BILBO. Gaur bete dira hiru urte Novaltia farmazia enpresako langileek lan itun hobea eskatzeko greba hasi zutenetik. Europan inoiz egin den grebarik luzeenetakoa da Novaltiakoa, eta, gaur-gaurkoz, behintzat, lan gatazkak ez du berehalako soluziorik. Zuzendaritzak enpresa hitzarmena etetea erabaki zuen 2019an, eta, haren ordez, Espainiako Estatuko hitzarmena aplikatzen hasi ziren. Lan baldintzek okerrera egin zutenez eta negoziatzeko borondaterik ikusten ez zutenez, langileek greba egiteko hautua egin zuten.