Tratu txarrak jasanda Santurtziko Udaleko Emakumeen Zerbitzura laguntza bila doazen lau andretik hiruk seme-alabak dauzkate, eta %75 inguru adingabeak dira. Beraz, nola azaldu umeei aitak tratu txarrak ematen dizkiola amari? Udalak eskatuta, auzia aztertu du Sortzen aholkularitzak. Genero indarkeriaren biktimen ama rolaz mintzatu da Sortzen-eko zuzendaria, Norma Vazquez psikologo eta psikoterapeuta.
Tratu txarrak jasaten dituzten amen profil zehatzik ba al dago?
Amatasunari buruzko ideia komuna dute denek: amatasuna da garrantzitsuena emakumeentzat, ama da seme-alaben bizitzako pertsonarik garrantzitsuena, amak ateratzen ditu aurrera, amari dagokio haien ongizateaz arduratzea… Ez dago alde handirik naziotasunaren, ume kopuruaren edota tratu txarren iraupenaren arabera. Indarkeriaren abagunean, haurrak erabakigarritzat dituzte, haiengan pentsatzen dute erabaki bat hartzean.
Baina erabaki hori harremanari eustea izan daiteke, edo harremana apurtzea, ezta?
Bai, seme-alaben bidez justifikatzen dute: “Ez dut bikotekidea utziko umeengatik”, edo “utziko dut umeengatik”. Batzuetan, amek erasotzailearekin harremanean jarraitzen dute, seme-alabak “giro normal” batean hezi nahi dituztelako, amarekin eta aitarekin. Familia tradizionalaren ideiak indar handia du, zeren harrigarria da indarkeria giroa normaltzat hartzea. Baina, beste batzuetan, umeak funtsezko argudio dira harremana hausteko, aurretik moztu izan ez arren: “Orain, konturatu egiten direlako; kolpeak ikusten dituzte, eta ezin dut toleratu”.
Tratu txarrak jasaten dituzten ama askok erasotzailea defendatzen dute, seme-alabek pentsa dezaten aita ona dela. Zergatik?
Ama onaren rola betetzeko aitaren irudi ona transmititu behar dutela uste dute. Andreek kontatu digutenez, horrek ahalegin handia eskatzen zien, haurrek ikusten edo entzuten zutena minimizatzeko: esaten zieten aita gaixo zegoela, garai txar bat pasatzen ari zela, arazo asko zeuzkala… Seme-alabak txikiak zirenean eta aitarekin bizi zirenean batik bat. Gerora, bikotea banatutakoan, gauzak alda daitezke: amak ikusten badu haurrak aitarekin ondo moldatzen direla, haserre daiteke. Arazo konplexua da, eta jokabideak ere bai.
Hartara, haurrei, oro har, ez zaie tratu txarrei buruz hitz egiten?
Askotan isiltasuna erabiltzen da da haurrak babesteko, baina umeek antzeman dezakete, adibidez, gurasoen arteko harremana hotza dela, ama triste dagoela… Baina errealitate hori ukatu egiten zaie, eta indarkeria jazoeraren bat ikusten dutenean, gezurra ere esaten zaie. Aldiz, egun batean, polizia-etxera eramaten dituzte, edo harrera etxe batera, eta gero agian aita espetxeratzen dute… Eta hor ere inork ez die ezer azaltzen, errazena delako esatea dena ondo doala.
Zein ondorio du haurrengan indarkeria egoera horietan bizitzeak?
