Olatz Enzunza Mallona
Lan itun berria hitzartzeko asmoarekin, duela lau hilabete hasi ziren grebak antolatzen Bizkaiko eraikinetako eta lokaletako garbitzaileak. Martxo amaieran egin zuten aurreneko mobilizazioa, eta, ordutik, hamar bider atera dira kalera sektoreko langileak. Negoziazioekin, baina, lehenago hasi ziren: duela urte eta erdi inguru. Hainbat bilera egin ostean, sindikatuen gehiengoak (UGT, CCOO eta LAB) akordiorako oinarri bat adostu du Aspel eta Aselbi patronalekin. 12.000 langileri baino gehiagori eragingo dio akordio berriak, eta, langileek onartuz gero, indarrean egongo da 2024rako.
Kaleko garbitzaileen soldata arrakala amaiarazteko, hilean garbian 1.200 euro jasotzea zen langileen eskaera nagusia, hamabost ordainsaritan. Eta, hain zuzen ere, akordiorako oinarriak horixe bera bermatzen diela nabarmendu du LAB sindikatuak. Hala, 2022 eta 2024 artean, %13 igoko dituzte garbitzaileen soldatak, 2020koarekin alderatuta. Zehazki, soldata igoera hauek dakartza: igoerarik ez 2021erako; %1 hurrengo urteko urtarrilerako, eta %2 uztailerako; %2 2023ko urtarrilerako, eta %3,5 uztailerako; 2024an, lanaldi osoko hileko soldata 1.200 eurora iristeko adinakoa izango da igoera: %3,8koa, hain zuzen. Izan ere, orain arte patronalaren eskaintza zen %0,5eko igoera 2021erako, %2koa 2022rako, eta beste horrenbestekoa 2023rako ere.
Horrez gainera, 2020 eta 2023 bitarteko KPI kontsumorako prezioen indizea %13 baldin bada, 2025ean gehienez beste %2ko igoera aplikatzeko aukera aurreikusten da akordioan.
Halaber, sindikatuek gogoratu dute langile askok lanaldi laburragoa dutela. Hori konpontzeko, enpresetan hutsik geratzen diren lanpostuak betetzeko batzorde bat sortzea eztabaidatuko dute, hilabeteko epean. Hartan, lanaldi partzialak luzatzeko aukera eskainiko dute. Bizkaiko garbitzaileen aurreko lan hitzarmena 2020ko abenduan iraungi zen, eta, orduan, 11.721 langileri eragiten zien. Orain, baina, sindikatuek diote 12.000 langiletik gora direla.
Ordutik hona lortutakoarekin pozik agertu da LAB, eta negoziazioetan ibilitako urte eta erdiko lana “garaipen bat” izan dela azaldu du. “Ez da gatazka txikia izan: multinazional handien aurkako borroka izan da”. Grebez gainera, hainbat izan dira langileek antolatu dituzten mobilizazioak, eta, sindikatu haren ustez, horri esker lortu dute hitzarmena gauzatzea: “Borrokak balio du, eta Bizkaiko garbitzaileak horren adibide argia dira. Garaipen hau langileek azken hilabeteetan egindako mobilizazioen eta erakutsitako irmotasunaren ondorioa da”.
Ordezkaritza sindikalaren gehiengoak onartu du akordiorako oinarria: UGTk ordezkarien %30 ditu, CCOOk %19, eta LABek, berriz, %13. ELAkoak dira gainerakoak (%38ko ordezkaritza), eta ez dute bat egin akordiorako oinarri horrekin, garbitzaileen “soldata apaltzea” ekarriko duelako, haien iritziz: “Akordio horren bidez, langileen kolektiboa kondenatu besterik ez da egiten prekaritatearekin jarraitzera”.
ELAren esanetan, KPIaren erreferentzia albo batera utzi du hitzarmenak; ez ditu bermatzen azken bi urteetako KPIaren mailak. Bestalde, “sinaturiko akordioak ez du jasotzen soldata arrakala amaitzeko erreferentziarik”, ELAk esan duenez. Hala ere, martxoaren 31tik hamar greba egun egitea erabaki zuten langileak zoriondu ditu.