Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako berritze obren ostean, Bilboko Udala prest da Komunitate Plana abian jartzeko. 2012 eta 2016 artean, zazpi milioi euro pasatxoko aurrekontua izango du bizikidetza bultzatzeko egitasmo horrek, eta gizarte gaiak landuko ditu batik bat, nahiz eta Sabin Anuzita Euskara, Gazteria eta Kirol zinegotziak asmoa agertu duen azpiegiturak hobetzen jarraitzeko ere.
Bizi-kalitatea, herritarren arteko harremanak, azpiegiturak eta hedapen ekonomikoa hartu dituzte ardatz, eta, hala, zazpi jarduera ildo nagusi ezarri dituzte: plan komunitarioa, aniztasunean esku hartzeko plana, adinekoei arreta emateko plana, familiei laguntzeko plana, komunitatean gizarteratzeko plana, hezkuntza laguntzeko plana eta ekonomia suspertzeko plana. “Ekintza batzuk zenbatu egin ahal izango dira, baina zailagoa izango da beste neurri sozialago batzuk neurtzea”, azaldu du Anuzitak.
Gizagune zentroko arduradun Yolanda Muñozek zehaztu du neurri sozial horietako asko lehen azpiplanean egongo direla; plan komunitarioan, hain zuzen. “Auzokoen eskaera nagusietako bat da pertsonen arteko harremanekin lotuta egotea”. Hartara, eskura jarri diete bitartekaritza zerbitzua, baita gatazkak kudeatzeko lantaldea ere: “Oso emaitza onak izan ditu Otxarkoagan, alarma soziala sor zezaketen arazoak saihesteko”.
Prebentzioa ere landuko dutela erantsi du: “Gure eguneroko portaerek ez dezaten eragozpenik sor”. “Funtsean, komunitate horri tresna batzuk emango dizkiogu bizikidetza hobe dezaten, baina inor estigmatizatu gabe”, laburtu du Anuzitak.
Udalak 7.439.617 euro erabiliko ditu Komunitate Plana garatzeko. Horietako sei, hain zuzen, udalak berak jarriko ditu, eta gainerakoa Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Europako zenbait erakundek jarriko dute.
Parte hartzeak legitimatuta
Hiru auzootako bizilagunekin, elkarteekin eta beste administrazioekin prestatu du plana udalak. Anuzitak zehaztu du herritarren %7k parte hartu dutela: “Kopuru txikia dirudi, baina handia da, %5 izaten delako”. Hori dela eta, zinegotziak uste du parte hartzeak legitimatzen duela egitasmoa: “Elkarteek eta herritarrek amets egin zuten zelako auzoa nahi zuten, eta guk paperean jarri ditugu amets haiek”.