Ibai Maruri Bilbao
Ekainean onartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak herrialdeko bost errepidetan ibilgailu astunei —3,5 tona baino gehiago pisatzen dutenei— erabilerarako kanon berria ezartzeko foru araua, eta, orain, Bizkaiko Batzar Nagusien oniritzia jaso du: EAJk eta PSE-EEk babestu dute, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia abstenitu egin dira, eta PPk aurka bozkatu du. Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuaren arabera, neurri horrek “Europako Batasunak ezarritako zuzentarauak betetzea” du helburu: “Erabiltzen duenak ordaindu egin behar du, eta kutsatzen duenak ordaindu egin behar du”. Gaineratu du bidesari berriari esker errepide sarea “optimizatuko” dela, ibilgailu astunen joan-etorriak trafiko gutxi duten foru errepideetan banatuko baitira. Hau da, uste dute bidesari berriak lagungarriak izango direla kamioiek ordainpeko autobideak erabil ditzaten, besteak beste. Garraiolariek gogor salatu dute neurria, kostuak handituko dizkielako, eta jakinarazi dute kamioiek autobideak erabiltzeko badela modu “eraginkorrago” bat: “Egin dezatela doakoa, eta handik joango gara denok”, adierazi du Hiru sindikatuko kide Jon Altunak.
Guztira, 101,7 kilometro izango dira ordainpekoak kamioilarientzat: A-8 eta BI-10 errepideak, Basurtutik Hagaraino; N-240 errepidea Barazartik, Urgoititik Ubideko saihesbidera; N-636 errepidea, Durangotik Kanpazarrera; Txorierriko korridorea (BI-30), Erletxe eta Arrontegi artean; eta BI-625, Basauritik Laudiora (Araba). Bide horietan free flow delako sistema ezarriko dute; hau da, kontrol arkuen bidezko sistema: oztopo fisiko barik eta ibilgailuak gelditu behar barik ordainduko dute, arku horien bitartez. Bide batzuetan aurten egongo dira prest, eta gainontzekoetan, datorren urtean, baina datak ez daude zehaztuta.
Diputazioak oraindik ez du iragarri zenbateko bidesaria izango duten: beste dekretu batean finkatuko du prezioa. Pradalesek esana du Europako Batzordeak kilometroko 25-27 zentimo bitarte kobratzea baimentzen duela, baina diputazioak ez duela muga horretara heltzeko asmorik. Edozelan ere, bide horiek erabiltzeagatik ordainduko dena Bilbo hegoaldeko saihesbideagatik ordaintzen dena baino garestiagoa izango da, bigarren hori lehiakorrago bihurtu gura duelako foru aldundiak.
Egoera, okerrera
Garraiolariek ohartarazi dute sektorea larri dagoela, eta, lagundu ordez, diputazioak are gehiago okertuko dituela neurri honekin. Erregaien prezioaren gorakada gehien sufritu duten sektoreetako bat da haiena. TransportBilbao Bilboko Portuko garraiolari autonomoen elkarteko bozeramaile Santi Sanchezen esanetan, egiten duten bidaia bakoitza %40 eta %45 artean garestitu zaie urtebetean, gasolioaren prezioagatik. “Ulergarria” iruditzen zaio doako errepideetan trafiko gehien duten tarteak arintzeko saioa: “Txorierriko lasterbidean kamioi bat tarteko dela istripu bat geratzen denean, sekulako arazoa sortzen da”, aitortu du. Bilbo hegoaldeko saihesbidea ireki zutenean, ordainpekoa, lehen A-8tik igarotzen ziren kamioietako asko Txorierriko lasterbidea hartzen hasi ziren. “Guk zer gurago autobideetatik joatea baino. Modu horretan, arinago eroango genuke gure zama dagokion lekura. Baina, esaterako, Santurtzitik Gasteizerako bidea egiteagatik 20 euro ordaindu behar ditugu joanean, eta beste horrenbeste bueltan. Ezin dugu egunero 40 euroko gainkostua gure gain hartu”.
Sanchezek esan du ezinbestekoa dela AP-68aren ordainsaria merkatzea eta hobariak ezartzea. Autobide horrek 22 kilometro ditu Bizkaian, eta diputazioaren eskuetan daude. “Ez du batere zentzurik arku batzuk jartzeko 50 milioi euroko inbertsioa egiteak, autobidetik doazenei bidesaria merkatzeak inbertsio apalagoa eskatzen badu”. Bilbo eta Zaragoza (Aragoi, Espainia) lotzen ditu errepide horrek; Sanchezen hitzetan, Bizkaiak eta Arabak ez, baina Nafarroako eta Errioxako (Espainia) gobernuek %75eko beherapena egiten diete kamioilariei.
Altunak salatu du neurri “baztertzailea” dela: “Soilik kamioilarioi eragingo digu; gainontzeko gidariek ez dute ordaindu beharko”. Gaineratu du egongo direla kamioilari batzuk egunean hainbatetan egin beharko dutenak ibilbide bera, eta horiei kalte nabarmena egingo dietela. Gipuzkoan gertatutakoa kontatu du, adibidez: “Beasain eta Bergara arteko bidesaria 5 eurokoa da garraiolarientzat; badira egunean joan-etorria hainbatetan egiten dutenak. Sei bidaia egiten badituzte, egunean 60 euro dira. Hilabetean, hogei egunez lan egiten badute, 1.200 euro. Dirutza bat da, eta lehen ez zuten pagatzen”. Bizkaian ere horrelakoak gertatuko direla esan du.
Garraioa, krisian
Hiru sindikatuko kideak gogoratu du pandemia hasi zenean eta aurten lehengaien falta egon denean agintariek sarri esan dutela kamioilarien lana ezinbestekoa eta funtsezkoa dela. “Beharrezkoak gara gizartearentzat, bai, baina zigortu egiten gaituzte. Zer zentzu du horrek?”. Ez du ulertzen azpiegitura publiko bat erabiltzeagatik ordaindu behar izatea. Erregaiaren garestitzearen harira, zailtasunak dituzte kostuen handitze hori bezeroari pasatzeko. Bidesariekin ere berdin gertatuko zaiela uste du Altunak. “Kamioilariak ezin du bere gain hartu diru kopuru hori. Bezeroari pasatzea lortuko badu, gero kontsumitzaileak ordaindu beharko du. Horrek are gehiago garestituko du produktuen prezioa, eta gizarteari egingo dio kalterik handiena”.
Garraio sektorean jokabide irregularrak egon direla salatu du Altunak. “Batzuek zegokiena baino merkeago kobratzen dute zerbitzua, bezero gehiago erakartzeko. Banaketa enpresa handiak izaten dira, eta langileen lan baldintzen gain egiten dute. Autonomoek, ordea, ezin dute kostuaren azpitik kobratu”. Salatu du administrazioak ez ikusiarena egin duela orain arte.
Sektorearen etorkizuna ilun ikusten du Altunak. Kamioilari gehienak 45 urtetik gorakoak direla esan du, eta askok 60tik gora dituzte, gainera. “Gazte batzuk egon badaude, baina oso gutxi dira. Baldintza hauetan nork nahi du garraiolari izan?”. Belaunaldi aldaketa ezinezkoa izango dela iruditzen zaio. Gainera, haren esanetan, lan baldintzak okertu egin zaizkie azken urteetan, hobetu beharrean. Gogoratu du kamioilari falta “larria” dagoela Europa osoan, eta egoera okertu egingo dela datozen urteetan.