Batetik, sintoma fisikoak agertzen dira: jokabide nahasmenduak, elikatzeko edo lo egiteko arazoak… Sarritan, amek ez dituzte lotzen gaixotasun horiek indarkeriaren bizipenekin; pentsatzen dute adin kontuak direla, edo eskolan dutela arazoren bat… Bestetik, hainbat haurrengan egonezina psikikoa da, eta urte askoren ondoren agertzen da. Amen beldur handiena da haurrek aitaren jokabide bortitzak ikastea, baina hori mutilekin gertatzen da batik bat; beraz, irudi lezake neskekin ez dela ezer gertatzen, alor emozionala ahaztu egiten da. Hainbat kasutan, ordea, heldutasun handiko neskak dira, ama hain txikituta ikustean haren rola hartzen dutenak, eta, gainera, beren inguruan jokabide arduratsu hori goresten dute, hain justu, ez delako gatazkatsua. Baina ikusten ari gara hamar edo hogei urtera emakume horiek arazo emozional handiak dituztela.
Haurrei argi hitz egin behar zaie genero indarkeriari buruz?
Bai, baina argi hitz egiteak ez du esan nahi xehetasunez kontatu behar zaizkienik aitak amari egin dizkion gauza guztiak. Senideren bat gaixotzen edo hiltzen denean bezala, tratu txarrena ere esan behar zaie. Haurraren adinaren, heldutasunaren, ulertzeko gaitasunaren eta egoeraren arabera erabaki behar da zer eta nola esan zehazki, baina jakinarazi behar zaie aitak txarto dagoen zerbait egin duela; eta aitak urruntze agindua edo espetxealdia izanez gero, argi utzi behar zaie jokabide okerrek zigorra dakartela. Galdetu ere egin dakieke; emakumeak, hori egiten dutenean, harrituta geratzen dira, umeek gertaera asko gogoratzen dituztelako. Haurrak ez dira ergelak, gauzez konturatzen dira. Umeen ulertzeko gaitasunera egokitutako egia gezurra baino askoz hobea da.
Lehen aipatu duzun egonezina saihets dezake komunikazioak?
Bai. Zeren batzuetan sufrimendua handiagoa da haurrek zerbait antzematen edo sumatzen dutenean baina ingurukoek, egiaztatu ordez, ukatzen dietenean. Haurrak heldu izan arte itxaroten dute ama askok tratu txarren berri emateko, eta, orduan, seme-alaba batzuek txarto erreakzionatu izan dute, engainatuta sentitu direlako: haiek bazekiten zer gertatzen ari zen, eta mundu guztiak kontrakoa esaten zien.
Administrazioak indarkeria jasandakoekin egiten duen lanak emakume izaera lantzen al du, eta ez hainbeste ama izaera?
Bai, baina oso esparru konplexua da. Indarkeria jasan dutenen emakume izaera hori lantzea errazagoa da, andreak prest daudelako beren buruaz hitz egiteko, baina, amatasuna aipatzen zaienean, harresi bat jartzen dute: seme-alabak ondo daudela ziurtatzen tematzen dira, eta ez dute onartzen ama gisa egindakoa inork auzitan jartzea. Ez da harritzekoa, kontuan izanda amaren irudiaren inguruan eraiki dugun instituzio kultural-erlijiosoa. Asko kostatzen zaie onartzea indarkeriak kalte egin diela umeei; errudun sentitzen dira.
Seme-alabekin ere ez da ia lanik egiten, ezta?
Gutxiago. Haurren egokitzeko gaitasunean konfiantza gehiegi jartzen da; ematen du euren kabuz gaindituko dutela dena, umeak direlako. Eta jokabide gatazkatsuak agertzen direnean baino ez da haiekin lan egiten.
Haurrekin tratu txarrez hitz egiteak guraso alienazioaren sindromearen teoria indar dezakeela uste duzu?
Hori indartsu zegoen amak hitz egiten hasi aurretik ere… Teoria hori erabat misoginoa da, eta ez du oinarri zientifikorik. Ikuspegi juridikotik ere auzitan jarrita dago; Bizkaiko Lurralde Auzitegiak berak ez du onartzen. Tratu txarrak erabiliz amek seme-alabak aitaren aurka alienatzen dituztela esatea oso ikuspegi sinplea da, eta indarkeriaren arazoa, aldiz, oso konplexua.