Koldo Goitia: “Norbera saiatu behar da jaietan zabor kantitatea gutxitzen”

Koldo Goitia: “Norbera saiatu behar da jaietan zabor kantitatea gutxitzen”

N. S. O.

Sanantolinak ospatzen ari dira Lekeition. Astelehena izango dute egun handia, Antzara Eguna. Koldo Goitia Markuerkiaga alkateak (Lekeitio, 1968) festak hasi aurretik azaldu zuen jende oldea espero dutela, eta zaborra ez sortzeko kontzientziazio kanpaina egin dute azken egunotan.

Kezkatzen al zaituzte Lekeition egunotan sor daitekeen zabor kantitateak?

Kezkatzen gaitu, gehienbat, urte bi egon garelako San Antolin festarik eta Antzara Egunik barik. Elantxobe edota Gernikako festetan ikusi da inoiz baino jende gehiago egon dela. Zenbat eta jende gehiago egon, zabor gehiago sortzen dugu. Kezkatuta gaude, ez bakarrik zaborraren edo garbitasunaren arloan, baita segurtasunarenean ere: emakumeen kontrako erasoekin, kasurako.

Antzara Eguna izan daiteke egunik kritikoena?

Bai. Antzara Eguna beti izan da jende gehien erakarri duena, eta aurten, zubia izanik, aurreikusten da masiboa izango dela. Inoiz izan dugun dispositiborik bereziena antolatzen ari gara.

Udalak hartu al du neurririk zaborraren inguruko kontzientziazioa lantzeko?

Urtero egiten dugun bezala, kanpaina bat zabalduko dugu datorren astetik aurrera [aste honi aipamen eginez] jendeari ulertarazteko norbere erantzukizuna dela zaborrik ez sortzea. Batez ere, plastikoa da gehien sortzen den zaborra. Azken urteetan kaleko edana eta supermerkatuetan erositako edariak hartzeko joera areagotu egin da gure gazteen artean. 2019ko Antzara Egunaren ostean plastiko asko agertu zen, supermerkatuetako plastikozko botilak. Kanpainaren helburua da ahalik eta zabor gutxiena sortzea. Sortuz gero, zaborra dagokion edukiontzietara botatzeko eskatzen dugu, eta edalontziak, plastikozkoak erabili beharrean, konpostagarriak edo berrerabilgarriak direnak erabiltzeko.

Tabernarien artean ere bai?

Noizbait saiakera batzuk egin ditugu, baina ohiturak aldatzea ez da erraza. Atera genituen edalontzi batzuk tabernetan norberak hartu eta berriro erabiltzekoak, baina ez dakit ohitura kontua edo sentsibilizazio falta den, edo erlaxatuta gaudenean gauzak beste era batera ikusten direla, azkenean edalontzi horiek ez zutelako funtzionatu. Denok jotzen dugu betiko plastikozko edalontzietara, eta horiek denek behegainean amaitzen dute. Bestalde, portuaren inguruan, txosnagunean, txosna batzordeak esfortzu berezi bat egiten du euren edalontziak berriro erabiltzekoak izan daitezen. Horrez gain, zokalo antzeko bategaz ixten ditugu moila inguruak edalontziak eta zikinkeria itsasora ez jausteko. Horrek emaitza onak eman ditu azken urteetan. Hala ere, haizea badago edo beste faktore batzuen ondorioz, zaborra itsasora erortzen da. Hori ezin da ukatu.

Ohi baino edukiontzi gehiago jartzen dituzue zaborra errazago kudeatzeko?

Bai. Hala ere, kudeaketa ez da erraza. Edukiontzi asko jartzen ditugu jendeak zaborra dagokion lekura botatzeko. Eta, sarri, edukiontziak eurak agertzen dira itsasoan. Horrek hausnarketarako ematen du, ikusteko zer-nolako portaera duten batzuek. Edukiontziak lotu egin behar ditugu. Kaleko edanerako erabiltzen den inguruan ere edukiontzi mordoa jartzen dugu. Dena den, askotan, hurrengo egunean, edukiontzi horiek hondartzan edota itsasoan agertzen dira. Sano gaudenean denok gaude ingurumena zaintzearen alde, baina gero jai giroan gaudenean, askotan, eta ez denok, erlaxatu egiten gara.

Arazo nagusia kaleko edanaren inguruetan ikusten duzu?

Bai. Horrek sortzen du plastikozko zabor gehien. Erabiltzen diren edalontziak, botilak, plastikoak… Horiek izan ohi dira botata uzten direnak. Elantxoben ere ikusten zen: edalontziak bai, baina plastikozko botilak ziren gehien ikusten zirenak. Tabernariek euren inguruetan jartzen dituzte edukiontzi txikiak jendeak zaborra horietara botatzeko; hasi dira plastikozkoak eman beharrean biodegradagarriak diren edalontziak ematen. Hala ere, beste espazio batzuk kudeatzea askoz zailagoa da; kalea bera, esaterako.

Esan duzunez, zaborra ez sortzea edo ahalik eta gutxiena sortzea da Lekeitioko Udalaren helburua. Baina sortuta dagoenean, zer-nola egiten da bilketa? Posible da gaikako bilketa egitea garbitzaileek dena azkar batean jaso behar dutenean?

Saiatzen gara gaika batzen. 2019ko Antzara Egunean 7.500 kilo zabor jaso genuen. Herritarrek, hurrengo eguneko eguerdian kalera ateratzen direnerako, dena garbi egotea nahi dute. Nahiz eta inoiz baino baliabide gehiago jarri, denbora behar da garbitzeko. Azkartasun horretarako ekartzen ditugun kale garbigailu erraldoiek dena harrapatzen dute; lo dagoen laguna ere irensteko gai dira. Zenbat eta azkarrago kendu zaborrik handiena, hobeto, hurrengo egunean herriak martxan jarraitu behar duelako. Beraz, hor zaila da sailkatzea. Hala ere, gero, plantan, saiatzen gara sailkapena egiten. Zabor tona horietatik gehiena plastikoa izaten da. Jasotzean beharrean, gerora egiten da sailkapena. Norberaren erantzukizuna ere bada. Gu saiatuko gara ahalik eta zabor gutxiena sortzen eta sailkatzen, eta gehienbat itsasoa gehiago ez kutsatzen. Dena dela, norbera saiatu behar da jaietako zabor kantitatea gutxitzen.