Askotariko kulturak dantzan

Askotariko kulturak dantzan

Olatz Enzunza Mallona

Folk musikaren uholdeak blaituko du Urduña asteburuan. Ikasturte berria hasteko, Urdufolk jaialdia egingo dute igandera bitarte, eta, antolatzaileen hitzetan, “jaialditik harago” joango da hamargarren aldi hori. “Artistaz beteriko kartel” gisa definitu du egitaraua Joseba Urruela jaialdiaren antolatzaileak. Hain zuzen, hainbat izango dira egunotan Foruen plazako eszenatokian ariko diren artistak: “Aurten ez dago kartelburu bakarra: bertara datozen lau taldeak dira kalitate gorenekoak”. Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat herritako folklorearen erakusgarri diren kideak batuko dira udalerrian, eta, horietan, emakumeak izango dira protagonista nagusiak. Saio guztiak doan izango dira.

Antolatzaileen hitzetan, hiru ardatz nagusi ditu aurtengo jaialdiak. “Hamargarren aldi honetan, emakumeek protagonismo berezia izatea nahi genuen, eta, hori bermatzeko, emakumeak presente egongo dira jaialdian parte hartuko duten kontzertu guztietan”, nabarmendu du Urruelak. Talde guztiak egongo dira emakumez osatuta.

Ingurumena errespetatzea ere bada jaialdiaren helburuetako bat: “Musika jaialdi batean, saihetsezina da hondakinik ez sortzea, baina eragindako kaltea konpentsatu nahi dugu”. Jaialdia amaitzean, nolako inpaktua izan duen kalkulatuko da, eta horren araberako neurriak hartuko dituzte: zenbat karbono dioxido isuri den kontuan hartuta, zuhaitz kopuru jakin bat landatuko dute. Bestalde, turismoa indartzeko ere baliatu nahi dute folklore jaialdia.

Judit Nedddermann: "Alejandro Sanz me puso en el mapa a nivel de prestigio"

Egitarau zabala

Atzo abiatu zen folk jaialdia: Iñaki Plaza eta Ion Garmendia musikariek euskal musika tresnen inguruko kontzertu didaktikoa egin zuten. Gaurtik igandera, baina, beste hainbat ekitaldiz gozatu ahal izango da.

19:30ean, El Trasno dultzainero taldeak kalejira egingo du Urduñako kaleetan barrena. Eta hura amaitzean, 21:00etan, Judit Neddermann abeslari kataluniarrak eta Las Karamba taldeak kontzertua emango dute. Aire lan berria aurkeztuko du Neddermannek, eta Las Karamba taldeak, berriz, publikoa dantzan jarriko du txa-txa-txa, saltsa, timba eta musika urbanoa joz. “Estiloen nahasketa bat izango da Las Karamba. Publikoak asko gozatuko du, eta ziur nago jaialdiko kontzerturik dantzagarriena izango dela”, esan du Urruelak. Kontzertuen ondoren, DJ Urdufolk arduratuko da udalerriko gaua girotzeaz.

Bihar, dultzaina doinuz beteko dira Urduñako kaleak berriz ere: eguerdiko ordu batean egingo du kalejira El Trasno taldeak. Arratsaldean, berriz, Txistuaren historia, “orduñar erara” hitzaldia eta mahai ingurua egingo du Koldo Ulibarri txistulariak. Alondegiko areto nagusian izango da, 17:30ean.

KUTTUNE

Gauean, berriz, Kuttune eta Las Migas taldeak igoko dira Foruen plazako oholtza nagusira. Urruelak jakinarazi duenez, euskal musika beste musika estilo batzuekin uztartuko du Kuttune taldeak: “Gure sustraiak abiapuntutzat hartuta, ibilbide berri bat eskainiko du: melodia eta erritmo tradizionalak Afrikako ipar-mendebaldeko erritmo bereizgarrienetara eramango dituzte, baita Ekialde Hurbileko sonoritate ezberdinetara eta Latinoamerikako Karibeko erritmoetara ere, besteak beste”. Las Migas taldeak ere “fusio bat” egingo du: flamenkoa, jazza eta runba uztartuko ditu. Beste behin ere, DJ Urdufolkek itxiko du gaua.

Txomin & Txistuman Deskontzertua emanaldiarekin amaituko da aurtengo jaialdia, igande arratsaldean. Haurrentzako ikuskizuna izango da, eta munduko instrumentu tradizionalak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.