Bizkaiko eta, zehazki, Basauriko langileen antzinako etxeei buruzko erakusketa bat zabaldu dute Basaurin bertan, San Migel auzoan, Taberna Mayor deritzon aretoan. Hain zuzen, 1911. eta 1936. urteen artean eraikitako “etxe merkeei” buruzko erakusketa bisitatzeko aukera dago datorren maiatzaren 25era arte.
Basauri: Elexalde bateratzea eta Urbi hiria (1923-1925) izeneko erakusketak Bizkaiko etxe merkeen artean Basaurin eraikitakoen historiari gainbegiratu bat ematen dio. Izan ere, han ere protagonista izan ziren etxe horiek. 1920. urtearen bueltan, bi etxe talde edo auzo eraiki zituzten: Elexalde eta Urbi hiria, hain zuzen.
Ikerketatik abiatuta
Ana Julia Gomez Artearen Historiako doktore eta historialariak egindako ikerketatik abiatuta prestatu dute erakusketa. 1990ean ekin zion Gomezek etxebizitza horien proiektuak egin zituzten arkitektoen, etxeotako kooperatibisten eta udaletako artxiboak aztertzeari. Ondoren, auzune guztiak katalogatu zituen, urbanizazioen argazkiak eta bideoak jasota.
Basaurin eraiki zituzten langileen etxebizitza horien antzekoak, besteak beste, Bilbon, Erandion, Arrigorriagan, Sestaon, Portugaleten, Barakaldon, Zallan eta Galdakaon ere egin zituzten. Eraikuntza horietako gehienak langileen ekimenez eratutako kooperatiben bitartez egin zituzten. Garai hartako arkitekto onenek landu zituzten proiektu haiek, eta, bereziki, euskal estilo berria, ingelesa eta barrakoi lauaren estiloak aukeratu zituzten.
Erakusketa ibiltaria da Basaurira iritsi dena. Izan ere, lehenago Bizkaiko Foru Aldundiaren artxibategian, Arrigorriagan eta Enkarterrin egon da. Oraingoan Basaurira egokitu dute, bertako etxeei buruzko informazioa jaso eta nabarmenduta.
San Migeleko Elexaldeko etxeak gaur egun oraindik egoera onean daude. Erreka ibarrean dagoen Urbi hirikoak, ordea, apurka desagertuz joan ziren industrialdeak hazi ahala. Ana Julia Gomezen arabera, azken auzune hori “Bizkai osoko anbizio eta estetika kalitate handieneko proiektua” izan zen.
San Migel eta Urbiko etxeen ugazabetako eta jabe ohietako batzuek erakusketarako hainbat objektu utzi dituzte, besteak beste, argazkiak, planoak, aurrezki libretak eta jabetza tituluak. Horiek ere, beraz, Taberna Mayor aretora joaten direnek ikusi ahal izango dituzte.
Erakusketa astelehenetik ostiralera dago zabalik: 10:30etik 13:15era eta 16:30etik 20:15era.