Hiru hautagaiak

JON URIARTE

JON URIARTE

Nor da. Deustuko Unibertsitatean enpresa ikasketak egin zituen Jon Uriartek (Bilbo, 1978). Hiru hautagaietan euskaldun bakarra da. Besteak beste, Morgan Stanleyko analista izan zen, Londresen. Etxera bueltan, 2010ean, Ticket-bits ticketing enpresaren sortzaileetakoa izan zen. Sare sozialetan babes handien lortu duen hautagaia da, batez ere, bazkide gazteenen artean izan duelako harrerarik onena.

Bermeak: 6.041.

Proposamenak:

Lezamako lana goraipatu du, baina hobekuntzak behar dituela uste du. Jokalariak gazteagotan erakarri nahi ditu.

Gizonen lehen taldea entrenatzeko Ernesto Valverde nahi du. Carlos Navarro iragarri zuen kirol zuzendari, baina txio batzuengatik kendu egin du; edizo hau ixtean, ez zuen ordezkorik. Sergio Navarroizango da Lezamako arduradun; Xabi Arrieta, andreena.

Athleticen finantza egoerak kezkatzen du, defizita duelako. Diru sarrerak handitu behar direla deritzo, baina jokalariak saltzea saihestu nahi du. Gastua kontrolatu behar dela uste du, eta begionez ikusi du jokalarien soldatak helburuekin lotzea.

Athleticen familia hazi nahi du. Bazkideez eta abonatuez gain, fan direlakoen figura sortu nahi du. 50.000 inguru izango lirateke, eta nolabaiteko partaidetza bat izango lukete. Athleticen egoitza soziala sortu nahi du, partida orduetan San Mamesen haurtzaindegia ireki, eta autobus zerbitzua ipini gauez diren partiduetatik itzultzeko.

RICARDO BARKALA

RIKARDO BARKALA

Nor da. Bilboko Portu Agintaritzako presidentea da Ricardo Barkala (Portugalete, 1955), eta, hautatua izanez gero, karguari eutsiko dio. Merkataritza Ontzidiko kapitain izan da 1974tik 1987ra. 1991n politikara jauzi egin, eta Bilboko Lan Ekintzaren zuzendari izendatu zuen EAJk; 2003tik 2011ra zinegotzi izan zen Bilbon, eta, ondoren, Enplegu eta Ekonomia sailburuorde, Jaurlaritzan.

Bermeak. 4.504.

Proposamenak:

Kanpaina osoan zehar bolo-bolo ibili da gizonen lehen taldea entrenatzeko Mauricio Pochettino ekarri nahi duela. Asteon, ordea, Ernesto Valverderen aldeko apustua egin du, Uriartek legez.

Ainhoa Tirapu izango litzateke emakumeen futbolaren arduraduna. Tirapuk iragarri du bost taldeek emakumezko entrenatzailea izango dutela; lehen taldearena Iraia Iturregi izango litzateke.

Lezama bazkideei eta datozen belaunaldiei gerturatu behar zaiela esan du. Prestakuntza eta hobekuntza joera berriei arrera jarri behar zaiela uste du.

Athleticen egoera ekonomikoari “ona” iritzi dion arren, diru sarrerak handitzea ezinbestekoa dela esan du. Horretarako, San Mamesi, Lezamari eta Ibaiganeri bestelako erabilerak eman nahi dizkie; esaterako, ezkontzak egin nahi ditu Ibaiganen. Legends AEBetako konpainiarekin akordioa egin nahi du.

Klubak 125 urte beteko ditu 2023an, eta horren aitzakian munduko futbolaren erdigune bihurtu gura du Bilbo Barkalak; besteak beste, torneo batekin.

IÑAKI ARETXABALETA

IATHLETIC - IÑAKI ARETXABALETA

Nor da. Gaztetako ametsa du Iñaki Aretxabaletak (Bilbo, 1959) Athleticeko presidente izatea. Enpresa ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean, eta aholkularitza arloan hasi zen lanean. 1990ean, El Mundo del País Vasco argitaratzen zuen enpresako kudeatzaile izan zen lehenengo, eta zuzendari, gero. 1994an El Correo-ko zuzendari izendatu zuten. Ordutik, Vocento taldean dabil ardura postuetan.

Bermeak. 2.987.

Proposamenak:

Marcelino Garcia Torali kontratua berritu behar zitzaiola uste arren, iragarri du Marcelo Bielsa ekarriko duela gizonen lehen taldea prestatzera. Oscar Perarnau izango da kirol zuzendaria.

Emakumeen taldeak Europako lehiara itzuli behar duela esan du. Horretarako Amaia Elgezabal jokalari ohia ipiniko luke arloburu. Joshua Schirmer fitxatuko du metodologiaz arduratzeko. Iraia Iturregik lehen taldearen entrenatzaile izaten jarraitzea nahi du.

Lezama eraldatu nahi du, teknologia berriekin eta prestatzaile “onenekin”. Jokalari bakoitzaren jarraipen pertsonalizatua sustatu nahi du, eta uste du beste talde batzuei uzten zazkien jokalariak optimizatu egin behar direla. Psikologiari garrantzia emango dio, eta Smart Data erabiliko dute erabakiak hartzeko orduan.

Diru sarrerak handitu behar direla azaldu du. Esaterako, One Club Man & One Club Woman sarietarako babeslea lortu nahi du. Amazonekin ituna sinatu du Athleticen balioei buruzko dokumental bat grabatzeko.