Zaldien izaera ulertuta, norbere emozioak kontrolatzen laguntzen du Fernando Noalliesek (Buenos Aires, Argentina, 1960). Zaldien entrenatzaile izateaz gain, besteak beste, estresa duten pertsonei laguntzeko ikastaroak antolatzen ditu. Berriki Balmasedan izan da, zaldiekin egindako terapiek emozioen esparruan dituzten abantailak azaltzen. Emozio entrenamendurako ikastaroak non eta noiz egingo diren fernandonoallies.com webgunean kontsulta daiteke.
Zelan lortzen duzu zaldiekin zuzenean ulertzeko harreman hori?
Bizi osoa daramat zaldiekin harremanetan; jaio nintzen egunean, zaldi bat oparitu zidaten. Neurezkoa dut. Erakarpen berezia sentitu izan dut haiekin: pasioa. Zelan bizi diren ikustea, zaldi taldeetan zelako harremanak dituzten, zelan komunikatzen diren… Hierarkiak eta funtzioak dauzkate; arauak dituzte elkarrekin bizitzeko. Horrek guztiak erakartzen nau.
Patagonian [Argentina], zaldi basatiak harrapatzen nituen, eta, han, zenbait aditurekin ikasi nuen haien antolaketa zelakoa zen. Handik aurrera, pertsonen eta zaldien arteko harremana ulertu nuen: harrapari eta harrapakinen arteko harreman gisa sentitzen zuten haiek. Nire emozioak aldatuta, ordea, ikasi nuen zaldi batek konfiantza zelan hartzen duen; animaliak berak zelan egiten duen zurekin egoteko hautua, hain zuzen. Horrek modua ematen du zaldiko basati baten gainean ibili ahal izateko harekin harremanetan jarri eta ordu erdiren buruan. Hortik hasita, hezteko prozesua erraztu egiten da, eta ez da beharrezkoa indarkeria teknikak erabiltzea.
Zer transmititzen diezu lasaitasun eta konfiantza hori lortzeko?
Zuk esan duzun horixe bera: lasaitasuna, konfiantza, maitasuna… Zenbait pertsonarekin oso gustura sentitzen gara sarri, eta ez dugu haien ondotik mugitu nahi. Begiradak berak bakea, lasaitasuna eta segurtasuna iradokitzen ditu. Bizidun guztiok ahozkoa ez den hizkuntza bat daukagu elkarrekin komunikatzeko. Zaldiekiko harreman hori gure sentimenduekin transmititzen diegun horretan oinarrituta dago.
Hori ulertzeko, adibide argi bat jartzen dut beti: kartzeletan preso arriskutsu gisa sailkatutakoekin egiten dudan lana. Emozio entrenamendurako hamabost eguneko ikastaroak dira. Lehenengo egunean, ezer esan aurretik, kamioitik zaldi bat jaisten dut sokarik gabe, eta, kartzelako patioan, alde batetik bestera uxatzen dut. Presoei eskatzen diet banan-banan zaldiarengana hurbiltzeko. Gainerako guztiok begiratu egiten dugu zaldiaren erreakzioa. Bada, harritzekoa da zelan zaldiak oso gauza desberdinak egiten dituen pertsona bat edo beste bat hurbiltzen zaionean. Pertsona batzuen ondo-ondoan geratzen da, eta beste batzuengandik ihes egiten du, izututa.
Eta ikastaroa bukatzean?
Hamalau egunen buruan, ariketa bera egiten dugu berriz ere. Ordurako, ikasle guztiek badakite emozioen entrenamendua zer den. Zaldia ia guztiengana hurbiltzen da. Zein jarrera aldaketa gertatu da? Lehenengo egunean, presoen barneko zaldikoa kontrolik gabe zegoen; ez zituzten kontrolatzen emozioak, gure barnean guztiok daukagun zaldiko hori. Bigarren aldian, ordea, arnasa hartzeko eta ibiltzeko moduak eurak ere desberdinak ziren. Azken batean, zerbait desberdina sentitzen zuten presoek eurek. Emozio horixe antzematen du zaldiak, eta horren arabera jarduten du. Animaliek ezin dituzte aldatu euren emozioak. Gizakiok, ordea, bai. Gizakia da bere emozioak moldatzeko ahalmena daukan animalia bakarra. Zaldiak horrexegatik dira erreminta boteretsua: zuk zure jarrera, zure emozioak aldatzen dituzunean animaliak ere bere jarrera aldatzen duelako.
