Abuztuaren 25ean hasi zituzten Iurreta izena agiri batean lehenengoz agertu zeneko 950. urteurrena ospatzeko ekitaldiak herrian bertan, eta irailaren 7ra arte jarraituko dute horiekin. Irteera bat, herrian zeharreko ibilaldi bat eta hitzaldi bat dituzte egiteko. Aurretik, jai giroan, plaka bat jarri zuten Iurretako parrokiako elizpean; beste egun batean, herritarrei gertakari historikoak azaldu zizkieten, eta, abuztuaren 31n, 1072ko Iurretari buruzko azalpenak ere eman zituzten.
Bihar, irailak 3
Irteera. Donemiliaga Kukulako monasterioa (Errioxa, Espainia) ezagutzeko irteera antolatu dute biharko. Iurretaren lehen aipamena gordetzen duen Becerro Galicano kodexa ikusteko aukera ere izango da. Bidaia 20 euro ordaindu behar da, eta joan nahi duenak izena eman behar du, 616-490 506 telefono zenbakira deituta.
Etzi, irailak 4
Ibilbidea. Iurretako Erdi Aroko historia gordetzen duten eremuetatik ibilaldia egingo dute etzi, 10:00etan hasita. Amatza, Goiuria, Arandiako Santa Apolonia eta Iurretako plaza bisitatuko dituzte. 23 lagunentzako lekua duen autobus batean egingo dute ibilbidea. Parte hartzeko, 616-490 506 telefono zenbakira deitu behar da.
Irailak 7
Hitzaldia. Juan Manuel Gonzalez Cembellinek Erdi Aroko janariak direla eta hitzaldia emango du hilaren 7an, 19:00etan, Ibarretxe kultur etxean. Ondoren, Ihurrieta 1072 urteurreneko aldizkaria aurkeztuko dute. Jakietako batzuk dastatzeko aukera emango dute.