Artadi kantauriarreko 1.350 hektarea daude Biosfera Erreserban

Artadi kantauriarra da zalantzarik barik Urdaibaiko Biosfera Erreserbako baso naturalik handiena, 1.350 hektarea baititu. Baso horiek araudi garapen zehatza dute, eta hainbat egitasmo ipini izan dituzte martxan hori kontserbatzeko eta berreskuratzeko.

Urdaibaiko bost eremutan aurki daiteke baso mota hori, itsasadarraren bi aldeetan, hain zuzen ere: Atxerrean, Erenozarren, Muruetako Atxan, Ogoñon eta Atxapuntan. Horiez gain, basotxo txiki batzuk ere badaude sakabanatuta.

Sukarrietan dagoen Txatxarramendi uharteko artadia Urdaibaiko artadi multzorik zaharrenetarikoa da. Mendearen hasieran zuhaixka itxura zuela diote, baina, urteak igaro ahala, arteak eta gurbitzak zuhaitz tankera hartu dute, eta eskualdeko ale berezi bihurtu dira.

Gizakiak betidanik erabili izan ditu artadi kantauriarrak ikazkintzarako, abereentzako janarirako eta karearen ekoizpenerako, besteak beste.