Durangoko trenbidearen eremua zerk beteko duen ez dute erabaki oraindik

Durangoko trenbidea lurperatzeko lanak aurrera doaz. 2012. urtea bukatu aurretik trena lur azpitik ibiliko da, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuaren iragarpenak betetzen badira. Hala ere, oraingoz argitu gabe dago gaur egun trenbidea dagoen eremuan zer egongo den errailak handik kentzen dituztenean.

2004an Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Durango Operazioa zeritzon proiektua abian jartzeko asmoa iragarri zuten: Zaha Hadid arkitektoak diseinatutako Euskotrenen egoitza eta luxuzko bost etxebizitza dorre egiteko asmoaren berri eman zuten orduan. 2010ean, ostera, Garraio Sailak esan zuen Euskotrenen egoitza berria ez zutela han egingo. Gainerako guztia airean geratu da.

Alderdien proposamenak

EAJk du alkatetza Durangon; Trenbide Zumardia eratzeko proposamena egin du. “Zumardi hau durangarren bizi-kalitatea hobetzeko espazio berri bat izango da. Bertan espaloi handi bat egin gura dugu, bizikletaz zein oinez ibiltzeko”, azaldu dute alkatetzatik. Autoak garajeetara edo euren etxeetara joateko soilik pasatu ahal izango dira bertatik.

Edozein obra proposamen egin aurretik “Durangok azterketa soziodemografiko bat” behar duela deritzo, bestalde, Jon Bingen Landabidea Bilduko zinegotziak. “Gaur egun Durangon eraikitzen den guztia beharrizan errealak ezagutu gabe egiten da. Ez dira kontuan hartzen etorkizunean herrian eraiki nahi diren etxebizitzetan biziko diren auzolagunen beharrizanak, ez dira gizarte zerbitzuak aurreikusten… Proiektuak bata bestearen atzean onartzen dira”, salatu du Landabideak.

Durangoko PSEk, aldiz, “aisialdi eremu handi bat” eratu nahi du inguru horretan. Horrez gain, “jaietako jardueretarako espazio bat” gorde nahi du, Idoia Agorria alderdi horretako zinegotziak adierazi duenez: “Hasierako proiektuaren amets irudiak ez dira lehentasunezkoak, ez herri-gunerako aurreikusitako luxuzko eraikina, ez Euskotrenen egoitza nagusia”.

Horrez gain, “erakundeak batzeko proiektu” baten aldeko apustua egin dute. “Eraikin berean erakunde guztien bulego guztiak bildu nahi ditugu: udala, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra, Lanbide, Espainiako Enplegu Institutua, Ogasuna, Eusko Jaurlaritza… Bide horretatik, kostuak murriztuko lirateke, eta herritarrek administrazioarekiko harremanak errazago bideratuko lituzkete”, azaldu du Agorriak. Bestalde, helduentzako hezkuntza zentro bat —UNED, besteak beste— jartzeko proposamena ere egin dute. Horrez gain, toki berean Euskotren, Bizkaibus eta taxi zerbitzuak jarri nahi ditu PSEk.

Aralarrek zerbitzuetarako leku bat eskatzen du. Horrez gain, besteak beste, Kirolene ikastegirako egoitza berria bertan egitea nahiko luke. Dani Maeztu zinegotziak gogora ekarri du hasierako proiektuaren aurka agertu zirela eurak. “Estrategikoa den trenbide baten lurperatzea ezin zen higiezinen operazio baten menpe egon”, esan du.

Durangoko PPk, azkenik, espazio horretan etxebizitzak egitea begi onez ikusiko luke. Halere, alderdi hori ez dago hemezortzi solairuko dorreak eraikitzearen alde.

Trenbidea lurperatzeko obrek hiru urteko atzerapena dute, eta Jaurlaritzak sei aldiz iragarri du lanok bukatzeko data desberdin bat. Alderdi gehienek gogora ekarri dute Arriolaren iragarpenaren berri komunikabideen bitartez izan dutela. “Oraingoz, dakigun bakarra komunikabideetan agertutakoa da. Era ofizialean ez digute ezer esan”, adierazi dute alkatetzatik.

Pasaguneetan arazoak

Trena lur azpitik ibiltzen hasten denean herrian dauden sei pasaguneak ere desagertu egingo dira. Zirkulazioa ordubetean lau aldiz etenarazten dute pasaguneok. Hori ez da oztopo bakarra, ordea: azken urteetan gaizki funtzionatu dute hainbat aldiz. Arazo tekniko horiek azpiegitura zahartzen ari delako gertatzen direla diote EAJk eta Bilduk. Aralarrek, berriz, esan du trenaren lurperatzea iragarri zutenetik mantentze lanak ez direla egokienak izan.