Natalia Salazar Orbe
Abuztuaren 26an bete ziren 950 urte Iurreta izena lehen aldiz agiri batean idatziz jaso zutenetik. 1072ko abuztuaren 26koa da, hain zuzen, Durangaldeko herriaren izena idatziz jasotzen duen lehen dokumentua, edo, gutxienez, orain artean ezagutzen den lehena. Egun historiko hori gogora ekartzeko hainbat ekitaldi egiten ari dira Iurretan bertan. Bihar, etzi eta irailaren 7rako gehiago aurreikusi dituzte.
Iurretaren historia aztertu duten historialariek argitu dutenez, izenaren idatzizko lehen aipamen hori San Martin monasterioari lotuta egon liteke. Hain zuzen, Antso IV.a Nafarroako erregeak Iurretako San Martin oparitu zion Donemiliaga Kukulako monasterioari (Errioxa, Espainia). Opari hori Durangoko kondea eta Bizkaiko Jauna zen Iñigo Lopez Ezkerraren eta Toda Fortunez Ortiz Aulestia haren emaztearen oniritziarekin egin zuen erregeak, iturri berek azaldu dutenez. Uste dute oparitutako monasterioa gaur egungo Amatzako San Martin baselizaren aurretik zegoen eraikuntzaren bat zela.
Donazio horren berri jasotzen du 1072ko agiriak. Hala ere, herriaren izena ez zuten idatzi gaur egun idazten den bezala. Ihurrieta edo Ihurrueta idatzi zuten. Handik hiru urtera, berriz, Abadiñoko abadeek eta Donemiliaga Kukulako monasterioak liskarrak izan zituzten Arandiako lurren harira. Gertakari haiei buruzko agirietan, Hurrieta izena idatzita egin zioten aipamen Iurretari. “Iurretatik urrun zegoen Donemiliaga Kukula, eta badirudi izena ahoskatzeko edo entzuteko orduan arazoak izango zituztela”, esan du, irribarre artean, Jon Irazabalek, Durangaldeko historia eta ondarea zaindu, ikertu eta zabaltzeko helburua duen Gerediaga elkarteko kideak. Hain zuzen, egunotako oroitzapenezko ekitaldiak herritar talde batek antolatu ditu, Iurretako Udalaren eta Anderebide eta Gerediaga elkarteen laguntzarekin.