Gazte lokal erraldoi bihurtu zuten Durangoko gazteek udaletxe aurreko plaza joan den zapatuan. Lokalok arautzeko udalak onartu duen ordenantzaren helburua leku horiek ixtea dela iritzita eta aisiadirako kalea besterik ez zaiela geratzen arrazoituta, protesta udaletxe aurrera eramatea erabaki zuten gazteek.
Hainbat sofa, mahai eta aulkiz bete zuten plaza, eta lokaletako gazteak ez ziren falta izan. Ordenantza baten beharrizana ez dutela zalantzan jartzen azaldu dute behin eta berriz gazteek. Ordenantza hori eratzeko prozesuarekin agertu dira kritiko, ordea. Hain zuzen, udaleko ordezkariek ordenantza eurekin harremanetan jarri gabe, eurei iritzia eskatu gabe eta lokalak bisitatu gabe eratu eta onartu dutela salatu dute.
Horrez gain, araudiak ezartzen dituen zenbait betebehar “gehiegizkotzat” jo dituzte, eta eskakizun guztiak betetzea “ezinezkoa” zaiela azaldu dute. Miren Erdoizak gazteen izenean haien mezua plazaratu du: “Aireztatze egokia izatea edo su-itzalgailuak edukitzea ondo ikusten dugu, baina lokalak zaratatik babesteak, adibidez, 6.000 euro balio du”. Lokaletan egin beharreko aldaketa guztiak jabeen eta gazteen artean akordioak adostuta ordaindu beharko lituzkete.
Besteak beste, lokalek erantzukizun zibileko asegurua eta suteen prebentziorako sistema izan beharko dituzte. Horrez gain, jabeek lokalen egoera erregularizatzeko sei hilabeteren epean datuak eta agiriak aurkeztu beharko dituzte udaletxean.
Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostegunera 22:30era arte zabalik egoteko baimena daukate. Ostiral, larunbat eta jai bezperatan, 23:30era arte luzatu diete ordutegia. Udan, 23:00ak arte zabalik eduki ahal izango dituzte lokalak eta sanfaustoetan, Aste Santuan, Gabonetan eta inauterietan, 00:30era arte.
Atzera botatzeko eskaera
Ordenantzak ezarritako neurri, betebehar eta baldintzei erreparatuta, arau horiek “lokalak ixteko tresna baino ez” direla iritzi diote gazteek. Hortaz, udalari ordenantza “atzera botatzeko” eskatu diote. Gainera, era horretako araudiak egiterakoan euren iritzia kontuan har dezaten galdegin diote. “Guk, lokalen erabiltzaile izanda, zer esanik badugula uste dugu”, adierazi dute.
Horren haritik, “neurri koherenteak” aldarrikatu dituzte. Miren Erdoizak Gernika-Lumoko eta Elorrioko ereduak ekarri ditu gogora.
Gernika-Lumon Lonjakidetza prozesuaren bitartez eratu zuten gazte lokalak erregulatzeko araudia. Iaz onartu zuen bertako udalak gazteen lonjen erabilera arautzen duen legedia. Prozesu hartan gazteek, auzokideek, gurasoek, lokalen jabeek, teknikariek eta udaleko zinegotziek hartu zuten parte Lonjakidetzak deitu zituen batzarretan.
Gernika-Lumoko kasuan zarata zen arazorik larriena. Irtenbidea ordutegiak zehaztuta bilatu zuten: ostiraletan 06:00etatik 00:30era arte egon daitezke zabalik, eta 01:30era arte jai bezperatan; adingabeen lokalen kasuan, 23:30era arte ostiraletan zein jai bezperatan.
Zaratarekin lotuta, lokal horietan ezin dituzte erabili potentzia handiko musika ekipoak —75 dezibelean dute muga lokal barruan—. Bestalde, lokal berri bat irekitzeko kontratua sinatu behar dute jabearekin. Azpiegiturari dagokionez, argia, ura eta komuna izan behar dituzte lonjek, derrigor, baldintza onetan instalatuta, gainera.
Gernika-Lumon 70 lonja baino gehiago daude, eta 1.000 gazte inguru elkartzen dira lokal horietan. Durangon, bestalde, 50 gazte lokaletik gora daude gaur egun. Bertako PSE-EEko ordezkariek azaldu dutenez, azken bi urteetan lokalen erabilerarekin lotuta 230 salaketa jaso dituzte udalean. Hortik abiatuta, talde politiko horrek aurkeztu zuen Hirigintza Batzordean gerora udalak onartu duen ordenantzaren zirriborroa. EAJk, PSE-EEk eta PPk aldeko botoak eman zituzten; Bilduk eta Aralarrek, aldiz, kontrakoak eman ziotuzten.
Gazteen parte hartzea
Urtxintxa Astialdirako Hezkuntza Eskolak lagunduta eratu zuten Gernika-Lumon Lonjakidetza proiekturako arautegia. Bertako teknikarien ustez, era horretako prozesuetan oso garrantzitsua da gazteen parte hartzea: “Auzokideek, udal agintariek eta jabeek parte hartzea garrantzitsua da, baina lonjen erabiltzaileak gazteak dira, eta haiek daukate irabazteko eta galtzeko gehien”.
Gazteek lokaletan elkartzeari ekin ziotenetik sarri zalantzan jarri izan da gazteek aisialdia antolatzeko duten modu hori egokia ote den. “Gazteen aukera bat da, udaletatik ez dagoelako eskaintzarik, dagoena ez dutelako gustukoa edo ez delako nahikoa”, azaldu du Urtxintxa Eskolako teknikariak. Sarri, gazteen kezka nagusia euren parte hartze eza izaten dela ekarri du gogora.
Lokal edo lonja horietan, dena den, euren artean antolatu egiten direla azaldu dute. Horrez gain, hainbat jarduera prestatzen dituztela eta beste gazteekin ere harremanak izaten dituztela gehitu dute.
Elkarteetako kide diren gazte askok lokaletan edo lonjetan egoten direnen jarrera ez dutela ondo ikusten ekarri dute gogora Urtxintxakoek: “Haien aisialdiaz bakarrik kezkatzen direla diote, uste dutelako ez dutela herrian edo auzoan proposamenik egiten”. Gaztetxeetako kideek, esaterako, aisialdi eredu hori zalantzan jarri izan dutela azaldu dute.
Hala ere, Gernika-Lumon, adibidez, gaztetxeko gazte asanblada lonjakidetza prozesuan modu aktiboan aritu zela adierazi dute. Are gehiago, bertan egindako lanaz baliatuta lonja batzuen arteko koordinazioa martxan jarri zuten. Azken finean, “gazteek antolatzeko eskubidea eta aukerak izan behar dituzte, aisialdian eta beste esparru batzuetan”, ondorioztatu dute Urtxintxa Eskolakoek.