Enkarterriko egoera sozioekonomikoa “gero eta larriagoa” da. Baieztapen hori abiapuntutzat hartuta, Zallatik Gueñesera salaketa martxa egin zuten eskualdeko dozenaka lagunek igaro igande eguerdian, Enkarterrin bizi eta lan lelopean.
Hala, LABek, Bizkaiko EHNEk, Alternatibak, Aralarrek, EAk, ezker abertzaleak eta Gazte Independentistek deitutako mobilizazioan salatu zuten Enkarterriko jarduera ekonomikoak hiru sektoreetan izandako bilakaeraren ondorioz langabezia tasa “handitu” egin dela.
Lehen sektoreari dagokionez, eragileek ohartarazi dute eskualdeak dituen aukerak “zapuztuta” gelditu direla azken hamarkadetako nekazaritza politika “okerren” ondorioz. Horrez gain, Enkarterrik pairatzen duen “desindustrializazioa” gogora ekarri dute, eta horrek eragindako “domino efektua” aipatu. Izan ere, Enkarterriko lehen eta bigarren sektoreen egoerak merkatari txiki, tabernari zein enpresa txikiei kalte egin die, eragileen ustez. Erakundeei egotzi diete egoera sozioekonomikoaren erantzukizuna.
Horrenbestez, eskualdeko udal “gehienek” adierazi dute Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza Enkarterri “hiltzen” uzten ari direla: “Hainbat alditan egin dizkigute promesa hutsalak, baina guk egunetik egunera gero eta langabezia handiagoa besterik ez dugu, eta dagoen lana ere gero eta prekarioagoa da”. Hori saiheste aldera, beharrezkotzat jo dute pertsona, elkarte eta erakundeen lana.
Bestalde, ohartarazi dute Enkarterrin Konecta BTO dela 250 langiletik gora dituen lantegi bakarra. Azken asteotan, enpresa horretan izandako kaleratzeak direla eta, gatazka entzutetsua sortu da zuzendaritzaren eta langileen artean. Martxoaren 1ean 11 langile kaleratu zituen Konectak, eta beste seiri Bartzelonara lekualdatzea proposatu die. Kataluniara joatea onartu ezean horiek ere kaleratuko dituela iragarri du enpresak.
Martxoaren 23an LABek mobilizazioak antolatu zituen Hego Euskal Herriko hiriburuetan Iberdrolak dituen egoitzetan, langileen egoera salatzeko. Izan ere, Iberdrolaren telefono bidezko arreta egiten du Konecta BTOk. Ertzaintzak arrastaka atera zituen Bilboko Iberdrolaren dorrean eserialdia egin zuten lagunak.
Gose grebaren bukaera
Konectako lankideen egoera salatzeko gose greba amaitutzat eman zuten igandean bertan LABeko delegatu Irantzu Llasmosasek eta Leire Sainz-Ezkerrak. Hamasei egunez egin dute protesta, baina bertan behera uztea erabaki dute, “agorturik eta indarrik gabe” sentitzen direla adieraziz.
Bi asteetan jaso dituzten elkartasun adierazpenak eskertu, eta euren protesta “langileen borroka pizteko baliagarria” izan dela nabarmendu dute. Bide batez. Iberdrolaren “jarrera” salatzeko baliagarritzat jo dute gose greba. Telefono arreta egiteko enpresak azpikontratatzea egotzi diote enpresa honi, “langileak esplotatzen dituzten kontuan hartu barik”. Azkenik, “borrokan jarraitzeko” eta greba orokorrean parte hartzeko deia egin zieten Enkarterriko beharginei.