Bilduk erantzuteko eskatu dio Iñaki Azkunaren taldeari, Zorrotzaurre planaren barruan Bilboko Udalak Sarrikon egin nahi duen zentral termikoaren inguruan bizilagunek kezka agertu dutela eta. Joan den ostiralean gaiari buruzko informazio bilera bat antolatu zuen koalizio horrek San Inazioko udaltegian, eta han, Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak berretsi zuen Deustua, San Inazio, Sarriko eta inguruko auzotarrek “zalantza eta kezka ugari” dauzkatela: “Erabat zabalduta dago udala informazioa ezkutatzen ari delako irudipena”. Hala, mozio bat aurkeztuko du datorren asteazkeneko udalbatzarrean, udal gobernuari informazioa eta “gardentasuna” eskatzeko.
Egitasmoari begira, orain arte urrats bakarra egin du udalak: Zorrotzaurre planaren barruan zentralerako lursail bat gorde. “Etorkizunean termikoa eraiki ahal izateko, orain lurzorua erreserbatu egin behar dute. Gero, eraikiko dute edo ez, baina badakigu udalak apustu argia egin duela sistema horren alde”, azaldu du Ibaibarriagak.
District heating izeneko zentral termiko bat egiteko asmoa du udalak; hau da, auzorako zentral bat. Baina, horrez gain, oso informazio gutxi dago proiektuaren inguruan. Hartara, Bilduk eskatu dio argi dezala zein instalazio mota izango den, zenbat tximinia edukiko dituen eta zein altueratakoak, zein kalte eragin ditzakeen eta zergatik aukeratu duen sistema hori, “kutsadura eta eragozpen gutxiago sortzen duten beste batzuen ordez”.