Motzean

Bertso eskolatan ibili zinen. Bertsotan ere irakaskuntza aldarrikatzen duzu, ezta? Bertsoa sormenarekin lotzen dut, eta uste dut sormena derrigorrezko irakasgaia izan beharko litzatekeela eskolan. Bertsoak balio du jendaurrekoa lantzeko eta lotsa kentzeko, baita dibertsiorako ere, eta hori garrantzitsua da edozer gauza ikasteko.

Plazetan ere aritu zinen kantuan. Emakume bakarra nintzen. Ate bat izan naiz beste emakumeentzat, eta polita da errekonozimendu hori jasotzea.

Bakarra izateak nola eragiten zizun oholtza gainean? Bertsolaritzak orduak behar ditu, eta nik dedikatzen nion ahal nuen denbora, topera nenbilelako. Bi urtean plazara irten nintzen. Segurtasun faltak mugatzen ninduen, agertokira heldu aurretik asko sufritzen nuen, kostatzen zitzaidan bertsotan hastea. Bukatu ondoren, egurra ematen nion neure buruari.