Lorea Argarate: “Maurizia asko daude Euskal Herrian, eta hori islatu nahi dugu”

Lorea Argarate: “Maurizia asko daude Euskal Herrian, eta hori islatu nahi dugu”

O. Enzunza Mallona

Eva Gutierrezekin batera hasi zen Lorea Argarate (Bilbo, 1990) DJ munduan murgiltzen. Las Tea Party bikotea osatu zuten, eta Euskal Herrian iraultza txiki bat eragin zuten musika elektronikoa giro herrikoietan sartuta. Oraingo honetan, beste urrats bat egin, eta #Mauriziakezdauinorhil proiektua sortu du, Ines Osinaga, Olatz Salvador eta Itziar Garalucerekin elkarlanean. Maurizia Aldeiturriagaren koplak daude proiektuaren oinarrian, baina Argaratek argi utzi du plazandreei gorazarre egiteko “ahalduntze ariketa bat” dela ikuskizuna: “Maurizia asko daude atzean”. Elorrioko plazan arituko dira gaur zortzi, 22:30ean.

Hasteko, nor da Maurizia?

Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailearen iruditeria hartuta sortu dugun sinbolo bat da Maurizia. Denok sentitzen gara harekin identifikatuta. Pertsonaia hori da gure proiektuaren ardatz nagusia, eta ikono pop bat sortu nahi izan dugu.

Eta, hortik, proiektu kolaboratibo bilakatu da. Zertan datza ikuskizuna?

Maurizia Aldeiturriagaren historia, koplak eta haren abesteko era aintzat hartuta, gaur egungo formatura hurbiltzea izan da asmoa. Hau da, kopla zaharrak formatu berrietara ekartzea. Mundu mauriziano bat sortu nahi izan dugu, eta folklorea modernizatu.

Maurizia diozuenean, beraz, ez diozue Aldeiturriagari soilik erreferentzia egiten.

Hala da. Guk honakoa esaten dugu: Maurizia ez naiz ni, baina ni ere banaiz; ez zara zu, baina zu ere bazara; ez gara gu, baina gu ere bagara. Politena da gure ikuskizunetan beti dagoela Maurizia gonbidatu bat. Elorrion, esaterako, Neomak egongo dira gurekin. Konfiantzazko espazio bat sortu nahi izan dugu,eta ahalduntze ariketa bat egin dugu: Maurizia asko daude Euskal Herrian, eta hori islatu nahi dugu.

Nondik sortu zen halako proiektu bat egiteko ideia?

Inesen eta bion arteko elkarrizketa batzuetatik abiatu zen dena. Maurizia erreferentzia bat zen biontzako, eta hala bururatu zitzaigun haren inguruko zerbait egitea. Gauza txiki moduan jaio zen, baina hazten ari da, eta badabil nortasuna hartzen pixkanaka.

Musika tradizionalak eta elektronikoak bat egingo dute ikuskizunean. Nola ematen da uztartze hori?

Jolas bat bezalakoa da: ahots sintetizadore bat erabiltzen dugu, koplak autotunea erabiliz abesten ditugu, panderoa elektronikoki txertatzen dugu…

Emakumez soilik osatutako proiektua da. Beharrezkoak dira halako espazioak?

Zalantzarik gabe. Oso espazio maskulinoa da musikaren industria, eta rolak aldatu behar izan ditugu. Konfiantzazko espazio bat sortzeko ahalegin handia egiten ari gara, eta beldur asko gainditzen ere ikasi behar izan dugu.

(Argazkian, Lorea Argarate —ezkerrean—, Ines Osinaga eta Olatz Salvadorrekin)