Mareak gora egiten duenean

Mareak gora egiten duenean

Iraia Vieira Gil

E rrota gehienek haizeak eraginda funtzionatzen dute. Haizearen indarrak mugiarazi egiten ditu errotaren hegalak, eta horrek bete beharreko funtzioari ekiten dio: garia txikitu, egurra moztu edota ura ponpatu. Lekeitioko Marierrotaren kasuan, baina, mareak dira errota mugiaraztearen arduradun. “Marea igotzen denean, urak martxan jartzen du errota”, azaldu du Marijo Esteo Lekeitioko turismo bulegoko arduradunak. Itsas indarrarekin dabilen errota bakarrenetakoa da.

Marierrota Lea ibaiaren bokalean dago kokatuta, Lekeitiotik Mendexarako bidean, Isuntza eta Karraspio hondartzen artean. 1550. urtean eraiki zuten, lehorketak kontrolatzeko helburuarekin. Ordea, 1980ko hamarkadan errota bota egin zuten, eta azpiegitura originaletik geratzen den gauza bakarra dikea da. Duela urte batzuk, Lekeitioko Udalak eta Lea Artibai Garapen Agentziak errota berreraikitzeari ekin zioten, eta originalaren erreplika egin zuten, lau errotarrirekin. Harrezkero, Marierrota interpretazio zentro bihurtu zuten. “Interpretazio zentroa da dinamikoagoa delako; museoak estatikoagoak dira”, esan du Esteok.

Hain zuzen ere, Marierrota interpretazio zentroan, errota originalaren funtzionamendua zelakoa zen ikus dezake bisitariak: esaterako, kristalezko zoruari esker, urak harriaren errotazioa nola eragiten duen. Mareak gora egiten zuenean, harlangaitzezko dikea urez betetzen zen, eta, mareak behera egin ahala, ur hori bera askatuz zihoan. Ura askatzean jartzen zen ehotzeko makina martxan. Euskal Herriko kostan oso marea errota gutxi izan dira; errota guztien %3 baino ez: Baionatik hasi eta Barakaldoraino, hemeretzi udalerritan egon ziren marea errotak XVI. eta XVIII. mendeen artean. Errotatik gertu, Mendexan bertan, harrobi bat ere badago, eta uste dute hango harriarekin egin zituztela errotarriak.

Esteok adierazi duenez, errotan lan egitea “aski astuna” zen baserritarrentzat. Errotak berak eskatzen duen esfortzu fisikoaz gainera, errotan ehotakoa “pisatu, kobratu eta eman” behar zien baserritarrak herritarrei.

Marierrota_Interpretazio_Zentroa

Azalpenak eta bideoak

Bisitak parte bi ditu. “Gida batek errotaren funtzionamendua nolakoa den azaltzen die bisitariei, eta, ondoren, bideo bi jartzen dizkiegu”. Bisita gidatuetan erakusten den lehenengo bideoa errotaren azalpena da; bigarren bideoak Lea ibaian dagoen biodibertsitatearen inguruko azalpena ematen du. Are gehiago, Lekeitioko turismo bulegoak Lea ibaiaren inguruak ezagutzeko bisita gidatuak ere eskaintzen ditu, Marierrotarako bisita gidatuekin batera. Izan ere, ibaiaren biodibertsitatea anitza da oso.

Esteok adierazi duenez, Marierrota 10:00etatik 14:00etara dago zabalik, baina uztaileko eta abuztuko asteburuetan eta Aste Santuan egin daitezke soilik bisitak. Urte barruan ez dute ekintza askorik antolatzen. Urri, azaro eta abendu aldera, taloa egiten ikasteko tailerrak eskaintzen dituzte interpretazio zentroan bertan.

Berreraiki zutenetik, Lekeitioko ikurretako bat da mareen bidez funtzionatzen duen errota hori. Mota horretako errota bakarrenetakoa izanik, izugarrizko balioa du herriarentzat. “Marierrota interpretazio zentroa da, eta, gainera, tradizioan baloratzeko dugun baliabide historikoa. 1550. urtean eraiki zuten, bai, baina jakin egin behar dugu hor dagoela”.