Javi West Larrañaga
Bilboko metroaren laugarren linea errentagarria litzatekeela ondorioztatu du Gontzal Ruiz Ekonomian graduatuak. EHUko Ekonomia Analisirako Tresnak Masterraren barruan egin du ikerketa Ruizek, eta kalkulatu du 21 urte eta hil batean berreskuratuko litzatekeela azpiegituran inbertitutakoa. Aldarrikapen urtetsua da laugarren linearena, eta Bilbo hegoaldeko auzoak erdigunearekin eta metroaren sarearekin konektatuko lituzke.
“Harritu egin nintzen, ez nuen espero”, adierazi du Ruizek. “Uste nuen proiektu defizitarioa izango zela”. Azaldu duenez, askotan izaten da kasua azpiegitura publikoekin, baina sektore publikoak beste helburu batzuk dauzka kontuan. “Badaude azpiegitura batzuk ez direnak inoiz errentagarriak, baina sektore publikoak ez du errentagarritasuna begiratu behar, ongizatea baizik”, zehaztu du.
Eusko Jaurlaritzak 2012an aurkeztutako ibilbidean oinarritu du ikerketa Ruizek. Bilboko Errekaldetik Deustuko Unibertsitaterainoko bidea egin behar zuen, Moyuatik pasatuta. Joan den ekainean, baina, Jaurlaritzak beste ibilbide bat aurkeztu zuen, Errekalde Abandorekin lotuko lukeena gaur egun dagoen trenbide sarearekin.
Ekonomialariak erabiltzaile kopurua, diru sarrerak eta beharrezko tren makinen aurrekontua estimatu ditu, alde batetik, baina ohartarazi du monetarioak ez diren hainbat faktore ere hartu dituela kontuan ikerketan, eta hori dela egin dakiokeen kritika nagusia. Aintzat hartu du metroaren eskaintzak zarata, istripuak eta kutsadura murriztuko lituzkeela, eta, beraz, horiek gizarteari eragiten dieten gastua txikituko litzatekeela. Horrez gain, denboraren aurrezpena ere jorratu du, erabiltzaile bakoitzak aurrezten duena, eta batez besteko soldata erabili du horretarako, “oso zaila” delako jendeak denborari ematen dion balioa neurtzea.
Getxo hurre, Errekalde urrun
Estimazioekin egin du lan Ruizek, antzeko azpiegituren proiektuetako datuak hartuta. Ikusi duenez, pareko adibideetan 30 urtean berreskuratu dute inbertitutakoa. Haren kalkuluen arabera, gaur egun autoa erabiltzen dutenen %20k erabiliko lukete Bilboko metroa, auzoan izanez gero. “Zaila da kalkulatzea, faktore asko sartzen direlako, eta erabaki pertsonalak”, azaldu du. Errekaldetarra da bera, eta uste du bere egunerokoa adibide ona dela: Sarrikoko fakultatera joateko, 25 minutu egiten ditu oinez Indautxura, han metroa hartu eta bost minutuan heltzen da unibertsitatera. “Nik ordu erdi bat behar dut klasera joateko; nire klasekide getxoztarrek hogei minutu baino ez. Haiek baino denbora gehiago behar dut nik, bilbotarra izanda”.