Zeure emozioak ezagutzen dituzunean izango zara horiek kudeatzeko eta gobernatzeko gai. Eta emozioa kudeatzeak ez du esan nahi emozioa erreprimitzea; kontrakoa: gure aurrean jarri behar dugu, eta daukan garrantzi erreala eman. Eta, hortik abiatuta, batera edo bestera bideratu.
Zaldiekin darabiltzazun teknikak pertsonekin ere erabiltzen dituzu?
Bai. Emozioak lantzeko, zaldien laguntzarekin ematen ditut ikastaroak. Horrez gain, zaldiaren mundua gustatzen zaienentzat ere ikastaroak ematen ditut. Zaldi gainean ibili gura dutenentzat, edo, beste barik, zaldiei buruz gehiago jakin nahi dutenentzat: zelan pentsatzen duten, zelan sentitzen duten, zelan kontrola daitezkeen… Oso garrantzitsua da ulertzea hau ez dela teknika bat, bizitza filosofia bat baizik. Zure bizitzako egun guztietan une oro darabilzun jarrera bat da.
Zelan aldatzen da pertsona baten jarrera ikastaroa hasi eta bukatzen duen bitartean?
Hasteko, pertsona ez da aldatuko; gure izaera ez da aldatuko. Gure jarrera aldatuko da. Ohitura emozionalak aldatzen laguntzen dut. Ohitura emozionalak berbetan ikasi aurretik ditugu. Gure jatorrira bueltatu eta gure bizitza energiarekin bat etortzea dugu helburu.
Zenbat denbora behar da horretarako?
Pertsonaren arabera. Hala ere, gehienetan, emozioen entrenamendua oso azkarra izaten da. Pertsona bat baino gehiago iritsi da nire eskuetara psikologo batek bidalita, eta psikologoak berak esan dit: “Fernando, hiru hilabetean lortu duzu nik hiru urtean lortu ez dudana”. Zaldiak erabilita, eta bizitza askoz ere ikuspuntu errealago batetik ikus dezaten irakatsita, barruan daramaten zaldiko hori kontrolatzen ikasten dute pertsonek.
Enpresetan ere ematen ditut ikastaroak, zuzendaritzako kideentzat. Estresa kudeatzen, lan-taldean aritzen eta lidergoa lantzen irakasten dut. Enpresa batean egin nuen lanaren ostean, nire ikastaroan egondako partaideek kontatutakoa irakurri nuen erreportaje batean, eta oso pozik sentitu nintzen, guztiek adierazten baitzuten esaldi bat barneratu zutela. Hain zuzen, korridoreetan gurutzatu eta elkarren keinuari erreparatuta, batak besteari esaten zion: “Iso, zaldiko. Erlaxa zaitez”. Barruan daramagun zaldikoa lasaitzen ikasi behar dugu, ez dezagun oraina suntsitu. Gogo aldarte txarrarekin ez dugu arazoa konponduko. Eta, arazoa ez konpontzeaz gain, gure bizitza zapuztuko dugu.
Etengabe lantzeko filosofia bat da, beraz.
Horixe baietz. Nire bizitza infernu bat zen filosofia hau lantzen hasi aurretik, eta ondokoen bizitza ere infernu bihurtu nuen. Nire ohiturak aldatzeari ekin nionetik, ordea, egon daitekeen mundurik onenean bizi naiz. Egunero neure buruari aplikatzen dizkiodan teknikak dira horiek. Zergatik? Bizirik nagoelako, emozioak ditudalako, eta oraindik antzinako ohitura emozionalen aztarnak geratu zaizkidalako; eta, zenbait egunetan, neure buruari esan behar diot: “Iso, zaldiko, lasai zaitez. Apurtu egin da? Ez da ezer gertatzen”.
Batez ere, zure iragana onartu behar duzu. Bizi izan duzun guztia onartu ez ezik, eskertu ere egin behar duzu. Izan ere, bizitakoari esker gara gaur garena, eta gaur egun pertsona gisa hazi gura dugu, alternatiba bila gabiltza.
Horrek ez du alboratuko zure idealen alde borrokatzeko grina, ezta?
Ez. Mundu hobe batean bizitzeko modua da, zeuregandik hasita, Gandhik esan zuen bezala: “Mundua aldatu nahi baduzu, zeure buruarekin has zaitez”. Gure beldurrak eta segurtasunik ezak alde batera uzten ikasi behar dugu. Izan ere, horrek, geure buruari kalte egiteaz gain, ondokoei ere kalte egiten die.