N. S. O.
Bero olatu betean, Bilbon itzalpeak edo aire girotua duten eraikinak dira lekurik atseginenak termometroak markatzen dituen tenperatura altuei aurre egiteko. Feekor erakundeak Blas de Otero kalean duen egoitzan, Bizkaiko Hitza-ko kazetariaren eta argazkilariaren zain dauden hiru erabiltzaile, eta beroari aurre egiteko prest daude, egunero kalean zehar ibiltzeko dituzten zailtasunak ikusarazteko. Angel Semedo (48 urte), Noemi Barcenilla (43 urte) eta Nieves Lagunak (57 urte) etxetik atera orduko egingo duten ibilbideari buruz hausnartu behar dute egunero, aurkitu ditzaketen oztopoek asko zailtzen baitizkiete joan-etorriak. “Beldurra kentzen hasia naiz, baina bidean aurkitu ditzakezun oztopoek eragingo dizkizuten zailtasun horiek dira arazoa”, esan du Lagunak.
Deustun dute Feekorren egoitza, eta, Aitor Esturok azaldu duenez, beste auzo edo eremu batzuetan baino urriagoak dira espaloietan, zebra bideetan edota semaforoetan egunerokoa zailtzen dieten elementuak; Feekorrek kudeatzen duen Arbolarte eguneko zentroko irisgarritasun arduraduna da. Semedo, Barcenillarekin eta Lagunarekin batera egin du ibilbidea Bilboko kaleetan. Aitortu du azken urteetan hobetu dituztela mugikortasun arazoak dituztenentzako oztopo zirenetako asko. Hala ere, esan du oraindik aldarrikapen eta eskaera ugari egin behar dutela: “[Irisgarritasuna arautzen duen] 68/2000 Legeak ezarritako neurri asko ez dira betetzen”. Horiek identifikatzeko azalpenak eman ditu ibilbidean zehar.
Arbolen inguruak
Bistan da; espaloi handiak daude Lehendakari Agirreren antzeko kale nagusietan. Hala ere, berehala agertu da oztopo bat: espaloi askotan arbolak landatzen dituzte. Sarri, zuhaitzon inguruko lur zatia espaloia baino beherago egoten da. Ondorioz, zuloarekin tupust egin du Barcenillak. “Noe oso trebea da aulkia gidatzen”, esan du Esturok, eta ez da arazo handia izan harentzat. Baina beste batzuentzat —Lagunarentzat, kasurako—, arazo izan daiteke.
Ezintasunik ez daukan oinezkoarentzako oharkabean pasatzen diren detaileak mundu bat bihurtzen dira espaloitik zebra bidera gurpil aulkiarekin saltotxoa egin behar dutenentzat. “Kataklonk eta kataklonk eginez goaz bidean”, esan du Esturok, espaloitik zebra biderako salto horietan aulkiek ateratzen duten zaratari aipamen eginez. Gerria eta bizkarraldea zigortzen diete saltook lau gurpilen gainean doazenei.
Zentro zibikoko oztopoak
Gorabehera handirik gabe iritsi dira Euskararen Etxera. “Aurten askoz hobeto dago ibilbidea, lan batzuk egin dituzte-eta”, azaldu du Esturok. San Ignazioko zentro zibikora iristean, ordea, berriz ere oztopoak. Heldu, eta ateraino doan eskailera lerroa topatu dute. “Gurpil aulkian datozenak ezin daitezke sartu?”, galdetu die Hitza-k. “Begiratu ondo, ea pistaren bat aurkitzen duzun”, erantzun dio Esturok. Kartel txiki bat bada, Mugikortasun arazoak dituztenak mezua du. Baina ez da erraza nora joan behar den asmatzea. “Begiratu ondo”, tematu da Esturo eskaileren hasieratik. “Marra txiki hori gezi bat da”, azaldu du azkenean. “Kartel handiagoa egin zezaketen!”, bota du Lagunak haserre, ezinezkoa baita gezia ikustea. Eta geziak markatzen zuen noranzkoan abiatu dira denak. Ate bat, eta txirrina. Lagunak txirrina jo du, eta, atezain automatikoen antzera, atea zabaltzeko zarata entzun da. Gurpil aulkian egonik, ezin du zabaldu, ordea. Jo eta jo aritu da, ea norbait agertzen zen laguntzera. Han ez da azaldu inor.
Semaforoak, beste mundu bat: Barcenilla hasi da bidea pasatzen Morgan kalean, eta berehala hasi da panpina berdea keinuka. Errepide erdira iritsi gabe zegoela gorri jarri da panpina. Bera, beste aldeko espaloira ezin iritsita. Atzerako kontua duten semaforoak aldarrikatu dituzte, erabiltzaileek denbora kalkulatu ahal izateko.
Ibilbidea bukatzeko, Deustuko ikastola ondoan dagoen etxebizitza eremu batera iristeko dituzten zailtasunak erakutsi dituzte. Espaloietatik jaistea arrisku kirola bihurtu da eurentzat. Kataklonkak are handiagoak dira, eta gorputza gurpil aulkian behera irristatu zaie. Semedo eta Barcenilla ausartu dira espaloitik jaisten. Lagunak nahiago izan du saiakera egin ere ez egitea. “Hemen biziz gero, zer?”, galdetu du Esturok. Eta biei lagundu behar izan die aurreko espaloira igotzen, bakarrik ezinezkoa baitzitzaien.
“Lotsagorritu itzazu politikariak”, bota du Lagunak ibilbidearen bukaeran, euren inplikazio falta salatuta. “24 orduz gurpil aulki batera lotu beharko lituzkete”, adierazi du. Euren kabuz hirian lasai ibiltzeko baldintzak bermatzea nahi dute.