Akuarioei buruz galdetzen denean, Donostiakoa da Euskal Herrian gehien aipatzen eta ezagutzen dena. Baina horrek ez du esan nahi bakarra denik. Gipuzkoako hiriburuak ez ezik, Bizkaian Getxok ere itsas bizidunei egokitutako paradisu bat baitauka. 2004an ireki zuten, eta 2006an udala egin zen akuarioaren jabe.
Gaur egun 26 arrainontzi dituzte. Sainzek azaldu du zein dituzten apopilo: “Gurean zenbait herrialdetako 300 bat arrain daude, gutxi gorabehera. Baina koralak eta beste hainbat elementu ere badauzkagu”.
Bizidun horiek guztiek egoerarik onenean bizi daitezen arduradunek bi areto egokitu dituzte. Batean, Kantauri itsasoan bizi diren arrainak ikus daitezke: besteak beste, bisiguak, urraburuak, lupiak, itsas krabak, itsas aingirak, itsas sugeak, olagarroak eta marrazoak. Azken horiek joan den urtarrilean lau urte bete zituztela ospatu zuten. Kantauri inguruko arrainen koloretan beltza eta grisa nagusitzen dira. Beste aretoan, tropikoko itsasoetakoak bizi dira. Hala nola itsas otso, itsas zapo, itsas pailazo eta koralak. Koloreei dagokienez, alaiagoak dituzte; laranja, horia eta urdina, batzuk aipatzearren.
Lan ugari
Arrainontzietako bizidunekin sei lagunek egiten dute lan: “Behar ugari”, gainera. “Jendeak uste du gure ardura bakarra animaliei jaten ematea dela, eta eginkizuna hor bukatzen dela”, nabarmendu du zuzendariak. Baina, elikatzeaz gain, funtsezko beste bi gauza egiten dituzte: bizitokiko ura eta argiaren kalitatea zaindu. “Jendea ez da ohartzen itsasoko ura ere landu beharra dagoela bizidunak behar bezala bizi eta ugaldu daitezen”, erantsi du. Izan ere, akuarioak itsasoko ura jasotzen du, eta ur horrek dituen mineral guztiak mantendu behar dira animaliek bizi-kalitate egokia izan dezaten. Argia eta horrek ematen duen beroa da bigarren elementu nagusia. “Ez du argitasun berbera behar itsas azalean edo ur sakonetan bizi den arrain batek. Horregatik, hainbat potentziatako argiontzi ugari ditugu”.
Akuarioaren helburu nagusia jendea, baina haurrak batik bat, animalien beharrei, bizi-baldintzei eta bestelakoei begira heztea da. “Umeek mozkorrek bezala egia esaten dutenez, eurak dira gure bezerorik onenak. Ikusten dutena atsegin badute, jakinaraziko dizute, baita alderantzizkoa ere”, azaldu du zuzendariak. Baina helduei ere garrantzia aitortzen die, nagusiek egindako ekintzek itsasoko bizidunengan eragin eta ondorio nabarmenak baititu. “Ibaian edo itsasoan dagoen harri bat tokiz aldatuta, nahi gabe hil ditzakezu bertan bizi direnak. Eguzkiaren argia jasotzen zuen harri zatia itzalera zigortzen duzu. Gerizpean zegoenak, aldiz, argitasun handia jasoko du”, esan du Sainzek.
Umeak hezteko helburuaz gain badu beste jomuga bat akuarioak: bisitariek animaliak identifikatzen ikastea, haiengana nola gerturatu behar den jakitea eta haiek ikustearekin batera ezagutzea. Nolanahi ere, ezin da arrain horiengana guztiengana modu berean hurbildu. 300 espezie dauden txoko batean arrain arriskutsuak ere egotea ez da harritzeko kontua. Batzuek inguratzen den pertsona pozoitu dezakete; beste batzuek zauriak sor ditzakete. Hozka egin, eta hozka egindako toki hori puztu dezakeenik ere bada; isats aldean duten aiztoaren antzeko babesgarriarekin ebakiak eragin, edo erredura larriak eragin ditzaketen arrain motak dauden bezalaxe. Zuzendariaren iritziz, guztietan arriskutsuena fugu japoniarra da. “Gibela edo pankreasa gaizki garbitua duen bat jaten duen pertsona berehala zenduko da. Horregatik esaten da gaizki garbitutako fugu bakar batek 100 pertsona hil ditzakeela. Horrelakoak saihesteko, jatetxeetako sukaldariek hiru urtez sukaldaritza eskoletan ikasten jarduten dute”.
Badira gizakien osasunean hain eragin kaltegarria eragiten ez duten arrainak, eta gerturatzen denaren bihotza uzkurtzen dutenak ere bai. Horien artean dago, esaterako, itsas pailazoa. Eremu tropikalean bizi da, eta izaera gogorra duen animalia lasaia dela dio zuzendariak. Kutunena, berriz, olagarroa duela dio. “Maitasun berezia diot. Zuk egiten duzun gauza guztiez jabetzen da, interakzio prozesu bat dago. Besteekin, aldiz, ez da hori gertatzen, haiek zuk jaten ematen diezulako soilik ezagutzen zaituzte”.
Etxean jaiotakoek, lau urte
Getxon dauden hiru marrazoek lau urte bete zituzten urtarrilean. “2007ko uda aldean beste akuario batetik haurdun zeuden marrazoak ekarri zizkiguten. Aurten, helduarora iritsita daudenez, ernaltzea eta familia handitzea espero dugu”, dio zuzendariak. Hala, laster Getxon jaiotako bigarren belaunaldia izango dute.
Urtemuga aitzakiatzat hartuta, marrazoei izena jartzeko lehiaketa jarri dute abian. “Animaliak bataiatzeak jendeak hobeto ezagutzea dakar, eta, horrekin batera, gehiago maitatzea”. Horretarako, nahi duen orok gustuko duen izena proposatzea besterik ez du. Gero guztien artean aproposenak hautatuko dituzte.
Itsas bizidun hauek 20.000 bat bisitari izan zituzten iaz, eta kopuruak gora egiten jarraitzen du. Horietako 7.500, ikastoletako neska-mutilak izan ziren. Zuzendariarentzat oso datu pozgarria da hori: “Krisi garaietan erakundeen diru laguntzak asko murrizten dira. Horrek ikastoletan ondorio nabarmenak ditu. Diru sarrera gutxiago dituztenez, toki berriak ezagutzeko zailtasun gehiago dituzte, eta kopurua txikitzea litzateke ohikoena”.
Horiek gutiak horrela, zuzendariak uste du bezeroari, akuario barruan igarotzen dituen 45 minutuetan, gauza liluragarri eta bereziak eskaini behar zaizkiola. Bestela, nekez egingo luke aurrera Getxoko itsas bizidunen paradisuak.