Arratiako Mankomunitatearen jarduteko eran aldaketa eske

Arratiako Udalen Mankomunitatea azkenekoz berritu zenetik bederatzi hilabete igaro direnean, Arratiako Bilduko eta Ubideko Alkarlanien plataformako hautetsiek hausnarketa egin eta funtzionamenduan aldaketak egin behar direla ondorioztatu dute. Besteak beste, “hurbiltasuna, herritarren partaidetza, behetik gorako funtzionamendua eta eraginkortasuna indartu” behar direla iruditzen zaie. Horren guztiaren alde behar egiteko oposizio eraikitzailea egingo dutela ere igarri dute. Izan ere, egun EAJren esku dago presidentetza.

Hautetsion iritziz, “osoko bilkuretan ez dira errazten asistentzia eta eztabaida”. Deialdiak denbora tarte gutxirekin bidaltzen direla eta informazioa eskuratzeko zailtasunak dituztela agertu dute, adibidez. Gainera, herritarrek ez dakitela mankomunitatea zer den eta zer zerbitzu eskaintzen duten salatu dute, eta hori aldatzeko beharraz ohartarazi: “Administrazioa zertan dabilen jakin behar dute”.

Gainera, mankomunitatea osatzen duten udalen zerbitzura egon behar dela gogorarazi dute, “eta ez gutxi batzuen edo alderdi baten zerbitzura”. Hautetsien esanetan, udal bakoitzak egoera ezberdina du, eta hori kontuan hartu behar luke mankomunitateak. “Horregatik, arratiar guztiokin kudeatzea eskatzen dugu; alderdi politiko, elkarte, eragile eta herritar guztien parte hartzea bermatuz, ateak zabaltzea”.

Hori horrela, mankomunitatearen funtzionamenduak behetik gorakoa izan behar dela ulertzen dute Bilduk eta Alkarlanien-ek. Jarduteko nahi duten era berria honelaxe aurkeztu dute: “Herritarren beharrak identifikatu, udal mailan eztabaidatu eta udalez gaindiko egitura honen bitartez zein zerbitzu eman beharko liratekeen eta zeintzuk ez eztabaidatu; are gehiago murrizketen sasoi hauetan”.

Izan ere, egoera ekonomikoari lotutako kezka agertu dute. Gizarte arloan murrizketak daudela ikusi dute, eta eurek kontrakoa egiteko eskatzen dute; gizarte laguntzak indarberritzeko. Gainera, zerbitzuak murriztu behar direla esan eta proiektu berriak aurkezten dituztela salatu dute.