“Gure helburua herritarren bizi-kalitatea hobetzea izan da”

Albo batean eliza eta frontoia, beste aldean taberna, eta parean herriko plaza. Herri bizi bat ikusten du Jesus Lekerikabeaskoa Ispasterko alkateak udaletxeko balkoitik so egiten duen aldiro. Horren adierazgarri dira eskolara doazen haur eta gurasoen joan-etorria, beheko tabernan kontu-kontari dabiltzan bizilagunak eta jolas ordua iristean olgetan aritzen diren haurren oihuak. Alkatearen ustez, “bizirik dagoen herri baten isla da Ispasterko plaza”.

Lekeitiotik gertu eta kostaldean egon arren, baserriari lotutako herria izan da betidanik Ispaster. Hori horrela izanda, Lekerikabeaskoaren udal taldeak garrantzi berezia ematen dio herrigunetik kanpo dauden auzoei beharrezko zaintza eskaintzeari. Hartara, hauteskunde kanpainan diseinatutako programan jaso bezala, auzoak mantentzeko araudia osatzen ari dira une honetan. Araudiaren bitartez, mahai gainean ipiniko dituzte herrigunetik urruti dauden auzoei zaintza egokia eskaintzeko irizpideak.

Alkateak azaldu duenez, auzoguneen zaintza bereziak alde positiboak ekarri dizkio herriari. “Herrian berebiziko garrantzia duen hutsune bati erantzutea lortu dugu. Izan ere, auzoen zaintzarako ezinbestekoak diren bi behargin gehiago kontratatu ditu udalak. Oso zaila izaten da Ispasterren moduko udalerri txiki batean horrelako lanpostuak eratzea”.

Herri programan jasotakoa betetzeko asmoa dauka. Bere udal taldeak osatutako programaz aparte, beste udal taldeek aurkeztutako programetako puntu batzuk betetzeko konpromisoa ere hartu zuen Lekerikabeaskoak agintaldiaren hasieran.

Hala ere, udaletan, egunerokotasunean sortzen diren arazoei eman beharreko erantzunek, sarritan, lehentasun batzuk albo batera lagatzea dakarte, beste batzuei ekin ahal izateko.

Jantokia eta haurtzaindegia

Aurtengo proiekturik garrantzitsuenaren kasuan ere horrela geratu da. “Hauteskundeen ostean, herriko eskolako eta guraso elkarteko ordezkariekin bildutakoan, programan jaso ez genuen proiektu berri bat abiaraztea erabaki dugu”. Bilkuraren ondoren, herriko eskolan haurtzaindegi eta jantoki baten beharrizana zutela ondorioztatu, eta gabezia horri erantzuteko proiektua martxan jarri du udalak.

Beraz, egitasmo hori garatu ostean, 40 haur ingururentzako jantokia eta haurtzaindegi berria izango dituzte Ispasterren. “Azken hamar urteetan eskolak izan duen hazkundeari erantzungo dio proiektuak. Beharrizan bat sortu da herrian, eta horri erantzun nahi diogu. Hala ere, sortuko ditugun azpiegiturak hezkuntzako beste jarduera batzuetarako erabiltzeko intentzioa daukagu”. Lekerikabeaskoak zehaztu duenez, haurtzaindegia martxan jartzeko umerik egon ezean, gune hori eskolaz kanpoko ekintzetara bideratzea izango litzateke aukera bat.

Eskolako haur kopuruaren gorakadan zerikusi handia izan dute herrigunean eraikitako etxebizitzek. Baina umeen matrikulazioaren igoera ez da etxebizitza berriek ekarritako onura bakarra. “Eraikuntza hauekin herritarren bizi-kalitatearen hobekuntza ekarri duten zerbitzu berriak eskaintzeko lokalak eskuratu ditu udalak”.

Bizi-kalitatea ardatz

Aldaketa horiek direla eta, orain herrigunean daude medikuaren kontsulta, botikina, ludoteka, erretiratuen elkarteko txokoa… Horrez gain, atseden eta jolas guneak ere erdialdean daude, eta pasealeku berriak ere egingo dituzte. “Gure helburua herritarren bizi-kalitatea hobetzea izan da, herri nortasuna mantenduz”.

Bestalde, alkateak dio herri txikietan ez dela erraza gazteen beharrizanei erantzutea. Askok, gabeziak aitzakiatzat hartuta, inguruko herrietara alde egiten dute. Ispasterren, arazo horri aurre egiteko, arreta berezia jarri dute gazteengan.

Herrian bizitokia eskuratzearen zailtasunak antzemanda, hamabi etxebizitza sozialen eskaintza kaleratu zuten. “Etxe hauek eskuratu ahal izateko eskaria 11 bizilagunek bete zuten; beraz, inolako zozketarik barik, hamabi etxebizitzetatik 11 herriko gazteei eman genizkien”. Horrela, alkateak dioenez, gazteek ez dute kanpora bizitzen joateko beharrik izango.

Etxebizitza sozialen proiektuarekin lotuta, Ispasterren gisako herrietan egindako esperientzietan oinarrituta, abian jarri dute eguneko zentroaren egitasmoa ere. Hemen, etxebizitza sozialak jarri dituzte jende nagusiaren eskura, herrigunetik zein zerbitzugunetik gertu.

Baina Ispasterren ere krisia nabaritzen da. Lekerikabeaskoak argi dauka agintaldi hau ez dela proiektu handien agintaldia izango. “Gauza handiak egiteko dirurik ez dagoen honetan, daukagunari etekina ateratzen saiatu behar dugu. Zorroztasunez jokatuz, beharrizanei erantzuna ematen saiatu behar dugu”.