askok jotzen dute nahasketa horietara. Folkaren belaunaldi berrien ezaugarri bat da?
Bai, izan daiteke. Musika tradizionala eraldatzen jende asko dabil, nahiz eta, agian, orain irabazi duen ikusgaitasuna, Tanxugueiras Eurovision jaialdirako aurkeztu ondoren.
Zeintzuk izan dira zuen erreferenteak?
Kepa Junkerarekin urte pila bat ibili gara, eta, tradizioaren barruan egon arren, beti ibili da eraldatzen; harengandik asko jaso dugu. Rosaliarengan ere erreparatu dugu: hark ere tradiziora jotzen du, baina musika modernizatua da. Musika estilo asko izan ditugu erreferente.
Iaz sortu zen Neomak. Zergatik?
Hainbeste urte batera ibili eta gero, pare bat urteko geldialdia egon zen, eta guk faltan sumatzen genuen jotzea. Entseatzen jarraitu genuen, baina helbururik gabe. Kasualitatez, aukera izan genuen Arrasateko jaialdi batean parte hartzeko. Gero, Nafarroako Trikiti Jaialditik deitu ziguten, eta zeozer berezia prestatu genuen. Orduan irten ginen lehen aldiz plazara Neomak izenarekin.
Sinbolikoki, zer biltzen du Neomak taldeak?
Tradizioa eta gaurkotasuna nahasten ditu. Azkenean, betiko emakumetzat jo izan gaituzte, eta hori apurtu ere gura izan dugu, baina ahaztu barik nondik gatozen. Horregatik ilargia eta emakumea: nahiz eta berriak izan, betikoak izaten jarraitzen dugu.
Zer duzue burutan etzirako?
Gutako batzuk Getxo Folken egonak gara Keparekin jotzen. Aurten, disko berriko kantuak joko ditugu, moldaketa batzuk, kantu tradizionalak… Denetatik izango da, ez kontzertu soil bat. Guk, behintzat, espektakulu bat bezala kontsideratzen dugu. Eta sorpresatxo batzuk ere egongo dira.
(Argakzian: Neomak taldeko kideak. Eskuinetik hirugarrena da Amets Ormaetxea Ezpeleta)