Natalia Salazar Orbe
Eskolara lagun artean oinez joatea. Duela gutxira arte umeek egunero egiten zutena bitxikeria bihurtu da. Azken urteetan, seme-alabak etxeko ataritik eskola ateraino autoz eramatea egunerokoa bilakatu da guraso askorentzat. Osasunerako kaltegarri izateaz gain, umeek euren herri eta hiriak ezagutzeko aukera ere galarazten du horrek. Horri guztiorri aurre egin eta umeok ahalduntzeko helburuak ezarrita, ikastetxera euren kabuz joateko egitasmoak abiatu dituzte hainbat herritan. Bizkaian 28 ikastetxetan ari dira proiektua lantzen.
Gutxi dira eskolara oinez joaten diren haurrak; are gutxiago gurasorik gabe joaten direnak. Horrek hainbat gabezia sorrarazten dizkie, BIGE gurasoen elkarteak gogora ekarri duenez: ingurumena ezagutzeko eta bakarrik mugitzeko zailtasunak; sedentarismoa; beste haurrekin kalean harremanik ez izatea; ibilgailu motordunekiko mendekotasuna… Egoera horri buelta emateko sortu dira Eskola Bidea, Bide Lagunak eta halako proiektuak.
Gernika-Lumon, joan den astean abiatu zuten probako esperientzia. Urtebeteko diagnosiaren ostean, laurehun haur inguruk oinez egin dute etxetik eskolarako bidea. Andrea Aiape Seber Altube ikastolako gurasoa da. “Herria eurena dela sentitzeko modu bat da, eta kalean lasai joan daitezen lagunekin batera. Herria ezagutu behar dute. Autoz eramaten baditugu, ez dira kontziente izango: ezin dute eratu mapa orokor bat buruan. Espazio publikoak bereganatu behar dituzte”.
Urritik aurrera, 8 urtetik gorako haurrek ikastetxera euren kabuz joateko modua izango dute herrian. Esperientzia bitxia izan da hangoa: zazpi ikastetxek parte hartu dute proiektuan. Ikastetxeek eurek, ikasleek, guraso elkarteek, udalak eta osasun sareak landu dute Eskola Bidea. Inplikazio hori ez da ohikoa izaten. Hala azaldu du BIGEko Irune Uria teknikariak. Eta, diru laguntzez gain, baliabide teknikoak aldarrikatu ditu. “Gehienetan, guraso elkarteen ekimenez hasi dira proiektuak martxan jartzen, eta, askotan, ez dute udalen laguntzarik izaten. Gurasoak ez dira adituak. Leku askotan seinaleak behar dira, zebra bideak behar bezala margotu zein bideak markatu”. Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzak ere eskastzat jo ditu: “Proiektua gauzatzeak 6.000 euro balio du”. Bizkaian, gehien jaso duen elkarteak 2.800 euro eskuratu ditu. Baina 209 euroren laguntzak ere izan dira.
Gurasoak oztopo
Gurasoek seme-alabek autonomia lantzea nahi dute. Hala ere, eurak izan ohi dira oztopo nagusia egitasmoa garatzeko. Adituen arabera, 8 urtetik aurrera haurrak gai dira euren kabuz eskolara joateko. Hala azaldu du Pilar Silvak. Gernika-Lumoko Eskola Bidea diseinatzeko diagnosian aholkularitza ematen ari den Ortzadar enpresako teknikaria da. “Gurasoek, ordea, umeok txiki ikusten dituzte, eta oso ohituta daude haiek babestera”. Hori dela eta, garrantzitsua da beraiekin hitz egitea. Zenbait udalerritan formakuntza berezia ere eman diete.
Luzea da egitasmoa martxan jarri arteko prozesua. Inportante deritzo Silvak duela hogei urte normal-normal egiten zen jarduera baterako hainbat proba egiteari. “Gurasoek zein irakasleek hirian eta herrietan arrisku asko ikusten dituzte”. Guraso horien lekukotza asko jaso ditu. “Hainbatek esan didate: ‘Nik oinez egiten nuen bidea, baina orain ez da gauza bera. Auto pila dabil, eta abiadurak ere ez dira ordukoak'”. Hala, toki arriskutsuak antzemateko diagnosia egin behar da. Prozesuan arriskutsu gisa antzemandako leku asko hain arriskutsuak ez zirela jabetu dira gero. “Askok lasaitua hartzen dute proben ostean”.
Dena den, identifikatu dituzte arriskuak sorraraz zitzaketen zenbait eremu. “Ikusgaitasun gutxiko leku batzuk bazeuden. Esaterako, edukiontziak zebra bideen ondoan”. Moldatu beharrekoak aldatuta, martxan dute Eskola Bidea.
Zamakolakoak, zortzi urte
Zortzi urte daramatza Bilboko Zamakola ikastetxeak Bide Lagunak egitasmoarekin. Gurasoen laguntzarik gabe egiten dute eskolarako bidea, egunero, 8 urtetik gorako ikasleek. Seigarren mailako eskola kideak dituzte gidari. Hala azaldu du Amaia Zengotitabengoa ikasketa buruak: “Inportante sentitzen dira, eurek ere gizartean lan bat dutelako”.
Egitasmoaren emaitzekin pozik daude. Hala ere, azken boladan gurasoen gehiegizko babesa antzeman dute. Gainera, jabetu dira neska baino mutil gehiago bidaltzen dituztela oinez bakarrik. “Babes nahi horren ondorio izango dela pentsatzen dugu”.
Berrizen, ekain hasieran abiatu zuten esperientzia. Han, 6 urtetik gorako umeentzat prestatu dute. Elorrion eta Durangon, duela urte batzuk jarri zuten martxan. Herri guztiotan eguna beste era batera hasteari ekin diote. Aiapek argi du: “Bizitasuna ematen dio herriari. Ehunka ume ibili dira kaleak barrezka. Gure bizitza ereduarekin zoragarria da goizean goizetik umeak lagunekin batera joatea kaletik, irribarretsu eta kontu kontari”.