“Jendeak ez ditu behar bezala errespetatzen babes neurriak”

Istripuak murriztu direlako pozik, baina oinezkoen jokabide “arriskutsuekin” kezkatuta dago Asier Abaunza Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio zinegotzia. Irmo agertu da zirkulazioa arautzearen alde, borondate onarekin nahikoa ez delakoan.

Garraioaren esparruan, zertaz kexatzen dira Bilboko biztanleak?

Beharrizan desberdinak daude. Batetik, publiko nagusia daukagu, autonomia fisiko gutxitua duena, ahalik eta laguntza gehien behar duena auzora eta etxera heltzeko; Bilboko orografiak traba dakarkie, aldapak oztopo direlako. Udaletik bi bide jarraitu ditugu: elementu mekanikoak jarri ditugu —hemezortzi igogailu kudeatzen ditugu—, eta Bilbobusek ere funtzio hori betetzen du: sarea auzo guztietara zabalduta dago, eta geralekuak bata bestetik oso hurbil daude —125-150 metroko distantziara batez beste—, aldapa horiek gainditzeko.

Baina garraioa moteltzen du, ezta?

Bai. Sistema horrek onura dakarkie mugitzeko arazoak dauzkatenei, baina kontrara, horrenbeste geraleku eta hain gertu edukitzeak autobusa geldoa izatea dakar, ez dagoelako abiadura handia lortzeko aukerarik. Horrek kexa sortzen du garraio publikoaren beste bezeroengan: lanera joan behar dutenek eta mugikortasun arazorik ez dutenek uste dute autobusa geldoegia dela hiri barruan mugitzeko. Bi beharrizan horien artean lortu behar dugu oreka.

Bilboren aldaketa fisikoarekin batera, garraiobideena ere gertatu da, baina egun jende gehiagok erabiltzen al du garraio publikoa?

Hiri barnean mugitzeko, bakarrik %12k erabiltzen dute auto partikularra; beste guztia garraio publikoaren eta oinezkoen artean banatzen da, jendea horretara ohituta dagoelako. Autoa gehiago erabiltzen da Bilbotik ateratzeko, eta hor dago gure erronka. Baina hiri barruan autoaren erabileraren hain portzentaje baxua edukita, zifra hori hobetzea zaila izango dela uste dut.

Bilboko erdigunean kale batzuk oinezkoentzat ipini dira; hor lehen zegoen zirkulazio arazoa murriztu da ala lekualdatu da?

Apurka murriztu dela igarri dugu, batetik, gutxiago erabiltzen dugulako autoa hiri barnean mugitzeko, eta bestetik, ingurutik Bilbora datozen pertsonen kopurua handitu arren, autoen sarrera ez delako handitu; Bilbora etorritako jende hazkunde hori garraio publikoan heldu da.

Bizkaia frontoian eta Bilbo Arenan aparkaleku gutxi jartzeagatik kritikatu zaituztete, kirol ikuskizun horietara Bizkai osotik eta Euskal Herritik datozelako.

Frontoia eta batez ere Bilbo Arena ez daude periferian, alde zaharraren parean daude. Ikuspegi horretatik, ez dugu uste erdigunean dagoen azpiegitura batek halako aparkaleku bat behar duenik, arrazoi bategatik: inor ez doa halako ikuskizunetara denbora nahikoagaz, azken hamabost minutuetan pilatzen da jende guztia, eta beraz, ez dago halako auto kopurua jaso dezakeen egiturarik, ezpada inguruan autobide edo sarrera berezi bat jarriz. Halako zer edo zer Bilboko erdigunean eraikitzea, gure ustez, basakeria itzela litzateke. Garraio publiko eskaintza nahikoa dago inguruan.

Uste duzu jendea arduraz ibiltzen dela, eta halaxe gidatzen duela?

Oraindino asko falta dugu, ez bakarrik gidarien aldetik, oinezkoen aldetik ere bai. Gero eta istripu gehiago ditugu oinezkoen ekintza arriskutsuengatik, gidariek egindakoengatik baino. Jende asko mugitzen da hiritik semaforoei jaramonik egin gabe, edozein lekutik igarota, ingurura begiratu gabe autorik datorren jakiteko… Horrek istripu latzak eragin ditzake, eta gertatu izan da pertsona batzuk hil direla seinaleei kasu ez egiteagatik. Bizikleta gidarien eta oinezkoen arteko errespetu faltan ere behar handia dugu egiteke.

Zergatik ez da ona elkarbizitza hori?

Askotan espazioak ez dizkiotelako elkarri errespetatzen. Oinezkoentzako zonaldeetan, adibidez, txirrindulariak abiadura eta ibilbidea moldatu behar ditu oinez dabilen pertsona kopurura, eta une batean jende asko baldin badago, bizikletatik jaitsi eta oinez ibili, inor ez zapaltzeko. Eta aldi berean, bidegorriak bizikletentzat dira, ez paseatzeko. Hor errespetu faltak daude, eta hezkuntza landu behar dugu.

Batzuetan zirkulazio arauak ez al dira zurrunegiak? Batzuetan sen onarekin ez litzateke nahikoa?

Sen eta borondate ona guztiok barneratuta bagenu, noski, halako araurik ez litzateke behar izango, baina zoritxarrez jende askok ez du horrela jarduten. Askotan zigorraren edo isunaren mehatxua ez badute, ez dituzte behar bezala errespetatzen denen onerako eta babeserako diren sen oneko neurri eskas batzuk.

Baina, adibidez, aztertu al duzue gauez semaforoetan argi hori etenkaria jartzea, kontuan izanda zirkulazio gutxiago dagoela eta semaforoek denbora asko irauten dutela?

Guk ez dugu halakorik egingo, frogatuta daukagulako horrek arrisku handiak ekar ditzakeela, batez ere abiaduraren arloan, jendea argi gorrian bakarrik gelditzen delako, eta ez horian. Gauez programazio desberdina dugu, eta saiatzen gara denbora gehiago ematen autoari, oinezko gutxi daudelako. Baina ez dugu uste komenigarria denik semaforizazio hori kentzea, abiaduragatik autoen arteko istripu gehiago izan genitzakeelako.

Istripuak murrizteko udaltzain gehiago jarri ditu udalak kalean. Poliziaren bidezko kontrol hori eraginkorragoa da?

Bai, eraginkorra da, baina ez da neurri bakarra: istripuak zergatik gertatzen diren aztertu, eta neurri zuzentzaileak ezartzen ditugu, obra bidez: espaloiak zabaldu, zebrabideak altueran igo, semaforoak jarri… Sistema mistoa da: batetik, polizia kalean zuzentzen eta zaintzen, eta bestetik, udaleko Zirkulazio Sailetik eta Obra eta Zerbitzu Sailetik, kalean ditugun puntu beltzak zuzentzen, segurtasuna bermatzeko.

Zelan dago egun Bilbo aparkatzeko?

Aukera desberdinak daude, bai TAOren bitartez, bai txandakako aparkalekuen bidez, eta aski leku badaude. Doan ez dago horrenbeste tokirik, arrazoi bategatik: autoz Bilbora ez sartzeko.

Bizkaian garraiobide askoren greba pilatzen ari da egunotan. Nola eragiten ari da Bilbon?

Txarto. Biztanle asko ari dira greba egoera pairatzen. Guk uste dugu enpresetan langileen eta zuzendaritzaren arteko elkarrizketa sustatu behar dela, irtenbideak topatu, eta ahal den heinean, Bilboko biztanleak morroi bezala ez hartu halako negoziazioetan.